- Nere Eizagirrek sartutako bi golek hiru puntuak eman zizkion Errealari atzo Rayo Vallecanoren aurkako partidan. Reala hasieratik amaierara arte nagusi izan zen, eta Nereak argi erakutsi zuen oso sasoi onean dagoela.

Hamar partida jokatuta, garaipen honekin Realak sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzen du, hirugarren den Bartzelonak adina puntu pilatuta (Atletico Madril ere berdinduta dute), eta Tenerifeko Granadilla liderrarengandik bi puntura (gogoratu beharreko da, jokatutako partida guztiak irabazi dituen talde kataluniarrak, hiru partida gutxiago jokatu dituela).

Txuri-urdinak nagusi izan ziren lehen zatian. Partida ikusgarri hasi zuten, eta aurkariak ia ezin izan zuen bere zelaitik irten ere. Konturatzerako, Barbarak atzera egindako pase bat area barruan errematatu eta aurretik zen Reala Nerearen jaurtiketari esker. Realeko neskek bigarrenaren bila jarraitu zuten, eta lortzeko zorian ere izan ziren, Barbararen jaurtiketa ozta-ozta joan baitzen kanpora.

Lehen zatiko azken aukeran Nerearen jaurtiketak langan jo zuen. Hura ia erabakigarria izango zen, baina bigarrenean ere jo eta su jarraitu behar izan zuten. Madrildarrak apenas hurbildu ziren Mariasun Quiñonesen atera, korner batzuk jarraian atera zituzten, baina aukera argirik sortu gabe.

Bigarren zatia hasi eta berehala izan zuen Franssik bere oinetan bigarrena sartzeko abagunea, baina atezainak ongi saihestu zuen. Eta hainbeste saiatu ondoren, halako batean iritsi zen lasaitasunaren gola, berriro ere Nereari esker. Ostikada bikaina eman zion areatik kanpo, ez zegoen hura geldituko zuenik. Partida ia erabakita zegoela, txuri-urdinek erosoago jokatu zuten azken minutuetan, eta markagailuan aldea handitzeko aukerak ere izan zituzten.

Beraz, Realaren bigarren garaipena jarraian eta laugarrena bost partidatan. Datorren igandean Sevillari egingo dio bisita bolada onarekin jarraitzeko asmoz.

Eizagirrek sartutako Realaren azken hiru golek sei puntu eman dizkiote taldeari, sailkapenaren tontorrera hurbilduz

REAL SOCIEDAD Quiñones, Lucia, Tejada, N. Mendoza, Nuria R., Maitane (Itxaso, 66. min), L. Baños (Gemma, 80. min), Barbara (Palacios, 66. min), N. Eizagirre (Cecilia, 72. min), Franssi (Manu, 80. min) eta Nahikari.

RAYO VALLECANO Larque, Hayden, Andújar, Ponciano (Freitas, 85. min), Bravo (S. Garcia, 77. min), Morató (De Teresa, 66. min), Flores, C. Sánchez, Catalá, Aedo (P. Fernández, 77. min) eta Struck (Bulatovic, 66. min).

Golak 1-0, 8. min: N. Eizagirre. 2-0, 68. min: N. Eizagirre.

Epailea Fernández Ceferino. Txartel horiak: Maitane eta Nuria.

Jazoerak Rayo Vallecanok denboraldi hasieran izandako covid kasuengatik emakumezkoen Lehen Mailako lehen jardunaldian atzeratutako partida.