Maddi Aalla atezaina Super Amarara

Eskubaloia Talde donostiarrak eskaintzen dion "aukera" aprobetxatu nahi du

02.06.2021 | 01:44
Maddi Aalla Bera Berako elastikoa eskuetan duela. Argazkia: Ruben Plaza

Donostia – Super Amara Bera Berak atzo aurkeztu zuen Zuazo taldetik datorren 24 urteko Maddi Aalla atezaina. Bizkaitarra pozik agertu zen atzoko aurkezpenean: "Oso pozik nago. Oso aukera polita da erronka berriak onartzeko, esate baterako Europako lehiaketa. Eta gogotsu nago".

Atezain euskaldunak taldeari ekarpena egiteko gogor lan egingo duela agindu zuen, gainera: "Bera Bera beti goian ibiltzen da eta gogor lan egin beharko dudala jakin arren oso pozik nago". Ez zen batere kikildu bere buruaz hitz egiterakoan: "Atezain nahikoa azkarra eta buruz indartsua naizela uste dut, eta horrek segurtasuna ematen dit atepean".

Talde gipuzkoarran izango dituen helburuak aipatzerakoan, Maddik atzo Bidebietan egindako aurkezpenean adierazi zuenez, "Nire asmoa, atezain gisa hobetzen jarraitzea eta Bera Berari bere helburuak lortzen laguntzea izango da".

FITXAKETA BATEN FALTAN Bestalde, Tati Garmendiak honako hau esan zuen Maddi Aallaren inguruan: "Ez da inor ordezkatzera etorri, atezain postuan bere ekarpena egitera baizik. Gure aurka beti erakustaldi bikainak egin izan ditu eta ea hemen errepikatzen dituen".

Manuela Pizzo eta Renata Arrudaren ordez arituko diren June Loidi eta Maddi Aalla fitxatu ostean, Nekane Teresen hutsunea beteko duen pibote bat falta da: "Aste honetan bertan itxi nahiko genuke datorren denboraldirako taldea. Ez genuen aldaketa gehiegirik egin nahi, eta pozik gaude soilik hiru aldaketa egongo direlako. Fitxaketak ondo egokituko dira eta klubaren filosofiarekin bat egingo dute", adierazi zuen Bera Beraren eskubaloi ataleko arduradunak.

noticias de noticiasdegipuzkoa