- Acunsa Gipuzkoa Basket motibazioz gainezka dago Valencia Basketen aurkako garaipenaren ostean, eta beste erronka zail bat izango du Herbalife Gran Canariaren kantxan; garaipena lortuz gero, aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke Endesa ligan jarraitzeko borrokan (13:00etan).

Mailari eusteko lehia horretan, 2021ean gainerako arerioek baino emaitza hobeak lortu izana aldeko dute donostiarrek; azken zazpi jardunaldietan lau garaipen lortu baitituzte, nahiz eta basketaveragea galduta eduki aurkari gehienekiko. Izan ere, GBCk emaitza hobeak izan ditudenboraldi honetan talde handien aurka bere ligako klubekin baino.

Jaime Echenique kolonbiarra lesionatu ondoren, Dino Radoncic montenegroarrak hartu du Acunsa GBCren aginte makila, eta azken jardunaldiko jokalaririk azpimarragarrienetakoa izan zen, 31 puntuko balorazioarekin, bere ibilbideko markarik onena ezarriz.

Gran Canaria Arena ez da batere aldeko kantxa gipuzkoarrentzat, jokatutako hamaika partidatan bi aldiz bakarrik irabazi baitute; inolaz ere, azken garaipena ez da aspaldikoa, 2019/2020 denboraldian izan baitzen, kontrako 19 puntuko aldea iraultzeko gauza izan zirenean. Partida 13.00etan hasiko da.