- Eibarko neskek EDF Logroño mendean hartu zuten eta errioxarrak baino gehiago izan ziren partida osoan zehar (2-0). Modu honetan, Iker Dorronsororen taldeak hasiera polita eman zion 2021. urteari, Unben bigarren garaipena jarraian lortuz.

Kukik gol aukera pare bat izan zituen goizeko lehenengoa sartu aurretik. Golegileak Thembiren atzeranzko pase bat aprobetxatu zuen bisitarien atezaina gaindi-tzeko, hegoafrikarraren alboko jokaldi batean. Thembik berak izan zuen bigarrena sartzeko aukera, baina gol erabakigarria ez zen bigarren zatiko lehen minutuetara arte iritsiko; 2-0ekoa Arolak egin zuen, baloia Errioxako atezainaren gainetik jaurtikita. Thembik golaren bila jarraitu zuen, baina alferrik; inolaz ere, eta iritsi ez arren, Eibarrek hurbil izan zuen partidan zehar 3-0ekoa.

Garaipen honi esker eibartarrek 17 puntu batu dituzte, eta sailkapenaren gune lasaian kokatuta daude. Gorri-urdinen entrenatzaile Iker Dorronsoro pozik agertu zen "dinamika onean zetorren aurkari baten aurka" irabazi izanagatik, eta "partida osoan arriskurik sortu ez digutelako. Gure taldeak lan bikaina egin baitu defentsan ". Eta gaineratu zuen, "markagailua motz samar geratu da, nire ustez gol gehiago sartzeko aukera onak izan ditugulako".

Dorronsorok azpimarratu egin nahi izan zuen "Unben bigarren garaipena jarraian" lortzearen garrantzia. "Etxean sendo ibili behar dugu, eta bide honetan jarraitu". Armaginen entrenatzailearen ustez, igandean Athleticen aurka Lezaman jokatuko duten derbia "oso partida berezia izango da. Gu bolada onean iritsiko gara, eta haiek berriz, nahiko txarrean; horregatik nahiko dute nola-hala garaipena lortu".

EIBAR Noelia, Sheila Elorza (Mar Torrás, 84.min), Puyi, Napo, Noko Matlou, Arola Aparicio (Charity Adule, 78. min), Llompart (Arene, 67. min), Thembi Kgatlana (Aída Esteve, 84. min), Sara Navarro, Kuki (Carla Morera, 68. min) eta Ruth Alvarez.

EDF LOGROÑO Isabel Langa, Cazalla, Valderas (Daniela Caracas, 66. min), Leti (Valeria Pascuet, 71. min), Ines, Ana V. (Carol, 46. Min), Ida Guehai (Judith, 46. min), Chini, Julie Tavlo-Petersson, Rebecca Elloh (Vilakazi, 85. min) eta Jade.

Golak 1-0, 33. min: Kuki. 2-0, 47. min: Arola Aparicio.

Epailea Cebollada López. Txartel horia bisitarien taldeko Jaderi.

Jazoerak Iberdrola Ligako partida Unben, ateak itxita.