Anne Erauskin Alemaniako eta Herbehereetako emakumezkoen eskubaloiko Munduko Txapelketatik eskuin hankako iskiotibialak hautsita itzuli da, eta Super Amara Bera Berak jakinarazi duenez, Abenduaren 17an Guerreras Iberdrola Ligaren Gasca kiroldegiko hitzorduan (20.00etan) jokatuko ote duen zalantzan omen dago. Hegaleko bizkaitarrak ez zuen jokatu Espainiako selekzioak Alemaniaren aurka galdu zuen Main Roundeko azken partidan, porrot haren ondorioz Munduko Txapelketatik kanpo geratu zirelarik.
Bestalde, jokatu ez arren, Paraguairen aurkako Munduko Txapelketako lehen partidan bakarrik egon ahal izan zen Nicole Wiggins, baja izan da bizkarra minduta duelako; jada badaramatza egun batzuk Gipuzkoan bere lesioa osatzen, baina oraingoz ezin omen dute argitu berriro noiz egongo den lehiatzeko prest.
Bera Berako jokalariak Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketara joan ziren gainerako jokalariak Donostian dira dagoeneko, joan den larunbatean Alemaniarren aurka Dortmunden galduta kanporatuta geratu ondoren. Imanol Álvarezek atseden egun batzuk eman dizkie, eta datorren igandean itzuliko dira talde gipuzkoarraren diziplinara, 12.00etan Bidebietako kiroldegian hasiko den entrenamendura arte. Orduan hasiko dira prestatzen asteazkenean Malagaren aurka jokatuko duten partida. Aipatzekoa da Malagako jokalariek ia guztiek elkarrekin entrenatu ahal izan dutela, euretako bi bakarrik –Campigli eta Romero– izan direlako Munduko Txapelketa.
Gauzak horrela, Micaela Rodrigues brasildarra bakarrik geratzen zaio Bera Berari Munduko Txapelketan, atzo Brasilek Dortmunden Alemaniaren aurka jokatu ondoren.
Ezin ahaztu, donostiarrek bi puntu ateratzen dizkiotela Atlético Guardesi, bost Rocasa kanariarrari, sei Malagari –partida bat gutxiago jokatuta– eta zazpi Porriñori, eta talde horiekin guztiekin neurtu beharko ditu indarrak liga txapelketara itzulitakoan. Bera Berak ez du lan erraza izango, izan ere, Dijonen Europako partida jokatu ondoren (azaroak 16), hamaika jokalari Munduko Txapelketara joan baitziren, eta, horrenbestez, Imanol Álvarezek jokalari guztiekin egun gutxi batzuk baino ez ditu izango Malagaren aurkako partida prestatzeko. Norgehiagoka horren ondoren, larunbatean, hilaren 20an, Huerta del Rey kiroldegian jokatuko du (19.00etan), eta puntu premia handiarekin dabilen Aula Valladolid taldearen aurka amaituko du lehen itzulia.
Lagunartekoa Elizondon
Bestalde, Gipuzkoan geratu diren Super Amarako lau jokalariek –Laura Hernandez, Eszter Ogonovszky, Elena Amores eta Lisanne Kruijswijk–, Nicole Wigginsekin batera –ziurrenik ez du jokatuko–, Bera Beraren bigarren taldea osatuko dute, bihar Elizondon, 19.30etik aurrera, Replasa Beti Onak talde nafarraren aurka jokatzeko; bigarren taldeak Estatuko eskubaloiko Zilarrezko Mailan dihardu eta une honetan 2. multzoko seigarrena da sailkapenean.