Proleta hegal-pibot kroaziarra Beraza ordezkatzeko

Saskibaloia GBCk iragarri du Betisekin entrenatzen zuen jokalari gaztearen fitxaketa

28.09.2021 | 00:10

Donostia – Acunsa Gipuzkoa Basketek Domagoj Proletaren (Kroazia, 1998) fitxaketa iragarri zuen atzo. 2,07ko altuera duen hegal-pibota denboraldi baterako etorri da taldearen barruko jokoa indartu asmoz, eta talde donostiarrak aurreko astean azaldu zuenez, osasun arazoak medio baja mugagabean izango den Xabi Berazaren lekua hartuko du.

Proletak bere jaioterriko KK Dubrovniken eman zituen lehen urratsak, eta 2013an Real Madrilek fitxatu zuen taldeko gazte-mailan aritzeko; hantxe egin zuen bat NBAko egungo izarretako batekin, Luka Doncic-ekin. Real Madrilen zebilela Euroleague Next Generation txapelketa irabazi zuen, 18 urtez azpikoen lehiaketarik garrantzitsuena.

18 urte zituela, 2016/17 denboraldian hasi zuen bere ibilbide profesionala Espainian, Zilarrezko LEB ligako Ávilako Óbila Club de Basketen, guztira 23 partida jokatuz. Hurrengo urtean Kroaziara itzuli eta KK Zagreben jokatu zuen, partidako 12,1 puntu eta 5,3 erreboteko bataz bestekoak lortuz. Ondorengo denboraldian KK Zabokekin sinatu zuen.

Handik urtebetera Txekiar ligako USK Praha taldera jo zuen, partidako 12,9 puntu eta 3,3 errebote lortuz. Urte horretan bertan Kroaziarekin internazional izan zen, 20 urtez azpikoen Europako txapelketan. Iazko denboraldian Turi Svitavy Txekiarrean egon zen, eta urtarrilean USK Praha taldera itzuli zen, non partidako 14,1 puntuko bataz bestekoa lortu zuen 16 norgehiagokatan, bere kirol ibilbideko markarik onena.

Joan den abuztuan, Real Betisekin hasi zen taldearen entrenamenduak indartzeko. Eta oraintsu iritsi zaio erronka berria; Urrezko LEB ligan GBCri laguntzea.

noticias de noticiasdegipuzkoa