- Jaime Echenique pibot kolonbiarra taldeko erreferente nagusia dela baieztatzearekin batera iritsi zen Acunsa Gipuzkoa Basketen denboraldiko lehen garaipena. 29 puntu eskuratuta, Endesa Ligan bera izan da asteburu honetan baloraziorik altuena lortu duen jokalaria.

ACBk berak aitortzen zuen bere webgunean Jaime Echenique (2,11) zela oraingoz denboraldiko ustekaberik aipagarriena. Kontuan izanik, gainera, bere taldeak hiru partida baino ez dituela jokatu, eta zenbaki bikain horiek lortu zituen Casademont Zaragozaren aurka partidan ere, minutuen erdiak baino ez zituela jokatu.

Bere lan bikaina ez zen ezustekoa izan, aurreko jardunaldian ere, Hereda San Pablo Burgosen aurka, taldeko jokalaririk onena izan baitzen, 18 puntu eta 19ko balorazioarekin.

Orduan ere 23 minutu besterik ez zituen jokatu, Marcelo Nicola entrenatzaileak Europako liga handi honetara behar bezala egokitzeko prestatu dion prozesuaren baitan.

Aurrez, kalitate handiko zertzeladak erakutsi zituen Real Madrilen aurka galdutako partidan ere; Espainiako txapelketan debuta egin zuen zurien aurkako norgehiagokan, eta 10 puntu lortu zituen, taldeko hirugarren saskiratzailerik onena izanik.

Dirudienez, gipuzkoarrek orain hiru urte Henk Norel pibot holandarrarekin izandako barneko joko boteretsua berreskuratu dute Jaime Echeniquerekin, eta puntuak batzeko itxaropenarekin abiatuko dira Santiagora, datorren larunbatean Monbus Obradoiroren aurka garaipena lortu asmoz.

Gipuzkoarrek Bartzelonaren kontra jokatuko dute beraien hurrengo partida, hilaren 20an. Izan ere, Acunsa Gipuzkoa Basketek eta kataluniarrek duela bi aste jokatu behar zuten norgehiagoka atzeratu zen Bartzelonako taldean agertutako COVID-19 kasuen ondorioz.