- IDK Euskotren lehiaketari ekiteko deseatzen dago urte erdi jokatu gabe egon ondoren. Hala adierazi du, behinik behin, Azu Muguruza entrenatzaileak: "Oso gogotsu gaude. Denboraldi-aurrean beti izaten da hasteko grina hori, eta, bestalde, denbora falta zaizula ere iruditzen zaizu. Talde osoarekin lehenengo saio betea atzo arratsaldean egin genuen, baina gauzak horrela izaten dira, eta aurrera goaz".

Gainera, taldeak oso sentsazio onak eskaini ditu denboraldi-aurrean, eta, donostiarraren iritziz, IDK prest dago denboraldi honetan lehiatzeko eta lan ona egiteko: "Jokatzen hasi ginenean, lehen inpresioan, talde sendoa garela ikusi genuen. Talde gogorra, partidan egoten dakiena; erasoan gauzak ondo ateratzen ari ez direnean ere lehiari eusten saiatzen dena. Hori oso faktore garrantzitsua da, beti izaten baitira baloia sartzen ez diren uneak, baina atzean erregulartasunari eutsiz gero, zailagoa da partidatik joatea. Talde fisikoagoa ere bagara postu guztietan. Uste dut hor irabazi egin dugula iazkoarekin alderatuta".

Nolanahi ere, lehiaketaren maila gero eta handiagoa denez, zaila da gora egitea: "Zortzi edo bederatzi talde oso berdinduta egongo dira. Partidak ere oso berdinduak eta lehiatuak izango direla aurreikusten dut. Horregatik saiatu behar dugu, azkenean balantzak gure alde egin dezan. Egia da iazkoa gehiegizkoa izan zela, baina konfiantzaz eta anbizioz jokatu behar dugu, egiten dugun horretan sinesmen osoa izanez, galdu baino partida gehiago irabazteko".

Entrenatzaileak aurtengo lehen helburuak garbi ditu, eta horietako lehena Koparako sailkatzea da; horretarako, ligako fase erregularreko lehen itzuliaren amaieran, lehen zortzien artean geratu beharko du: "Horixe da, zerbaitetarako sailkatzeko dugun lehen aukera. Eta beti izaten da hobea epe laburreko helburuak jartzea. Ilusioa pizten digu, eta horren alde borrokatu behar dugu. Auskalo talde bakoitza non egongo den, berdintasuna izango da nagusi, baina asmo handikoak gara".

Eta larunbatean 18.15etik aurrera Leonen jokatuko den partidan, Bembibreri irabaztea lehen urratsa izango litzateke: "Talde gaztea da, baina talentu handikoa. Ez diegu utzi behar eroso saskiratzen, erraztasun handia duten bizpahiru jokalari dituztelako. Eta gero, antsietateak ez gaitzala itsutu. Partidak oso luzeak dira, eta lehenengoa izango da. Ez nuke iazkorik gertatzea nahi, oso presaka ibili baikinen. Funtsezkoa izango da taldea lasai joatea, bere indar-guneak ezagututa eta lanak aurretik eginda".

Muguruzaren ustez, taldeak baliabide gehiago ditu: "Talde konpentsatuagoa dugu, postu bakoitzeko bi jokalari. Oso garrantzi-tsua da partida amaierara iristerako orduan, erabakitzeko garaian jende gehiago izango baitugu aukeran".

"Talde fisikoagoa gara; iazko denboraldiarekiko horretan irabazi dugula uste dut"

IDK Euskotreneko entrenatzailea