Síguenos en redes sociales:

Oiartzunek Euskal Herrian nagusi izan nahi du berriro

Pilota Gipuzkoako txapeldunak Herriarteko finala jokatuko du Markinaren aurka

Oiartzunek Euskal Herrian nagusi izan nahi du berriroN.G.

Oiartzunek Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finala jokatuko du bihar Zumarragako Beloki pilotalekuan (11.00etan hasita). Gipuzkoako txapeldunak iaz menpean hartu zuen arerio berbera izango du aurrez aurre, Markina-Xemein.

Oiartzunek Guardia gainditu zuen finalerdian. Manex Olaiz eta Unai Zelaiaran kadete oiartzuarrak 22-1 nagusitu ziren; Oihan Etxeberria eta Mikel Leonet gazteak 22-3, eta Imanol Ugalde eta Eneko Zalakain seniorrak 22-16.

Finalean, itxura batean, Gipuzkoako herriartekoaren finalean lehiatu ziren bikote berberak arituko dira: Manex Olaiz eta Aitor Etxeberria kadeteetan; Oier Zabaleta eta Mikel Leonet jubeniletan; eta Oihan Etxeberria eta Unai Landa seniorretan.

2022an, Asier Retegik zuzentzen dituen pilotariak lehen bi partidetan nagusitu zitzaizkien bizkaitarrei. Oihan Etxeberriak eta Leonetek 3-22 gainditu zituzten Amets Alvarez eta Markel Calvo kadete mailan eta, gazteen arteko partidan, Oier Zabaleta-Unax Landak Anartz Ibarloza eta Jokin Alvarez gainditu zituzten, 4-22. Senior mailako partidan, aldiz, Imanol Ugaldek eta Eneko Zalakainek galdu egin zuten Josu Agirremalloa eta Aimar Ibarlozaren aurka, 22-3.