- Reala B-ren "posiziozko" futbola goraipatu du Garitanok partidetan nagusi izatea ahalbidetzen dielako. Prentsaurrean esan zuen, bere Eibarrek Sanseren aurka jolastu baino lehen Ligako partidan.

Eibarreko entrenatzaileak prentsaurrekoan azaldu zuenez, bere taldearentzat oso garrantzitsua izango litzateke bigarren itzulia derbi gipuzkoarrean garaipen batekin hastea, igoera zuzeneko postuetan mantentzeko.

"Lehen itzulia oso ondo amaitu genuen, Las Palmasen eta Kopan Tenerifen irabazita. Sei hilabete oso onak egin ditugu, eta orain bigarren itzulia aurrekoa bezain ona edo hobea egitea tokatzen zaigu, gauden tokian jarraitzeko. Bigarren itzuliko lehen partida izango da, eta beti izaten da garrantzitsua ondo hastea".

Derioko entrenatzaileak ondo ezagutzen du txuri-urdinen bigarren taldea: "Badakigu nola jokatzen duten, posiziozko futbol bikaina egiten dute. Askotan lortzen dute nagusi izatea, azken partidak ikusi besterik ez dago. Teneriferen aurka nabarmen gailendu ziren. Area inguruan asmatzea falta zaie, baina gainerako jokoan menderatu eta txiki egiten zaituzte, ez baita erraza eurei baloia kentzea".

Defentsan estu hartu eta baloia lapurtzen saiatuko omen dira. "Partidan zehar fase desberdinak egongo dira. Eurak baloiarekin nagusitu egingo zaizkigu askotan, eta guk ondo defendatu beharko dugu; baloia lapurtzen saiatu, eroso egon ez daitezen".

Talde biek covidak eragindako baja asko izango dituzten arren, hori klub guztietan gertatzen dela esan zuen Garitanok, eta egoera horretara egokitzeko gauza izan beharko dutela lehen taldeko jokalariekin hamaikakoa osatu ahal izateko: "Egungo egoera kontuan izanik, egokitzeko gaitasuna oso garrantzitsua izango da. Jokalariak noiznahi galtzen dituzu, ez dago jakiterik lehen taldeko jokalariekin hamaikakoa osatu ahal izango duzun... Talde guztiak antzera gaude, denok ditugu covid kasu ugari.