Krispeten sortze prozesuarekin identifikatuta sentitu zen Beñat Urretabizkaia (Beasain, Gipuzkoa, 1989) dantzaria, eta Pop izena jarri zien bere bakarkako lehen lanari: "Orain arte artoa izan naiz eta orain palomita bihurtu naiz".

Eraldatze eta hazte une bat bezala bizi du Urretabizkaiak sortzaile bideari ekin izana; aspaldi eman nahi zuen saltoaren unea bizitzen ari da. Beste batzuek prestatutako dantzak egitetik, hasieratik bukaerara berak ondutako pieza bat taularatu du lehen aldiz. Barrena askatzeko lanketa baten adierazpena da Pop emanaldia: "Gehienbat niretzat egin dudan sorkuntza bat da, ikusi nahi nuen nire burua sortzaile posizio horretan lanean eta benetako beharra neukan barrukoa atera-tzeko", kontatu du Urretabizkaiak. Finean, botaka egitea bezala izan dela azaldu du dantzariak, erraiak bistan jartzeko unean. Iragan martxoaren 6an estreinatu zuen Pop, Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe antzokian.

Harreman gorabeheratsua bezain oparoa izan du Urretabizkaiak dantzarekin; tarteka estuagoa, tarteka hotzagoa. Madrilen arte eta dantza ikasketak egin ondotik Madrilen bertan aritu zen lanean 2012. urtera arte. Ondoren, etxera bueltan, Dantzaz konpainiako kide izan zen bi urtez. 2018an dantza girotik distantzia hartzea erabaki zuen, aurten indarberrituta buelta egin duen arte. Pop sorkuntza propioaz gain, Myriam Perez Cazabonen Hiru Urretabizkaia.

Atsedenaren ondotik, gogoz egin du buelta dantzariak. Bada, 2020-2021 bizitza une "aproposa" iruditu zaio Urretabizkaiari dantza munduan beste murgiltze urrats bat egiteko. Iazko abenduan hasi zen Sarobe Arte Eszenikoko Guneko oholtzan bertan pieza prestatzen, eta hiru hilabete eskasen ostean egin lehen agerraldia publiko aurrean. Bide "azkarra" iruditu arren, Urretabizkaiarentzat piezaren hazia askoz lehenago zegoen ereinda: "Gogoa aspalditik neukan, baina bizitza momentua eta egoera falta nituen, eta orain iritsi da". Urnietako Sarobe espazioak eskaini zion barneko grina errealitate material bilakatzeko nahitaezkoa zuen agertokia.

Norbera oholtzara

Urretabizkaiaren sorkuntza propioa da Pop hasieratik bukaerara arte; hainbeste, non pieza "autobiografikoa" izan da emaitza dantzariaren ustetan. Kontzienteki egin ez duen zerbait izan den arren, piezaren oinarria bere bizipenak izan direla uste du. Era berean, ikuskizunak pop kulturaren kutsua duela dio sortzaileak: "Da pieza bat estruktura sinplekoa, musika aldetik ere kakotxa artean nahiko komertziala; eta, irudiak ere pop artearen itxura hartzen dute".

Hirutan banatutako "osotasun bat" taularatu du: hiru atal, hiru irudi, hiru kolore. Egiturak eta planteamenduak ohiko hasiera-korapiloa- amaiera eskema "sinpleari" erantzuten diola azaldu du dantzariak, bere asmoa ez baitzen pieza konplexu bat sortzea. Halere, azken atalak badu kutsu zabalagoa: "Liberazio bat da azken zatia". Askatze horrekin ixten da pieza.

Dantza garaikidearen esparruan aritua da Urretabizkaia, baina Pop "antzerki fisiko" edo "performance" modura deskribatu du: "Ez daude dantza pausuak". Espazioarekin, denborarekin nahiz oholtzan egongo diren gainerako elementuekin jokatzen aritu da Urretabizkaia. Musikak, argiztapenak eta jantziek berebiziko garrantzia dute lanean: "Zentzua hartzen du denak batera". Emanaldian inprobisazioari ere tarte handia egin dio, lanaren "freskura" mantendu nahian: "Berez ia dena da inprobisazioa, egitura eta oinarri batzuen baitan baina nire-tzat askoz ere naturalagoa da horrela aritzea". Are, azaldu duenez, bere ibilbidean toki esanguratsua izan du inprobisazioak beti.

Egitura sinpledun pieza sortzaile gisa bidea urratzen hasteko abiapuntutzat du Urretabizkaiak: "Lan hau ikusten dut bide baten hasiera bat bezala, sustrai baten lehen kimua bezala; nire lehen pieza, baina ez azkena".

Bakarkako bidea

Sormen prozesu "nahiko bakartia" izan duela dio dantzariak, baina gustura dago bere buruarekin egindako lanarekin. Dantzariak aitortu duenez, beharbada kanpo epaiaren beldurrez aritu da kanpo begiradarik gabe sortzen: "Uste dut nahiko argi neukala egin nahi nuena hasieratik, baina agian banuen beldurra norbaitek bat batean nik sortu nuen iruditegi guztia eraisteko". Halere, egindako lanarekin eta emaitzarekin pozik dago.

Behin estreinatuta, pieza taulara-tzen segitzeko gogoz dago dantzaria. Orain, eginaren eginaz, emanaldia "zuku-tzen" segitzeko momentua dela uste du: "Nire asmoa da ahalik eta toki gehienetara eramatea eta egokitzen joango beharko da pieza espazio eta plaza bakoi-tzera, orain datorrena sorkuntza prozesuaren gehigarri bat da hori eta oso zati polita da".