20 urte baino ez dituen arren, Armand Duplantis jauzilari beteranoa da pertikarekin: zazpi urte zituenetik hurbil izan ditu bere adineko munduko markarik onenak .

Bere haurtzaro samurrenetik hasita Mondo Duplantis sekulako erraztasunez jauzi egiten agertzen den bideo bat ikusgai dago YouTuben. Bere aitak, Greg Duplantis pertika jauzilari estatubatuarrak, 5,80 metroko altuera gainditzea erdietsi zuen; eta semeari oso txikitatik piztu zion zaletasuna. Sei urterekin 1,67 metro gainditzeko gauza izan zen.

Hain adin txikietan mundu mailako estatistikak ez dira guztiz zorro-tzak izaten, baina adituen arabera, Mondo Duplantisen adinaren araberako lehen marka unibertsala, zazpi urterekin erdietsi zuen 2,33 metro gainditu zituenean. Hortik aurrera, beste hainbat ere lortu zituen: zortzi urterekin, 2,89 egin zuen jauzi; bederatzirekin, 3,20; hamarrekin, 3,86; hamaikarekin, 3,91; eta hamabirekin, 3,97 pista estalian.

13 urte eta 16 urte bitartean bere markak ez ziren adinaren araberako munduko errekorrak izan, baina 4,15 metrotik 5,90era igotzea erdietsi zuen. Eta 18 urterekin adin nagusitasuna eskuratu ahala, sei metroetako klubeko kiderik gazteena bilakatu zen, Berlinen 2018an Europako txapela jantzi zuelarik 6,05eko jauzia eginda. 19 urte zituela berriro gainditu zuen sei metroko muga (6,00), eta munduko txapeldunorde absolutua izan zen.

2020. urtea hasi baino ez da egin, eta 20 urte dituelarik, Renaud Lavillenie frantziarrari munduko pertika-markarik onena izatearen lekua kendu dio. World Athletics-ek jakinarazi duenez, larunbate'an, goizean goiz gosaltzen ari zela mezu bat jaso omen zuen: "Egun ona izan dezazula, baina ez onegia".

Lavilleniek idatzi zion mezua. Dirudienez, lau egun aurretik Mondok Alemaniako Düsseldorf hirian eskainitako erakustaldia ikusi zuen, eta usaina hartu zion, berak orain sei urte Donetsken (Ukraina, berak apurtutako markaren jabe zen Sergey Bubkaren jaioterrian) 6,16ko jauzia eginda lortutako munduko errekorra erortzeko zorian zegoela.

Marka berria eskuratu ahala Duplantisek Lavillenie goretsi nahi izan zuen, haurtzarotik hura izan baitu eredutzat. "Izugarri harro nago haren marka oinordetzan jaso izanagatik, urte guztiotan sekulako babesa eta laguntasuna eskaini baitit", aitortu zuen.

1999ko azaroaren 10ean Lafayetten (Louisiana, AEB) jaio arren suediar nazionalitatea duen Armand Duplantisek ez du nolanahiko ahalmen genetikoa. Eta ez aitaren aldetik bakarrik. Bere ama, Helena ere, heptatleta eta boleibol jokalaria izan baitzen. Ez da beraz, harritzekoa, berak aitortu duenez, munduko errekor absolutua gainditzea helburu gisa izatea haurra zenetik.

"Hiruzpalau urte nituenetik, jomuga horixe nuen: munduko errekorra hautsi nahi nuen. Egia esan, irabazi daitezkeen domina guztiak irabazi nahi zituen; baina lehentasunezko helburua, xede nagusia, munduko errekorra haustea zen ", esan zuen Mondok Torungo Copernicus Kopan bere balentria erdietsi ondoren.

Kirol mundu guztiak, eta atletismoak bereziki, ohoratu egin du Duplantis. Hain zuzen ere, zorion-tzen aurrenekotakoa Sergey Bubka ukrainarra izan zen. "Lan zoragarria! Zorionak Armandi eta bere familiari. Atletismoarentzat bikaina da halako talentua izatea. Zorte on! Segi gora eta gora! ", adierazi zuen pertikaren tsarrak bere sare sozialetan.