Zazpigarrenez prestatu dute Afrikaldia zita Gasteizko aretoetarako, baina berritasunak dakartza edizio honek: nazioarteko zinema-jaialdi moduan proposatu dute, sail ofizial eta ez-ofizialekin.

Manuel Iradier Afrikanista Elkarteak antolatu izan du urteotan Afrikaldia, Afrikako zinemetako euskal jaialdia. Duela zortzi urte gasteiztarrak sentsibilizatzeko eta Afrikako gaiak gazteei helarazteko eta ezagutarazteko asmoz jaio zen ekimena. Luis Reyero elkarteko kidea da eta haren hitzetan, "salto kualitatiboa" egin dute beste urteekin alderatuta, orain arte, zine-erakustaldi edota ziklo gisa antolatzen baitzuen Afrikanisten elkarteak. Hile bateko ekitaldia zen lehen, asteburuetako emanaldiekin. Konfinamenduaren ostean, Kultura Bendera Elkartearen proposamena jaso zuten, ekitaldia koxka bat gorago igotzeko, eta Gasteiz Afrikako zinemagintzaren plaza zabala izateko. Hala bada, urte eta erdiko lan "gogorra baina aberasgarria" izan dute prestaketarako. "Jaialdiaren heldutzea" adierazten duela uste dute antolatzaileek, baita aurreko edizioetan izandako harrera onari egindako erantzun gisa ere ulertzen dute. Helburu bertsuekin baina anbizio handiagoaz bada, astelehen honetan ekin diote 12 film eta dokumental bilduko dituen jaialdiari.

ESKAINTZARIK ZABALENA

Lehen edizio honetarako, 'Emakumea eta aktibismo politikoa' izango da lotailua. Halaber, kontinenteko sei eskualdetako ordezkariak izango direla azpimarratu du Itziar Luzak, Kultura Bendera Elkarteko kideak: "Afrikako iparraldeko, hegoaldeko, mendebaldeko, ekialdeko eta erdiguneko eskualdeetako zinemagintzaren laginak izateaz gain, diasporako lanak ere izango digutu. Seigarren eskualde horri ere balioa eman nahi diogu", erantsi du. Eskaintza, bada, zabala izango da, eta Espainia mailan estreinatuko diren hiru film izango dituztela azaldu du Luzak.

Nazioarteko jaialdietan ohikoa den moduan, Arabako hiri buruzagiko ekitaldian ere zinema-zuzendariak eta alorreko adituak izango dira gonbidatu. Adibidera aipatu dituzte irekiera ekitaldian izango den Ekwa Msangi zuzendari tantzaniar-amerikarra eta Philippe Lacôte bolikostarra. "Jaialdirako propio etorriko da New Yorketik Msangi, eta ohore bat da guretzako halako izen bat izatea", esan du Luzak. Ildo horretan, Msangirengisako ahots berri, baina ez hargatik gutxiesteko modukoak ekarri nahi izan dituzte. Lacôtek, ibilbide luzea du zinemagintzan, eta ikuspegi ibilia eskainiko du bere etorrian. Gainera, ikusleek goi mailako gonbidatuokin elkarreraginean aritzeko aukera izango dute proiekzioen osteko solasaldietan.

Hala bada, 12 izango dira sail ofizialean lehiatuko diren filmak, tartean: Knuclelcity (Jahmil X.T. Qubeka, 2019) eta You will die at 20 (Amjad Abu Alala, 2019) fikziozko filmak eta Finding Sally (Tamara Mariam Dawit, 2020) dokumentala. Estreinako edizio honetan, Maite Ruiz de Austrik, Aitor González de Langaricak eta Thimbo Sambek osatuko dute epaimahaia, eta haiek izango dira film onenak saritzeko arduradunak.

ARETOEZ HARAGO

Salburuako eta Zabalganako gizarte etxeak, Vital Fundazioaren bi aretoak eta Floridako zinema izango dira Afrikaldiaren eskenatoki nagusia. Hainbat eragilerekin lankidetzan, ordea, jarduera ugarirekin osatu dute aste osoko egitaraua. Florida kaleko zinema aretoetan, hain zuzen, astez aste bildu ohi den Zineforumarekin bat egiten dute. Monte Hermoso jauregiak, bestetik, goizez industriako gunea antolatu dute, sektoreko profesionalentzako zuzendutako eztabaida eta emanaldiekin. EHUk ere parte hartuko du ekitaldian, eta bi emanaldi izango dira kanpusean, filmetako zuzendari eta aktoreekin lagundurik. "Afrikako aurreiritziak gainditu, eta erreferente positiboak eskaini nahi ditugu", esan du Royerok.

"Aste honetako jarduerak ez dira baina aste honetan bukatuko", azpimarratu du Luzak, eta gehitu du, behintzat, urtarrilera arteko programazioa antolatu dutela Eusko Jaurlaritzaren Laia proiektuaren harira."Ahalik eta gehien zabaltzea nahi dugu, eta hori dela eta, hainbat herritan emanaldiak izango dira".

Hilabeteetako lanaren emaitzak astelehenean bertan hasiko dira jasotzen. "Ahaleginak mereziko duela uste dugu" esan du Afrikanisten elkartekoak. Jendeak uste duenaren kontra mintzatu da Kultura Benderako kidea eta "kalitatezko zinemagintza" izango dela bermatu du. Gainera, Gasteizko zine-zale euskaldunentzako hiru emanaldi prestatu dituzte, euskarazko azpidatziekin. "Publiko guztiarengana heldu nahi dugu, eta euskaldunek ere aukera izango dute ekitaldiaz gozatzeko", adierazi du Luzak hariari eutsita. Sarrerei dagokienez, azaldu dute lanean ari direla internetetik lortu ahal izateko. Edonola ere, antolatzaileek esan dutenez emanaldien egunetan bertan, aretoetan, erosteko aukera izango da.