REAL SOCIEDAD Quiñones, Lucia, N. Mendoza, Tejada, Nuria R., Maitane (Itxaso, 80. min), Gemma, Amaiur (Nahikari, 70. min), Palacios (Cecilia, 80. min), Nerea Eizagirre eta Franssi.

SEVILLA Noelia Ramos, Deza, Calderon, Pina (Pinel, 87.min), Virginia Garcia (Rivero, 87. min), Payne (Delgado, 87. min), Belinda, Kerlernas (Gabarro, 63. min), Coleman (Franco de la Vega, 75. min), Toro eta Albarrán.

Goles 1-0, 26. min: N. Eizagirre. 1-1, 28. min: Pina. 2-1, 56. min: Palacios. 2-2, 58. min: Coleman.

Árbitra Fernández Ceferino. Txartel horiak Sevillako Noelia Ramosi eta Dezari.

Incidencias Zubietan jokatutako Ligako 23. jardunaldiko partida.

- Realak eta Sevillak bina goletara berdindu zuten atzo Zubietan. Oso partida irekia izan zen. Realak abantaila handitzeko aukerak izan zituen, baina, azkenean, Sevillakoak ere irabazteko zorian izan ziren, azken minutuetan zutoinak salatu zuen gol aukerarekin.

Txuri-urdinak nagusi izan ziren lehen zatian, baina sakontasun handirik gabe. Hispalisekoak, berriz, kontraerasoan askotan saiatu ziren. Realaren gola Nerea Eizagirreren jokaldi pertsonal batean etorri zen. Hainbat arerio atzean utzi eta area barrutik errematatu zuen gipuzkoarrak aurreratuz.

Ospatzeko ia astirik gabe etorri zen berdinketa, ordea; Colemanek barneraketa ederra egin zuen ezker aldetik, atzera pasea bidali eta Pinak zetorkiola jo zuen berriro ere berdinketa ezarriz. Lehen zatian ez zen nabarmentzeko gehiagorik izan.

Partidaren hasierako asmo berarekin itzuli ziren aldagelatik Realeko jokalariak, garaipena nahi zuten nola hala. Bisitarien arriskua, berriz ere kontraeraso batean etorri zen; Paynek hogei metroko lasterketa egin, arean sartu eta baloia atearen gainetik bidali zuen. Eta handik gutxira etorri zen Natalia Arroyoren nesken gola; Palaciosek sartu zuen bigarrena, area barruko aldaratze bat baliatuz.

Hurrengo jokaldian Amaiurrek izan zuen garaipena sendotzeko aukera, baina bere erremateak sarea kanpoaldetik jo zuen. Eta 3-1ekoa lortzetik 2-2ra: Pase sakon bat baliatuz, Colemanek ez zuen barkatu erremate zorrotza eginda.

Txuri-urdinak gogor saiatu ziren amaierara arte, baina gertuago egon zen Sevillakoen hirugarren gola realzaleena baino, Gabarroren jaurtiketak zutoinean jo baitzuen.

Azkenean, zapore mikatza utzi dien berdinketa gipuzkoarrentzat; sailkapeneko seigarren postuan jarraitzen dute, bosgarren den Atletico de Madridekin berdinduta (partida bat gehiago jokatu dutelarik), eta baita zazpigarren postuan dagoen Tenerifeko Granadillarekin ere. Une honetan Madrid CFFrena den laugarren postua lau puntura dute.

Asteazken honetan, hamaikagarrena den Sporting de Huelvaren aurka jokatuko du Realak Andaluzian, bere garaian positibo emateagatik atzeratutako partida berreskuratzeko.

Reala bi aldiz aurreratu zen Eizagirre eta Palaciosen golei esker, baina Sevillakoak berdintzeko gauza izan ziren