- Alberdi eta Atutxa bikoteak irabazi zuen atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Julen Alberdi -Txikia IV.a- eta Aitzol Atutxa nagusitu ziren Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusian, hau da, Euskal Herriko Txapelketako lehen mailako partaide ohiek antolatutako binakako txapelketan. Garaipena ostiral gauean izan zen, zortzi kanaerdiko, 60 hazbeteko sei enbor eta lau oinbiko, 39 minutu eta 49 segundotan moztuta.

Bigarren sailkatu ziren Iker Vicentek eta Iñaki Azurmendik, irabazleek baino ia minutu bat gehiago behar izan zuten euren lana bukatzeko (40:44). Hirugarren postuan Eneko Otaño eta Ugaitz Mugerza sailkatu ziren (43:44) Mikel Larrañaga eta Jesus Mari Mujikaren (45:09) eta Jon Irazu eta Jon Rekondoren (47:09) aurretik.

Emakumezkoetan Uxue Ansorregi eta Karmele Gisasola izan ziren garaile bi oinbateko eta 45 hazbeteko bi enbor hamabi minutu eta 17 segundotan ebakita. Mendarotarra eta bizkaitarra bigarren izan ziren aurreko pentatloi txapelketan, eta Beatriz Tanco eta Maika Arostegiri (13:05), eta Garazi Arruti eta Julia Martinez segoviarrari (18:06) nagusitu zitzaizkien.

Promozio mailan Julen Kañamaresek eta Asier Pellejerok irabazi zuten, lau kanaerdiko, 60 hazbeteko hiru enbor eta bi oinbiko mozteko lana eginda. Irabazleek azken bi enborretan ziurtatu ahal izan zuten garaipena (20:59). Eneko Saralegi eta Aratz Mugerza izan ziren bigarren (21:45), eta ondoren Zelai IV.a eta Julen Larrea (22:10) eta Arkaitz Jauregi eta Eloy Corchero (22:21).

Banakako txapelketaren finala azaroan izango da.