- Nicolas Bonanno ezker hegaleko argentinarra (Marcos Paz, Buenos Aires, 1991) Bidasoa Kirol Elkarteko jokalari berria da aurreakordioa lortu ostean.

Aurre-akordio hori datorren denboraldirako izango da, eta behin jokalariak azterketa medikoa gainditura sinatuko da, klubak ohar batean jakinarazi duenez.

Fraikin Granollerstik datorren jokalariak 1,99 metroko altuera du eta 99 kilo pisatzen ditu. 2016an etorri zen Asobal ligara; orduan, Bada Huescarekin fitxatu zuen eta hiru denboraldi egin zituen Aragoiko taldean.

Ligan jokatu dituen 95 partidatan 129 gol sartu ditu Argentinakoak. Selekzioarekin berriz, azken bi urteetan 30 bat partida jokatu ditu eta Panamerikar Jokoetako (2019) urrezko domina eskuratu zuen, baita 2018ko Panamerikar Txapelketakoa ere.

Jacobo Cuetara Bidasoa-Iruneko entrenatzailearen ustez, "Bonannok oreka handia ekarriko dio taldeari, jaurtiketa bidez eraso egiteko gauza baita, jokalari segurua, eta defentsa lanean nabarmentzen dena".

"Defentsaren erdigunean espezialista da, ez du parekorik Argentinako selekzioan, eta bere jokatzeko modua oso ondo egokituko zaio gure joko sistemari", gaineratu du entrenatzaile asturiarrak.

Bere ustez, Bonannoren "ezaugarri defentsiboak eta bertuteak bat etorriko dira gure defentsa-estiloarekin. Errendimendu handia eman diezaguke jokoaren bi faseetan: defentsan zer esanik ez bere espezialitatea horixe baita, eta erasoan dituen bertuteak ere oso baliagarriak izan daitezke gure jokorako".

Nicolas Bonanno datorren denboraldirako hirugarren fitxaketa izango da, Julen Aginagalde eta Dan-Emil Racotea heldu ostean.

"Defentsaren erdigunean espezialista da eta Argentinako selekzioan ez du aurkaririk bere postuan"

Bidasoa-Irun taldeko entrenatzailea