zaldibia - Zaldibiako mendi lasterketa aurten lehen aldiz antolatu dute eta Goierri Kopa Trail sariko luzeena izango da. Goizeko 9.00etan hasiko da eta bi ibilbide egongo dira aukeran.
Unai Beloki zaldibiarra eta anaia bazkalosteko tertulian zeudela sortu zitzaien ideia. Zaldibia Aralarko ateetan dagoen herri bat da eta halako lekuak egunez igarotzen ez dituen lasterketarik ez dagoenez, ideia ona iruditu zitzaien bat antolatzea. Hala, lehen zirriborroa egin eta 20 laguneko taldetxo bat egin zuten guztia martxan jartzeko. Eta ez nolanahi ere, bi proba antolatu dituzte eta.
Luzeenak 28 kilometro eta 2000 metro pasako desnibel positiboa du. Gaztelu, Alotza, Ganbo eta Oidui bezalako puntuetatik pasako da. Unai Beloki, Zaldibiako mendi lasterketako antolatzailearen hitzetan “ibilbidearen zatirik andiena Aralar parke naturaletik igaroko da”. Paisaia zoragarriz inguratuta egongo dira proban zehar partaideak. 7 anoa puntu ere jarriko dituzte, eta amaieran ere izango da bat. Proba laburrak, aldiz, 15 kilometro eta 1.000 metroko desnibela egongo da. Hau ere Gaztelu puntatik pasako da, eta horra iritsi ostean beherakada hasiko zaie lasterkariei. Belokiren esanetan “oso korrikalaria” da azken zatia. Lau anoa gune prestatu dituzte, eta amaieran ere beste bat.
Laida Elizegi zaldibiarra ere antolakuntzan dago. Bera ere korrikan ibiltzen da, maila oso txukunean gainera. Urte hauetan asko izan dira irabazi dituen lasterketak, eta badaki gai teknikoez. “Ibilbide laburraren ia erdia goraka da, etenik gabe. Zailtasun handirik ez du teknikoki, duen desnibel maila kenduta. Gaztelura iritsi ostean beheraka egingo dute guztia”, azaldu du. Luzearen kasuan, baina, sufrimendu edo gozamena ez da hor amaituko. Lasterketaren bigarren zatiak emango du zeresan handiena. Azken finean 1.400 metrotara igoko dira, Ganboko tontorrera. Hori izango da punturik altuena eta hor nekea nabaritzen hasiko dela uste dute antolatzaileek. Azken kilometroak, laburrekoaren antzera, beheraka izango dituzte eta ordura arteko kilometro guztien ondorioak ateratzen hasiko dira.
gaur arte Gaur da izena emateko azken eguna eta Zaldibia.org estekaren bidez Rocksport plataformara bideratuko da izena emateko. Oraingoz 220 bat daude izena emanda, lehenengo edizioa izateko zenbaki oso ona. Boluntarioak ere ezinbestekoak izan dira eta 100 baino gehiagok lagunduko dute larunbatean eta eskerrak eman dizkie antolatzaileek.
Ostiral arratsalderako aparkalekua prest egongo da eta norbaitek aurretik etorri eta bertan lo egin nahi badu, horretarako aukera ere badagoela jakinarazi dute. Gainera, korrikalarientzako kontsignak ere jarriko dituzte herrigunean. Lasterketa amaitzerako frontoiko dutxak erabilgarri izango dituzte eta paella izango dute bazkaritarako, sagardo eta garagardoz lagunduta. Hori ez ezik, korrikalariek poltsa bana ere jasoko dute, kamiseta, sagardoa, patata egosi edo arrautza dozena, tomatea eta pate poto banarekin.
Sariei dagokienez, parekideak izango dira guztiak. Proba luzeko lehen emakume eta gizonezkoak 300na euro, baita oroigarria eta txapelak ere. Bigarrenek 150 euro eta oroigarri bana eta hirugarrenek 75na euro eta oroigarria. Lehen zaldibiarrentzat oroigarri eta produktu sorta bana izango dira. Lasterketa motzeko lehen emakumezko eta gizonezkoek 200 euro, oroigarria eta txapela, bigarrenek 100 euro eta oroigarria eta hirugarrenek 50na euro eta oroigarria. Lehen herritarrek oroigarri eta produktu sorta.
Aralarko parajeetaz eta mendiaz gozatzeko aukera ezin hobea eskainiko dute Zaldibian larunbatean.