- Bera Bera taldea atzo itzuli zen entrenamenduetara Bidebietako kiroldegian, igandean Gascan jokatuko duten derbia prestatzeko (12.10ean, ETB1). Izan ere, jokalari batek covid-19an positibo ematearen ondorioz etxean astebetez konfinatuta egon da eta gainerako jokalariek testetan negatibo eman dute.

Astea elkarrekin lanik egin gabe eman arren - etxerako agindutako lan fisikoa izan ezik -, Imanol Álvarezek ez du ohiko prozedura aldatu; taldeak sei saio tekniko-taktiko egingo ditu eta fisiko bakarra, baita hiru bideo-ikustaldi ere. Hamargarren jardunaldiko partida atzeratuan atzo Lasesarren Lanzarote Ciudad de Arreciferen aurka jokatu zuen BM Zuazo izango du igandean arerio.

Bestalde, Super Amarak ezarritako egutegian jokatuko ditu honako partida hauek: igandeko derbia, eta martxoaren 6ko partida Valladoliden; atzeratutako partidak berriz, martxoaren 11n, Santanderren, eta martxoaren 13an, Gascan, Lanzarote Puerto del Carmen taldearen aurka.

Joan den asteburuan Gijonek Balonmano Salud Teneriferen aurka lortutako garaipenarekin, argituta geratu da Guerreras Iberdrola Ligako B multzoa. Alegia, Bera Berak dagoeneko badaki nortzuk izango dituen aurkari bigarren fasean: Granollers, Rocasa, Elx eta Gijon. Talde horien kontra jokatu beharko du etxean zein kanpoan, eta donostiarrek martxoaren 27an ekingo diote titulua eskuratzeko fase horri Josean Gascan, B multzoko laugarren sailkatuaren aurka.

A multzoan, matematikoki tituluaren lehiarako txartela lortu duten hiru talde daude: Super Amara, Guardes eta Malaga; Aula Valladolidek, berriz, nahikoa bideratuta dauka Zuazori eta Cicar Lanzaroteri aurrea hartu dienez.

Bigarren fase horri begira, partiden ordena eta talde bakoitzak eramango dituen puntuak zehaztea falta da. Bai liga titulua eta baita Europako postuak ere, bigarren zati honetan parte hartzen duten zazpi taldeen aurkako norgehiagoketan lortutako puntuen arabera erabakiko dira. Bera Berak bederatzi puntu ziurtatuta ditu; Guardesen aurka lortutako laurak, Malagaren aurka lortutako hirurak eta Aula edo Zuazoren aurka lortutako biak. Oraindik beste bi puntu ere baditu jokoan, 11 puntuko helburua lor-tzeko (12 izan zitezkeen gehienez).

Super Amara. 9 puntu (4, Guardes; 3, Málaga; 2, Aula). 2ren faltan: Aula kanpoan.

Guardés. 4 puntu (4 Aula). 4ren faltan, Málagaren aurka, etxean eta kanpoan.

Málaga. 3 puntu (2, Aula; eta 1, Super Amara). 6ren faltan: Guardés, 4; eta 2, Aula kanpoan.

Aula Valladolid. 0 puntu. 4ren faltan: etxean, Málaga eta Super Amara.

Granollers. 5 puntu (2, Elx; 2, Gijón; 1, Rocasa). 2ren faltan: Rocasa, kanpoan.

Rocasa. 5 puntu (2, Elx; 2, Gijón; 1, Granollers). 6ren faltan: Elx eta Granollers etxean; Gijón kanpoan.

Elx. 4 puntu (2, Gijón; 2, Granollers). 4ren faltan: Rocasa kanpoan; Gijón etxean.

Gijón. 2 puntu (Granollers). 4ren faltan: Rocasa etxean; Elx kanpoan.