Bera Berak emakumezkoen Europako bigarren txapelketan hartuko du parte


10.07.2020 | 00:50

Donostia – Bera Bera eskubaloi taldeak, EHF Cup ordezkatuko duen EHL, European Handball League 2020-21 txapelketan izena eman du, Guerreras Iberdrola Ligako egungo txapelduna den aldetik. Europako Federazioak lehiaketak birmoldatzeari ekingo dio denboraldi honetatik aurrera.

Super Amarak eta izena eman duten gainerako taldeek uztailaren 21ean jakingo dute behin betiko zerrenda eta lehiaketa koadroa; zozketa berriz, uztailaren 28an izango da Vienan.

Aipatutako aldaketa horien ondorioz, talde donostiarrak ez du aukerarik izan Champions League-n izena eman eta kalifikazio faseetako bat jokatzeko, EHFk aukera hori baztertu egin baitzuen. Beraz, 15.000 euroko fidantza ordaindu ondoren, Bera Bera taldeak emakumezkoen Europako bigarren txapelketan parte hartuko du. Ziurrenik Guerreras Iberdrola Ligako ordezkari bakarra izango da lehiaketa honetan, EHLn parte hartzeko aukera zuen Elx taldeak, Women's EHF Cupen izena ematea erabaki baitu.

European Handball League berriak ez du Champions League-arekin inolako loturarik izango. Hau da, aurreko edizioetan Championseko multzoen faseko laugarren sailkatua EHF Cupeko multzoen fasera pasatzen zen, baina Federazioak lotura hori kendu egin du, bi lehiaketak independente bihurtuz. Inolaz ere, maila handiko txapelketa izango da, ranking handieneko ligetatik –Hungaria eta Errusia– hainbat taldek parte hartuko baitute, eta Errumania, Danimarka, Frantzia eta Alemaniatik bina, –Championsen bigarren talde bat sartu dutelarik–. Besteak beste, Norvegiako hiru talde eta Suediako beste bi ere izatea espero da.