Zegama-Aizkorririk jendetsuena

11.300 korrikalaritik gora mendiko proba mitikoaren lasterketa birtualean

21.05.2020 | 01:25
Iazko probaren irudi bat.

Donostia – Mendi-lasterketen ingurumarian jakina da errazagoa dela loterian milaka euro batzuk tokatzea Zegama-Aizkorrin parte hartzeko dortsal bat baino. Igande honetan, maiatzaren 24an ospa-tzekoa zen aurtengo ediziorako, 12.500 korrikalari baino gehiagok eman zuten izena. Eta ohiko 225 dortsal baino ez zeuden, otsailean zozketa bidez esleitu zirenak. Baina arrainen eta ogien mirarian bezala, pandemiaren ondorioz proba eteteak dortsalak ugaltzea ekarri du. Antolatzaileek, Salomon babesle nagusiarekin batera, joan den ostiralean hasi eta igande honetan amaituko den lasterketa birtuala jarri baitute martxan. 11.300 pertsonatik gora ari dira lasterka, edo lasterka egin dute dagoeneko, batzuk hasi eta bukatu, eta beste batzuk pixkanaka, oso mekanika erraza lagun. Parte hartzeko Zegamako webgunean edota Salomonenean sartu behar da, izena eman eta dortsala deskargatu. Parte-hartzaile bakoitzak 42 kilometro egin behar ditu, ordutegi eta egun mugarik gabe. Egun bakar batean edo gehiagotan egin daiteke, oinez ala korrika, mendian, asfalto gainean nahiz hondartzan. Ez dago zertan desnibela pilatu beharrik ere. Behin irteera egin ondoren, parte-hartzaile bakoitzaren profilean dagoen Nire Jarduerak-Mis Entrenamientos izeneko atalera igo behar da entrenamendua. Eta kilometroak gehitzen joango dira. Ibilbidea amaitutakoan, korrikalari bakoitzak oroimenezko diploma deskargatu ahal izango du, eta Instagrameko horman #ZegamaDesdeCasa traolarekin partekatzen badu, eta @salomon.spain eta @zegamaaizkorri kontuak jarraitzen baditu, 2021.urteko Zegama-Aizkorrirako dortsal baten zozketan parte hartuko du.

Oraingoz, atzo arte 2.072 parte-hartzailek amaitua zuten proba. Izena eman dutenen artean korrikalari entzutetsuak daude, besteak beste Maite Maiora, Aritz Egea, Stian Angermund norvegiarra, Jan Margarit, Eli Gordon, Ainhoa Sanz, Andreu Simon, Pablo Vila, Ohiana Kortazar, Zigor Iturrieta, Dakota Jones eta Meg Mackenzie. Beste hainbat izen ezagun ere badaude, esate baterako, Mikel Erentxun abeslaria (orain urte batzuk lasterketa amaitzea lortu zuena) eta Javi Bermejo jauzilari olinpikoa.

Zegama-Aizkorri lasterketa, gainera, etxetik gero eta gertuago baitago. Eta ez bakarrik lasterketa modu birtualean egin daitekeelako. Hilabete batzuetatik hona, ibilbide osoa ordenagailu baten pantailatik jarrai daiteke, Salomonek ibilbide osoa grabatu baitzuen Street View teknologiaren bitartez. Klik egitea nahikoa da ibilbide osoa ezagutzeko, urratsez urrats, etxetik mugitu ere egin gabe. Proiektuaren sustatzaileek hiru aldiz egin zuten ibilbide guztia oinez, korrika eta baita bizikleta elektrikoan ere, irudiak grabatu eta Google Street View-n zintzilika-tzeko.

Lasterketa birtualean, lasterketaren ikurretako bat den ikusleen berotasuna ere "sentitu" ahal dute parte-hartzaileek. Izan ere, puntu esanguratsu batera (Otzaurte, Aratz, San Adrian, Sancti Spiritu, Aizkorri, Andraitz edo Urbia) iritsi ahala, domina itxurako ikono bat jasotzen dute, ibilbidearen gune horretara iritsi direnaren erakusgarri. Alegia, 16 kilometro darama-tzatenean, adibidez, ikono horri esker, "jakin badakite" Aratzera iritsi direla; eta 25. kilometroan, berriz, Urbiako zelaien irudia agertuko zaie. Eta baten batek errepikatu nahi izanez gero, hori ere egin daiteke.

Izena eman dutenen artean korrikalari entzutetsuak daude, besteak beste Maite Maiora, Aritz Egea, Ainhoa Sanz edo Ohiana Kortazar