zinemaldia

Zinemaldia | "La abuela", zahartzaroak sortzen duen beldurra

24.09.2021 | 00:37
Almudena Amor eta Vera Valdez, atzo Donostian.

Paco Plaza zuzendariak 'la abuela' beldurrezko filmaren bidez adineko pertsonen bazterkeria salatzen du

Adineko pertsonak zaintzea maitasun ekintza bat izan daiteke askorentzat, baina Susanarentzat (Almudena Amor) amesgaizto bihurtzen da bere amona Pilarren (Vera Valdez) etxera bizitzera joatea azken hau buruko isuri baten ondorioz erabateko mendekotasuna duen pertsona bat bihurtzen denean. Paco Plaza zuzendariaren La abuela pelikula Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzen ari da Urrezko Maskorra irabazteko, eta atzo bertan egin zuten filmaren aurkezpena.

Susana Parisen bizi da eta modelo gisa egiten du lan. Hala ere, telefono dei batek hankaz gora jartzen du gaztearen bizitza ospitaletik amonari gertatu zaiona kontatzeko deitzen diotenean. Frantziako bizimodua alde batera utzi eta Madrilera bidaiatzen du berehala, egun batzuetan zehar bera zaintzeko. Bien arteko erlazioa oso estua da hasiera batean, izan ere, Susana txikia zela bere gurasoak hil egin baitziren eta Pilar arduratu zen neskatoa zaindu eta hezteaz. Horregatik, ospitalean adinekoen egoitza bat gomendatzen diotenean, Susanak argi dauka amona gusturago egongo dela beti bizi izan den etxean geratzen bada, eta zaintzaile bat bilatzea erabakitzen du Pilarrekin egoteko. Okerreko erabakia, argi eta garbi.

Beldurrezko pelikula honen gidoia Carlos Vermutek idatzi du. "Niri ikarragarri gustatzen zait beldurra. Disimuluan beti ibili naiz jolasean genero horrekin nire pelikuletan, baina hau bezalako beldurrezko naturaz gaindiko filme bat ezin izan dut egin orain arte", azaldu zuen Vermutek pren-tsaurrekoan.

Zuzendariak deabrutzeei buruzko pelikula bat egin nahi zuela adierazi zuen, baina "deabrua zahartzaroa izatea" bilatzen zuen. "Zahartzaroa eta denboraren joana satanizatzen diren gizarte batean bizi gara, eta aitzitik, gaztaroa eta edertasuna gehiegi gora-tzen dira. Hori horrela izanik, asko interesatzen zitzaidan norberaren eta besteen zahartzaroak sortzen digun izua kontatzea", nabarmendu zuen.

Horren adibide nagusia filmeko eszena zehatz bat izan daiteke. "Bi aurpegi dituen ispilu bat agertzen da, zeinetan Pilarrek Susanarengan bera izan zen gaztea ikusten baitu, eta Susanak aldiz, etorkizunean izango den pertsona zaharra. Uste dut funtsezkoa zela hori kontatzea, iruditzen baitzait adineko pertsonak baztertuta uzten ditugula beste aldera begiratzen dugun bitartean", azaldu zuen Plazak.

Ildo horretatik, pandemiak pelikularen sorkuntzan eragin dituen aldaketak ere aipatu zituen. "Munduan egoteko eta elkarrekin erlazionatzeko dugun modua aldatu egin da. Pelikula era batekoa zen hasi ginenean eta orain guztiz bestelakoa da. Biloba batek amona bat zaintzeak duen esanahia ez da berdina 2019an edo orain", esan zuen.

Protagonistei dagokionez, Almudena Amor bi pelikularekin iritsi da aurten Zinemaldira, La abuelaz gain, Fernando León de Aranoaren El buen patrón filmean ere hartu baitu parte. "Oso pozik nago bi pelikula hauek egiteko aukera izan dudalako eta Zinemaldira gonbidatu gaituztelako", aitortu zuen Amorrek.

Vera Valdez aktore brasildarra nola "deskubritu" zuten ere kontatu zuen zuzendariak. "Arantza Vélez, castingeko zuzendaria, ez da sekula konbentzionala den horretan erortzen. Vera Valdezen bideo bat erakutsi zidan eta berarekin harremanetan jartzea erabaki genuen. Orduan hasi ginen izaki mitologiko hau deskubritzen. Ni harrituta geratu nintzen berarekin, eta pelikula ikusten zutenek ere lilura hori konpartitzea nahi nuen. Bere begirada, fisiko eta izakerarengatik Venusen bihurtutako Rolling Stone bat bezalakoa dela esango nuke", nabarmendu zuen zuzendariak.

Bere aldetik, Valdezek azaldu zuen pelikula egin zuela baina oraindik ez zuela ikusi, atzoko prentsaurrekoaren ostean ikusi behar zuelako. "Oso pozik nago hemen nagoelako. Niretzat ezusteko bat izango da pelikula ikustea, uste dut beldurrez hilko naizela", adierazi zuen barre artean.

Eta Valdezek pelikula egin duela aipatu zuenean, horrek atzean izan duen lan guztia nabarmendu nahi izan zuen Enrique López ekoizleak. "Ergelkeria dirudi, baina pelikula hau egin dugun bezala egiteak eta garai zail hauetan sortzeak lan handia eskatzen du. Grabaketako hirugarren astean bertan behera utzi behar izan genuen proiektua pandemiaren ondorioz, eta orduan bai benetako beldurra jasan genuela", azpimarratu zuen.

noticias de noticiasdegipuzkoa