- Aitor Zulaika Real Unioneko entrenatzaile izango da beste urtebetez, 2023ko ekainaren 30era arte, azpeitiarrak eta talde irundarrak akordioa hitzartu baitute. Irunen bere bigarren aroari ekin zion aurreko udan Zulaikak, eta Real Union RFEFen Lehen Maila berrira igotzea lortu zuen, hamalau garaipen, hiru berdinketa eta bederatzi porroteko balantzearekin.

Bere kontratu luzapenaz hauxe esan zuen Zulaikak: "Oso pozik nago etapa berri batean murgildu den klub historiko bateko kide izateaz. Gainera, proiektu honen parte izateak erabat asetzen nau. Eskerrak eman nahi dizkiet administrazio-kontseilu berriari eta klubeko kideei etengabe eskaintzen diguten laguntzagatik. Eta, azkenik aipatu nahiko nuke, oso harro gaudela Galen partida egunetan sortzen den giroarekin".

Euren arteko lotura horri dagokionez, talde txuri-beltzeko presidente Igor Emeryk honakoa esan zuen: "Lagun Onaken hasi zenetik etengabeko hazkunde eta ikaskuntza prozesua bizi izan duen entrenatzailea da Aitor. Gainera, oso ondo ezagutzen du Real Union, eta gure klubarekin oso identifikatuta dagoela erakutsi izan du, bai bere lehen etapan zein bigarrengoan. Egunerokoan lanerako transmititzen duen autoexijentziari eta grinari, egundaino klubean lortutako emaitzak batuz gero, nahikoa arrazoi iruditu zaizkigu berarengan dugun konfiantza hitzarmen honekin indartzeko. Oso pozik gaude, Real Unionentzat nahi dugun exijentzia eta hobekuntza ildo honetan elkarren eskutik jarraitzearekin".

1978ko martxoaren 26an Azpeitian jaio zen talde unionistaren entrenatzaileak harreman estua izan du betidanik Lagun Onakekin, zazpi denboraldiz izan baitzen bertan entrenatzaile. 2011-12 denboraldian Jose Luis Riberaren bigarren entrenatzaile lanak egin zituen Sestaon. 2012-13an Lagunera itzuli zen kirol zuzendari izateko. Sestaok begiz jota zuen, eta 2013-14 denboraldian berriro deitu zioten, orduan lehen entrenatzaile izateko. Bigarren B Mailako II. multzoko txapeldun izatea lortu zuen, igoera ez lortu arren.

Denboraldi hura amaitu ahala Real Unionetik deitu, eta RFEF Kopa irabazi zuen, bai eta play-offetarako sailkatu ere, orduan ere igotzea erdietsi ez arren. 2016an Realera joan zen, artean Sanseko entrenatzaile Imanol Alguacilen aginduetara. Asier Garitano kargutik kendu eta Imanol lehen taldeko teknikari izendatu zutenean, txuri-urdinen bigarren taldea zuzendu ere egin zuen Zulaikak. Eta 2020ko udan, Real Unionera itzuli zen.

"Harro nago aro berri batean murgildu den klub historiko honetako kide izateaz"

Real Unioneko entrenatzailea