- Realak Levanteri nagusitu zitzaion atzo, Cecilia Marcosek luzapenean sartutako golari esker. Atzo Zubietara joan ziren 150 realzaleek ederki gozatu zuten markagailua azken unean irauli zenean, taldeak aurretik egindako merituei justizia eginez.

Natalia Arroyoren jokalariek Deportivoren aurkako norgehiagokaren oso antzera hasi zuten partida, aurkaria presionatuz eta jokoan nagusituz. Realak berehala sortu zituen gol aukerak aurkariaren atearen aurrean, eta azkenean Nerea Eizagirrek, area barruko aldaratze bat probestuz, Reala aurreratu zuen.

Levantek, hala ere, berdinketa lortu zuen korner batean, Ireneren burukada bati esker.

Leire Bañosek atsedenaldia baino lehen etxekoen bigarren gola sar-tzeko aukera izan zuen, baina bere errematea ozta-ozta kanpora joan zen, eta hurrengo jokaldian Levantek aurrea hartu zuen.

Reala argi eta garbi nagusi izan zen bigarren zati osoan, kontraerasoan atera nahi zuen aurkariaren aurrean. Txapeldunen Ligako postua lortzeko hautagai den Levantek ondo babestu zuen bere atea, harik eta Nuria Rabanoren falta jaurtiketa baten ostean Barbara Latorrek, buruz, partida berdintzea lortu arte. Azken segundoetan, Barbarak pase ederra eman zion Ceciliari, donostiarrak markagailua iraultzeko; harmailetako zaleak zoratzen zeuden.

Realak bigarren garaipena lortu du beste hainbeste partida jokatuta, eta oso giro baikorra piztu du egiten duen jokoa ikusita.

Liga eten egingo da datorren astean selekzioen partidei lekua uzteko. Txapelketa berri hasten denean, gaur Eibarren aurka Unben (11:00etan) jokatuko duen Madril CFF izango du aurkari Realak.

REAL Quiñones, Lucía, Nuria Mendoza, Tejada, Nuria Rábano, Maitane, Gemma (Cecilia, 75'), Amaiur Sarriegi (Bárbara, 64'), Leire Baños (Palacios, 64'), Nerea Eizagirre (Itxaso, 92') y Franssi.

LEVANTE Paraluta, Rocío, Toletti, Irene G., Andonova (Fiamma, 78'), Zornoza, Carol, Jucinara, Alharilla, Esther y Cometti.

Golak 1-0, 22 m.: Nerea Eizagirre. 1-1, 35 m.: Irene G. 1-2, 46. m.: Esther. 2-2, 77. m.: Bárbara. 3-2, 90 m. : Cecilia.

Epailea Acevedo Dudley. Txartel horia erakutsi zion Amaiurri, eta Alharilla, Cometti eta Andonova bisitariei.

Zelaia Zubieta, 150 ikusle.