Eibarrek hiru puntuak eskuratu zituen atzo Sevillaren zelaian (0-1) Iberdrola Ligako zazpigarren jardunaldian, etxetik kanpoko bolada onari jarraipena emanda. Thembik partidako 86. minutuan sartutako golari esker lortu zituen hiru puntu garrantzitsu horiek Iker Dorronsororen taldeak.

Partidan emozioa eta borroka izan ziren nagusi azkeneraino. Armaginak oso kontzentratuta zelairatu ziren eta lehen zati bikaina jokatu zuten, gol aukerak sortuz eta defentsan ere segurtasun handia erakutsiz.

Dorronsororen neskak Sevillaren jokoa indargabetzen saiatu ziren, gero erasoan ezustean harrapatzeko asmoz; ez zuten ordea, amaierara arte lortu.

Markagailua berdinduta amaitu zen lehen zatia. Bigarren zatian, armaginek sendo jarraitu zuten defentsan, eta golaren bila ere saiatu ziren. Baita lortu ere, 86. minutuan, kontraeraso bikain bat Thembik dotore amaituta. Gauzak horrela, Eibarrek hiru puntu lortu ditu, hamaikagarren kokatu da, eta jaitsiera postuekiko bost puntuko errenta polita dauka.

SEVILLA Noelia Ramos, Lucía, Nagore, Pina (Coleman, 57. min) Raquel Pinel, Virgy, Payne (Ana Franco, 73. min), Aivi, Bores (Carla, 73. min), Almudena eta Inma.

EIBAR Noelia Garcia, Ana Perez, Queralt, Llompart, Altonaga (Yonei, 72. min), Miriam Rodriguez (Sara Navarro, 72. min), Ruth (Sheila, 58. min), Carla Morera, Adule (Thembi, 58. min), Arola Aparicio (Ganchegui, 78. min) eta Jujuba.

Gola 0-1, 87. min: Thembi.

Epailea Ainara Andrea Acevedo (Kataluniako Batzordekoa). Txartel horia Eibarko Ruth Alvarezi.

Jazoerak Zazpigarren jardunaldian atzeratutako partida, Sevillan jokatua.