Pertsona bati, lanera eramaten zuen termoa lapurtu omen diote eta lapurrari X-an jarri dion mezua birala bilakatu da. Kontuz ibiltzeko idatzi dio, Covid froga egin eta positibo eman duela eta.

Langileen arteko harremanak eta harremanak daude. Eta gertakariak irakurtzeko eta bizitzeko moduak eta moduak. Termoa lapurtu dioten pertsona honek aditzera eman du, orain, lankide guztiak zaizkiola susmagarri.

Gertakari honen berri izatean, niri gertatutako zerbait etorri zait burura. Nire lan berrian izan zen. Bizpahiru egun besterik ez neramatzan. Eta, ostirala heldu zenean, officean non ikusten ditut kruasanak. Hau lan lekua hau, pentsatu nuen neure baitan, ostiraletan kruasanak jartzen dituztela. Inozoa lirudike baina nire zortearen emozioz gainezka, kruasanetako bati adarra jan nion. Aitortu behar dut ez naizela oso gozo zalea eta are gutxiago kruasan zalea. Kruasanaren osagaietako batek kalte egiten baitit. Baina lanlekuan eskaintzen zitzaidan luxu hura eskertu behar zela pentsatuta, kolpe egin nion adarrari. Handik minutu gutxira, lankideetako batek ea nor izan zen galdetu zuen ahots goran, haserre bizian. Berehala konturatu nintzen egindako hanka sartzeaz. Eta barkatzeko eskatu nuen guztien aurrean, berria izaki, guztiontzako zirela pentsatu nuela. Haserre aurpegia mudatu eta berriei egiten zieten txantxa zela esanez lasaitu ninduen. Bazkari orduan argitu zidan beste lankide batek, ordea, guztien artean jartzen zutela botea, ostiraletan hamarretakoa egiteko. Beraz, ez zen inolako txantxa izan. Lotsa-gorritzetik askatu ninduen haserrea bistarazi zuen lankideak. Gaur oraindik gogoan dut eta eskertzen diot.

Termoaren kontu honetan, nik areago pentsatuko nuke termoa hartu duen lankide horrek, kafea behar zuela. Beharrari ezin izan ziola eutsi. Eta bekatu egin ostean, ezin izan ziola jabeari kafea hartu zionik aitortu. Termoa, X-an jarritako mezuaren ostean, ez da agertuko. Jabeak ez baitio balizko lapurrari inolako aukerarik utzi

Ze pena! Termoak baino askoz balio handiagoa duen zerbait galdu baitu, eta ez da konturatu.