Ereñotzuk ez dio hutsik egingo aurten ere bere mendi festari
Maiatzaren 19an izango da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, goizeko 10:00etan hasita. Haurren lasterketa ere egingo da, aurretik.
Urteroko zita daukate mendi korrikalariek, datorren maiatzaren 19an, igandearekin, Hernaniko Ereñotzu auzoan. Bederatzigarrenez egingo dute Ereñotzuko Mendi Lasterketa, goizeko 10:00etan abiatuta, frontoitik. Ordu erdi lehenago, 09:30etan, haurren lasterketa ere egingo dute, auzoan barrena.
Aurten aurrenekoz, Axeriak Mendi Lasterketa Taldeak hartu du antolakuntzaren ardura, baina aldaketa gutxi izango dira. Ibilbidea, azken urteetako bera izango da, 11,75 kilometro ingurukoa, eta 830 metro inguruko desnibel positiboarekin. Aiako Harria Parke Naturalean barrena, hainbat gain eta lepo igaroz, eta Añarbeko urtegia ere zenbaitetan bistan dutela, Urdaburuko tontorra izango dute punturik altuena, zazpigarren kilometroaren bueltan.
Bi anoa gune izango dira ibilbidean, Akolan (2,5 kilometro) eta Malbazarren (5,5 kilomero); eta beste bat helmugan. Guztietan izango da ura, edari isotonikoak eta fruta. Helmugan, gainera, masajistak ere egongo dira, korrikalarien hankak mimatzeko. Dutxak ere izango dira, Txirrita eskolan gizonezkoentzat, eta frontoian emakumezkoentzat. Eta argazkilariak ere ez dira faltako, lasterketan zehar.
Lasterketako lehenengo hiru emakumezko eta gizonezkoek izango dute saria, eta baita aurreneko ereñotzuarrek ere. Sorpresaren bat ere izango da, eta zozketa ugari, partehartzaile guztien artean. Eta ondoren, hamaiketakoa egingo dute frontoian bertan, korrikalari, boluntario eta ikusle guztientzat.
Izenemateak zabalik, www.rockthesport.com web orrian
Izenemateak gora doaz egun hauetan, eta zabalik dago apuntatzeko aukera, datorren ostiralera arte, maiatzak 17. www.rockthesport.com web orrian egin behar da, 10 euroan. 200 korrikalarirentzako dago tokia, gehienez ere. Izenematearen truke, partehartzaile guztiek poltsa bana ere jasoko dute, opariekin.
Lasterketaren nobedade guztiak, Facebooken jarraitu daitezke, Ereñotzuko Mendi Lasterketa orrialdean.