- Eibarreko entrenatzaile den Jose Luis Mendilibarrek, Sevillaren "talde lana" azpimarratu zuen atzo, Ligako zazpigarren jardunaldian aurkari izango duen taldea. "Jokalari guztiek batera jokatzen dute defentsan, zelai erdian eta aurrealdean", aitortu zuen bizkaitarrak.

"Normalean erasoan hegaletatik asko jokatzen dute; eskuinaldetik batez ere Navasekin, eta ezkerretik Ocamposekin, Acuñarekin edo Escuderorekin", azaldu zuen entrenatzaileak.

Mendilibarrek Sevillaren jokamoldea ere baloratu zuen, bereziki "nola iristen diren"; izan ere, "badirudi jokalari bakarra izaten dutela goian, baina gero kanpoaldeko jendea eta zelai erdikoak iristen dira eta aukera asko izaten dituzte".

Entrenatzaileak ez du uste, astean zehar Chelsea-ren aurka Txapeldunen Ligan jokatu duen partida an-tzemango duenik Sevillak. "Plantilla luzea dute, eta normalean, zer denboraldi datorkizun ikusita, badakizu igandean eta asteazkenean jokatuko duzula, edo igandean eta asteartean, eta taldea horretarako egituratu behar duzu", esan du entrenatzaile gorri-urdinak.

Larunbatean Sanchez Pizjuanen jokatuko den partidari berme osoz aurre egiteko, Mendilibarrek uste du Eibarrek leial izan beharko duela bere jokamoldearekiko, "kikiltzen" bada eta Sevillakoek egiten dutenaren "zain" badago, "sufritu" egingo duelako.

"Min pixka bat egin edo susto bat emateko gai izaten bagara, euren joko estiloa aldatzera behartuko ditugu", esan du Zaldibarko entrenatzaileak.

Sevillak utzita dituen bi jokalariak, Alejandro Pozo eta Bryan Gil, joka-tzeko prest izango ditu norgehiagoka honetarako, eta haientzat partida berezia izango dela uste du.

"Gurekin jokatuko duten bigarren partida izango da, eta lehena Sevillaren aurka; eta agian azkarregi dator, denbora gutxi baitaramate hemen. Etorkizunean haiekin jolastu ahal izateko moduan daudela erakutsi nahiko dute. Egia esan, ondo entrenatu dute aste honetan, eta baita joan den astean ere; gustura daude gurekin ", gaineratu du. Halaber, bi jokalariek Eibarri "zerbait ezberdina" emango diotela uste du, "ez genuen zerbait, eta Sevillan jokatzea ondo etorriko zaie".

Bestalde, talde gipuzkoarrak jakinarazi duenez, eskuineko koadrizepsean mina duen Pedro Bigas, eta bizkar eta gerri arteko traumatismoa sendatzen dabilen Jose Luis Recio, baja izango dira datorren larunbateko Sevillaren aurkako partidarako. Beraz, otsailera arte baja izango den Coterekin bat egin dute lesionatuen zerrendan.

Mendilibarrek, aldiz, bi jokalari berreskuratuko ditu partida honetarako: Osasunaren aurkakoan baja izan zen Edu Expósito, eta Pape Diop, denboraldi honetan bigarren aldiz zigortuta egon ostean.