Jende gutxik ezagutzen ditu Aitor Txurrukak baino hobeto Goierriko Bi Haundiak lasterketaren 90 kilometroak. Izan ere, mutrikuar honek bederatzi aldiz osatu du lasterketa. Orain, hamargarrenari egin dio aurre, lehen aldiko ilusio eta gogo berarekin.

Zerk eraman zintuen Goierriko Bi Haundiak-en lehen aldiz parte hartzera?

–Ni mendiko karrera edo martxa luzeetan urte dexente daramatzat, hogeitahamar bat. Egin nuen lehen lasterketa luzea Tolosakoa izan zan, 70 kilometrokoa, orain dela urte pila. Horren ondoren, Hiru Haundiak egin nuen, 101 kilometrokoa. Hori da egin dudan karrera luzeena. Hurrengo urtean berriro apuntatu nintzen karrera hori egiteko, baina apurtxo bat lehenago izeba bat hil zitzaidan eta ez nuen parte hartu. Orduan erabaki nuen Goierriko Bi Haundiak egitea.

Eta nolatan errepikatu duzu hainbeste aldiz?

–Antolakuntza aldetik ezagutu dudan karrerarik onena delako, dudarik gabe. Korrikalariak asko zaintzen dituzte, nik beti esaten dut semeak izango bagina bezela tratatzen gaituztela. Beti oso ondo, oso atento, bai kontroletan eta bai anoa-guneetan. Jarraitzeko animoa ematen digute ere. Gainera, errekorrido guztia oso ondo markatuta dago, oso profesionalak dira. Bestalde, proba bezala beste batzuk baina askoz ere gogorragoa eta teknikoagoa da, paisajistika eta bista aldetik ere izugarria da, nahiz eta zati handi bat gauez egiten den. Bestalde, etxetik gertu dago.

Hainbeste urteren ondoren, identifikatuta izango duzu lasterketaren zatirik zailena zuretzat, baita gogokoena ere…

–Niri dezente atragantatzen zait Aitzkorriko igoera. Ni ez naiz azkarra, nahiko ‘disela’ naiz, nahiko konstantea, eta hor tokatzen den orduagatik nahiko bero izaten da eta dezente ataskatzen naiz. Bestalde, bi momentu daude oso oso gustokoak, edo behintzat emotiboak direnak. Bata irteera da, oso, oso, oso hunkigarria dena: jendea txalotzen, musika, urduritasuna… Eta bigarrena metara semeekin sartzen naizenean da. Bi momentu oso bereziak dira.

"Estrategatzat dut nire burua. Karrera hauek ezin dituzu enfokatu 20 orduko zerbait bezala, oso luzea egiten baitzaizu"

Bederatzi urtetan denetarik gertatuko zitzaizun. Zein izan da lasterketarik gogorrena?

–Urte batean proba ordubete berandu hasi zen ekaitzagatik, 23.00etan atera ordez 00.00etan atera ginen, eta urte horretan izugarrizko beroa egin zuen. Gambotik pasatzerakoan 30 gradu zeuden. Gero, Aizkorritik pasatzerakoan, eguerdi partean, Logroño aldetik ekaitza zetorren eta izugarrizko beroa egiten zuen. Oso deshidratatuta bukatu nuen eta fisikoki oso gaizki. Oso gogorra izan zen.

Eta zein izan da hoberena?

–Egia esan beste edizio guztietan asko disfrutatu dut. Bakoitza desberdina da, zeren gorputza eta burua ez daude berdin urte batetik bestera, baina ondo pasatu dut. Nire helburua beti ondo ailegatzea da. Nik beti esaten dut bukatzerakoan 50 euroko billete bat lurretik jasotzeko gai izan behar zarela. Horrek esan nahi du bukatu eta gero oraindik gai zarela oinez ibiltzeko eta makurtzeko. Eta beste edizio guztiak sentsazio horrekin bukatu ditut. Egia da badaukadala oroitzapen berezi bat denbora ona egin nuen batekoa, baina hori norberaren erronkak dira. Urte hartan oso ondo ibili nintzen, oso sentsazio onekin, eguraldia ere ona izan genuen eta horrek lagundu zigun seguraski.

Zein da 90 kilometrotan errenditu gabe korrika egiteko gakoa?

–Buruak garrantzi handia dauka. Urte bakoitza ezberdina da. Ordu asko dituzu buruari emateko, karreran denbora asko zoaz bakarrik,buruari ematen. Eta gauza txarrak pentsa-tzen hasten bazara, gauzak okertzen dira, burutik gorputzera dena transmititzen delako. Horregatik bitala izaten da egun horretarako buruakin lanketa onak eginak jutea.

"Hainbeste lan egin ondoren karrera egiteko eta bukatzeko gogo handiak dauzkat. Ziurgabetasuna ere badut, azken finean hainbeste ordutan gauza asko pasa daitezkeelako"

Nola lortzen duzu lanketa hori egitea? 

–Ni estratega konsideratzen naiz eta burua lantzeko bisualizazioak egiten ditut. Karrera hauek ezin dituzu enfokatu 20 orduko zerbait bezala, zeren orduan oso luzea egiten zaizu. Adibidez, helmugara semeekin nola sartuko naizen bisualizatzen dut. Horrek aurreko lanketa egiteko balio dit. Gero karrera bertan klabea da irteeran bertan nola iritsiko zaren pentsatzen ez hastea. Etapaz etapa joan behar zara. Behin bat pasatzen duzula, hurrengoan pentsatzen hasi. Hau da, ni karrera etapaka zatitzen ahalegin-tzen naiz. Gainera etapa bakoitza mundu bat da, eta zure animoa ere gora eta behera ibiltzen da, eta ondo kudeatu behar da dena. Buruko lanketa horretan joaten da. 

Gorputzari dagokionez, nolakoak dira zure entrenamenduak?

–Azken urteotan Lazkaoko Kemen Kirol Osasun Zerbitzuak-ekoak izan ditut lagun eta horien pautak jarraitu ditut. Niretzako helburua osasunez bukatzea da, ez lesionatu, eta horretarako haiekin lan egin dut eta oso pozik nago.

Zein izan da zure markarik onena eta zein espero duzu egitea aurten?

–Nire markarik onena bederatzi edizio buka-tzea izan dela esango nuke. Baina denbora aldetik, 16 ordu ea 50 minutu izan zen hoberena; eta txarrena 21 ordu eta erdi, ia limitean. Aurtengo erronka ondo bukatzea da, eta ahal bada aurreko urtekoa baina denbora hobeagoa egitea (19:32:44). Baina batik bat disfrutatu eta ondo bukatzea nahi dut. Azken finean, denbora bizi-tza guztirako markatua geratzen da, baina sentsazioak ere garrantzitsuak dira eta norberaren buruarekin harro egotea funtsezkoa da. 

Urtero semeekin pasa izan duzu helmuga. 

–Bai, oso momentu hunkigarria da. Haiei perseberantzia eta sakrifizioarekin emaitzak etor-tzen direla erakustea gustatzen zait, baina eredugarritasunetik. Ni oso Gandizalea naiz eta berak esan zuen bezala, Sé el cambio que quieres ver en el mundo, eta hori nire semeei erakustea gustatzen zait, entrenatu, lana egin eta gauzak bisualizatu ezkero, emaitzak etortzen direla.

Irakaspen polit bat da…

–Eta balio duena. Niri ultra hauek bizitzan laguntzen didate ere. Perseberantzia eta lanaren esfortzu hori bizitzako beste gauzetarako balio didate: lanean, konpromisoetan, lanketetan… 

Astebete besterik ez da falta Goierriko Bi Haundiak-en hamargarren aldiz parte har-tzeko. Nola bizitzen ari zara azken egun hauek?

–Urduritasunarekin. Gainera, badirudi hainbestetan parte hartu eta gero dena dominatua euki behar duzula, baina iazko urtean eta aurrekoan oso urduri pasa nituen aurreko egunak. Bestalde, hainbeste lan egin ondoren karrera egiteko eta bukatzeko gogo handiak dauzkat. Ziurgabetasuna ere badut, azken finean hainbeste ordutan gauza asko pasa daitezkeelako.