Mundu mailako rankingean lehenak diren Agustin Tapia argentinarra eta Ariana Sanchez espainiarra lehian izango dira Donostian uztailaren 10etik 13ra, Pro Padel Leagueko txapelketan. Kirol horretako beste izen aipagarri batzuk ere, Marta Ortega eta Jon Sanz kasu, baieztatu dute jada Gipuzkoako hiriburuan izango direla.
Iñaki Gabarain Donostiako Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak, Goizane Álvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatuak eta Gustavo Santoscoy Sports Management enpresako zuzendari exekutiboak nabarmendu zutenez, “munduko onenak bertan izango dira txapelketaren luxuzko kartelaren buruan”.
2025ean liga horrek izango dituen bost txapelketetako bat izango da Donostiako Pro Padel League; Ondarretako Tenis Elkarte Erreala Klubeko pista estalietan jokatuko da, non 1.500 lagunentzako pista zentral bat jarriko duten.
Txapelketa
Txapelketa uztailaren 10ean hasiko da, ostegunarekin, Agustin Tapiaren Miami Padel Club eta Arkansas Matrixen arteko norgehiagokarekin. Hurrengo egunean, ostiralean, Ariana Sanchezen eta Jon Sanzen txanda izango da New York Atlantics taldearekin, Marta Ortega eta Las Vegas Smasheko gainerako jokalarien aurka.
Kanporaketa bakoitzean gizonezkoen binakako bi partida eta emakumezkoen bat jokatuko dira. Gabarainek azaldu zuenez, “Pro Padel League Donostiara iristearekin padelaren munduko mapan jarriko dugu gure hiria, maila goreneko txapelketa baita; gainera, urtetan jarraitzeko bokazioarekin dator”.
“Donostia kirolaren hiritzat sendotzeko beste urrats garrantzitsu bat izango da, gure hirian gero eta praktikatzaile gehiago dituen eta nazioarte mailan sekulako gorakadan murgilduta dagoen diziplina horren eskutik”, azpimarratu zuen. Alvarezek, bere aldetik, “ekitaldi garrantzitsu hau, padelak gure lurraldean bizi duen gorakadaren isla” izango dela aipatu zuen.