Josetxo Mujika triatloilari zumarragarrak bere adin tartekoen (65-70 urte) munduko txapelketa irabazi zuen maiatzeko lehen asteburuan Ibizan. Podiumera ikurrinarekin igo zen eta antolakuntzako lagun bat ikurrina kentzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.

Mujika euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde egon da beti: “Beti euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde egon naiz eta Zumaiako triatloian ofizialtasunaren alde egin zen agerraldian parte hartu nuen”.

Hala, munduko txapelketan ere euskal selekzioaren aldeko aldarria egitea erabaki zuen: “Munduko txapelketan Espainiako jantziarekin parte hartzera behartu gintuzten, baina ondoren aldarrikapena egitea erabaki nuen”.

Sari banaketa maiatzaren 5eko gauean izan zen, Pacha dantzalekuan. “Herrialde askotako jende asko zegoen. Nazioarteko Federazioko lehendakaria espainiarra da. Bera han zegoen, baita Espainiako Federazioko lehendakaria ere. Sekulako protokoloa zegoen. Nire mailan, gainontzekoak ere beraien herrialdeetako banderekin igo ziren podiumera. Zer gertatuko zen banekienez, ikurrina poltsikoan eraman nuen. Podiumera igo nintzenean, ikurrina atera nuen. Ikusleen artean lagunak nituen eta grabatzeko esan nien. Ikurrina zabaldu nuenean, jendea txaloka hasi zen. Baina berehala morroi bati niri ikurrina kentzeko agindu zioten. Hasi zen, baina ez nion utzi. Ibizako alkatea ari zen sariak ematen. Saria ez emateko esan zioten, baina eman egin zidan”.

Ez zen istilurik izan. “Espainiarren batek txistu egin zuen, baina ez zen ezer gertatu. Zumarragako banderarekin atera izan banintz, ez zuen inork ezer esango”, azaldu du.

Bukatzeko, eliteko triatleta gazteei ofizialtasunaren aldeko aldarriaren lekukoa hartzeko eskatu die: “Guk, 65 urte beteta ditugunok, indar handirik ez dugu”.