- COVID-19aren osasun-krisiak eragindako "aparteko egoerak" aurrekontuak berrikustera bultzatu duen arren toki askotan, Basque Team Fundazioak 2020an beka jaso zuten kirolarientzako laguntzak bere horretan mantenduko dira 2021ean. Aurrekontua 921.750 eurokoa izango da, eta Tokio 2021 eta Beijing 2022ko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak helburu nagusi izanik.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Maialen Chourraut piraguista eta Aritz Aranburu surflaria lagun zituela aurkeztu zuen atzo Euskadiko Artxibategi Historikoan, Basque Teamek urtero ematen dituen beken inguruan Eusko Jaurlaritzak 2021erako duen egitasmoa.

Basque Team Fundazioak hainbat laguntza eta beka eman ditu duela hamarkada bat baino gehiagotik hona, mundu mailako nazioarteko kirol-lehiaketa garrantzitsuenetan euskal kirolarien prestakuntza eta parte-hartzea sustatzeko, bereziki, programa olinpikoan eta paralinpikoan parte hartzen dutenetan. Beka horiek urtero ematen dira, aurreko denboraldian eskaera egindako kirolarien emaitzak kontuan hartuta.

2021eko beken kasuan, 2020an egindako kirol-jarduerak COVID-19aren osasun-krisiak nabarmen baldintzatu ditu, eta nazioarteko kirol-lehiaketak egiteko aukerak "ezerezean edo oso eskastuta" geratu dira. Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak ere bertan behera geratu dira, 2021era atzeratuz, aurkezpenean adierazi zutenez.

Egoera horren aurrean, eta kirolariak "babesteko oinarrizko irizpidea" kontuan hartuta, ezinbestekotzat jo da, 2020an egindako nazioarteko lehiaketa bakanetan lortutako emaitzak ebaluatzeaz gain, aurreko urtean edo ekitaldian onuradun izan ziren pertsonentzako 2021erako laguntza berberak mantentzea.

Gainera, 2020an atzeraeraginezko bekak jaso eta merituak frogatzeko lehiaketarik izan ez duten kirolariek ere beka osoa jasoko dute 2021ean, salbuespenezko neurri gisa.

Basque Team bekak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntzen planaren barruan sartzen dira, eta lagun-tza horietarako dagokion aurrekontu-kreditua aurreikusita dago. Beken modalitate guztiak kontuan hartuta (kirolariak, Atzeraeraginezkoak, Support), sariak, eta teknikarientzako laguntzak, guztira 921.750 euro inbertituko dira.

Bingen Zupiriak azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzak "kirolaren, goi mailako kirolaren eta Basque Team Fundazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, aurten jasaten ari garen zailtasun guztiak gorabehera".

Maialen Chourraut Lasarte-Oriako txapeldun olinpikoa, Fundazioak hasieratik bekadun izan duen kirolarietako bat da, eta oso eskertuta agertu zen, eta erabaki honekin aurrean dituzten "hitzordu garrantzitsuak lantzeko eta prestatzeko" aukera izango dutela esan zuen, "ziurgabetasunez beteriko garai hauetan".

"Oso kontziente gara, momentu delikatu honetan diru publikoaren laguntza jasotzen ari garela, eta ahalegin guztiak egin behar ditugula guregan inbertitutako guztia gizarteari itzultzeko", gaineratu du Aritz Aranburu surflari zarauztarrak.

"Oso kontziente gara, une delikatu hauetan diru publikoaren laguntza jasotzen ari garela"

Surflaria

"Gobernuak goi mailako kirolaren eta Basque Teamen aldeko apustua egiten jarraitzen du"

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea

"Erabaki horrek hitzordu garrantzitsuak prestatzeko eta lasai lan egiteko aukera emango digu"

Piraguista