zinemaldia

Zinemaldia | 'La hija': Alaba bat, argi izpi bat eta ondorengo ekaitza

23.09.2021 | 00:21
Javier Gutiérrez, Irene Virgüez eta Patricia López Arnaiz, 'La hija' filmeko protagonistak, Donostian.

Manuel Martín Cuencaren 'La hija' filmak guraso izan nahi eta ezin duen bikote baten azken esperantza azaleratzen du

Ama izan nahi eta ezin izateak sortzen duen etsipen sentimendua oso ongi ezagutzen du Adelak (Patricia López Arnaiz). Urte asko daramatza bere senar Javierrekin (Javier Gutiérrez) batera haur bat mundura ekar-tzeko ahalegina egiten, eta elkarrekin une latz asko igaro ostean, harremana salbatu ahal izateko argi izpi bat agertzen da bikotearen bizitzan. Javierrek hezitzaile gisa lan egiten duen adingabeen egoitzan haurdun geratu den Irene (Irene Virgüez) izeko neska bat bizi da. Bikoteak badaki neska gazte horrek ezin diola haurrari bizi kalitate ona eskaini, ez baitu hura zaintzeko errekurtsorik. Beraz, Ireneri bizitza duinago bat eskaintzea erabakitzen dute, baina ez musu-truk: barnean daraman haurtxoa jaiotzen denean bikoteari eman beharko dio beraien alaba izan dadin.

La hija, Manuel Martín Cuencak Alejandro Hernándezekin batera idatzitako drama,Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo aurkeztu zuten atzo. "Maitasunaren izenean ankerkeriak egiten dira, eta bikote honek etsi-etsian bilatzen du euren arteko maitasuna salbatzea. Geratzen zaien salbamendu bakarra Ireneren haurra da. Oso itun hauskorra da, noski, baina aurrera ateratzeko esperantza txiki bat susmatu daiteke, nahiz eta edozein pi-tzadurak plan hori mila zatitan lehertarazi dezakeen", azaldu zuen Gutiérrezek prentsaurrekoan.

Bikotea Jaéneko landa inguruneko etxe batean bizi da, hiritik urrun. Irene Javierren laguntzaz ezkutuan bertara bizitzera joaten da, eta lehen unetik nabaritzen da Adela eta Irenen arteko tentsioa. "Adelak planarekin aurrera egitea erabakitzen duenean badaki amatasun partekatu bat dagoela. Amorrua ematen dio nahigabe haurdun geratu den neska batek ama izan ahal izatea, eta berak aldiz, hainbeste saiatu ostean, ezin lortzea", adierazi zuen López Arnaizek. Bi emakumeen arteko tentsio horri Irenek Javierrekin duen konplizitatea gehitu behar zaio, emaztea jeloskor jartzen baitu horrek.

Inork ezin du jakin Irene Javierren etxean dagoenik, baina haren mutil-laguna kartzelatik ateratzen denean eta Irene aurkitzen saia-tzen denean, gauzak okertzen hasten dira. Poliziak gaztea Javierren etxean dagoela susmatzen du, eta etxea arakatzeko saiakerak egiten ditu.

Adelak eta Javierrek uneoro gezurretan aritu behar dute, eta ez Irene ezkutuan mantentzeko bakarrik. Nahiz eta benetan haurdun ez egon, ama izateko prestatzen ari da Adela, etorkizunean jaioko den Ireneren haurra berea izango baita. Prestaketa prozesu hori ere gezurrez jositako bide malkartsu batean egiten du. Kuxin bat hartu eta triparen forma ematen dio, ondoren jantzi eta kalean jendeak haurdun dagoela pentsa dezan. "Triparen eszena hori oso gogorra da. Hainbeste aldiz ama izatearekin amestu duen emakume batek kuxina kotoiarekin bete, tripan jarri eta kaletik etxera itzultzean ama izan behar den hamabost urteko neska batek hura kentzen laguntzea sekulakoa da. Gogorra da Adelarentzat, izan ere, Ireneri haurra kentzeak min ematen baitio, baina Irene jaioberriarekin geratuz gero Adela hil egingo litzateke", zehaztu zuen López Arnaizek.

Filman isolamenduak duen pisua ikaragarria da. "Kontatzen dena ezingo litzateke hiri baten erdigunean kokatu. Nolabait oso primitiboa den pelikula bat egin nahi genuen, duela 15.000 urte koba batean gerta zitekeen istorio bat. Bikoteak nolabaiteko injustizia bat sufritu du naturak guraso izaten utzi ez dielako, eta pelikula galdera baten gainean eraiki nahi nuen: nola konpondu daiteke injustizia bat beste injustizia bat egin gabe?", nabarmendu zuen Martín Cuencak.

vetusta morla Bestalde, Vetusta Morla taldea arduratu da pelikulako soinu-banda egiteaz. Guillermo Galvan taldekidearen arabera, filma "oinarrizkoa, erradikala" da eta "superlatiboa den guztia kanpoan dago". "Horregatik, musika istoriotik bertatik sortzea erabaki genuen", azpimarratu zuen. Horrez gain, Adelak abesten duen nanari dagokionez, Reina de las trincheras ez zutela "Vetusta Morlaren abestitzat" hartu nahi izan esan zuen Galvanek, "antzinako nanatzat baizik".

noticias de noticiasdegipuzkoa