Samuel Sanchez bigarren izan zen Lonbardiako Giroko 2006ko eta 2009ko edizioetan eta hirugarren 2007koan, eta amaiera ona eman nahi dio euskal taldeak egin duen denboraldi bikainari, Tourrean, Giroan eta Vueltan etapa garaipen bana eta Tourreko Mendiko sailkapena irabazi ondoren.

Azken urteetan Euskaltel Euskadi taldea Lonbardiako garaipena lortzeagatik borrokatu da. Horrela, 2010eko edizioan, Philippe Gilbertek irabazi zuen lasterketan eta Samuel Sanchez eta Mikel Nieve seigarren eta zazpigarren izan ziren, hurrenez hurren.

25 talde parte-hartzaileek Milanetik abiatuko den 240 kilometroko ibilbide gogorrari egin beharko diote aurre, bost mendaterekin. Gogorrena eguneko lehena izango da, Valcava, 78. kilometroan; ia 12 kilometroko igoera da, %8ko batez besteko aldaparekin, handiena %17koa izanik.

Ondoren etorriko dira Colle Brianza (122.km), Colma di Sormano (159.km) eta Madonna del Ghisallo (195.km). Garaipena Salita di Ello azken mendatean erabakiko da seguruenik, helmugatik bederatzi kilometrora. Hiru kilometroko mendate laburra da, %7,4ko batez besteko aldaparekin, Leccon izango diren azken metroen aurretik.