Paul Urkijo, zinemagilea

"Euskarazko helduentzako ipuinik beldurgarriena egin nahi izan dut"

Beti izan du buruan Paul Urkijok 'Dar-dar' ipuinaren egokitzapen bat egitea, eta hala egin du, helduentzako beldurrezko film labur bilakatuta

11.12.2020 | 20:30
'Dar-dar'-en fotograma bat.

Arte Ederretan ezagutu zuen ikus-entzunezkoen lengoaia Paul Urkijok, eta hor ikusi zuen bere istorioa konta-tzeko lengoaia, eremua eta diziplina zinema zela. Orduan maitemindu zen lengoaia horrekin. Geroztik, film luze zein laburrak egin izan ditu. Irati izeneko pelikularen prestaketa lanetan dabil egun gasteiztarra, baina, bitartean, zerbait grabatu nahi zuen; hortik dator Dar-Dar: elkarrizketa gutxi, baina atmosfera eta soinu potentea daukan film laburra.


'Errementari' pelikularen ostean dator 'Dar-dar'. Bada biak lotzen dituen zerbait, ezta?

- Funtsean, nik txikitatik irakurtzen nituen ipuin horien parte dira egiten ditudan lan denak; alegia, euskal mitologiaren eta elezaharren parte dira. Eta hori da, azken finean, nik elkarbanatu nahi dudana bai film luze zein laburren bidez.


Dar-dar ipuina da egokitu duzuna. Zer kontatzen du?

- Dar-dar ipuina Barandiaranek jaso zituen ipuin askotariko bat da, berez ipuina luzeagoa da. Pertsonaia bat agertzen da zeinek abentura batzuk bizi dituen. Istorioaren hasieran, bi anaia etxola batean bizi ziren, eta gauetan, nagusia ehizatzera ateratzen zenean, txikia bakarrik geratzen zen, eta deabrua etortzen zitzaion, atzamarrak jatera. Hori ipuinaren hasiera da, eta zatitxo horrekin beldurrezko film labur bat egitea pentsatu nuen. Istorioaren puntu hori iluna eta beldurgarria dela kontuan hartuta, euskarazko helduentzako ipuinik beldurgarriena egin nahi nuen. Horretarako, gidoi aldetik moldatu egin nuen, eta formalki ere aldatu nuen, beldurgarritasun hori ahalik eta lazgarriena izateko. Oraingoan ahalik eta zintzoena izaten saiatu naiz.

Zintzoa diozunean, zure buruarekiko zintzoa esan nahi duzu?

- Askotan, publikoari begira jarrita egiten dituzu gauzak, baina, kasu honetan, saiatu naiz publikoan pentsatu gabe egiten, edo pentsatzekotan, izorratzekotan egin dut, ahalik eta putaseme handiena izaten ahalegindu naiz. Publikoarentzako amesgaizto bat izatea nahi nuen.


Zuri-beltzean egin duzu azken film laburra. Aipatutako beldurgarritasuna eta iluntasuna islatzeko?

- Aspalditik nuen zuri-beltzean film bat egiteko gogoa: 1920ko hamarkada hasierako pelikula espresionismo alemaniarrari buruzkoak, zine mutuari buruzkoak€ Badituzte oso ilunak diren filmak, eta estetika hori ondo etorriko litzaiokeela pentsatu nuen. Gainera, pelikula mutua izanik ikus-entzuleak ez dauka erremintarik aktoreekin hurbiltasuna edukitzeko; imajinatu kristal bat daukazula aurrean eta ez dituzula pertsonaiak entzuten. Horrek bertigo handiagoa ematen dio. Zine mutuko lengoaian idatzitako kartelekin jolas egin dut, tipografia gotiko germaniarra erabilita.

Hainbat sari jaso dituzue, zerbait ondo egin denaren seinalea al da hori?

- Imajinatzen dut baietz. Komentatu izan dut askotan Dar-dar harrotasunik gabe egin dudan zerbait dela, nire buruarekiko zintzoa izanik sortu dudan zerbait, eta justu, harrera polita izan du. Sariak jaso ditugu eta hori beti da ona, gustatu denaren seinale. Baina horrek ez du esan nahi saririk irabazi ez dutenek ez dutela horrelakorik merezi; batzuetan, irabazten duzu eta beste batzuetan ez.


Zer suposatzen du zure ibilbidean? Zure barruak askatzeko tresna izan da?

- Bai, alde batetik hori izan da, zuzendaritza eta lengoaia lubrifikatzeko balio izan dit. Eta, era berean, baita barrua husteko ere. Polita izan da hori, gogo handia neukalako istorio hori konta-tzeko eta askatzea lortu dudalako. Bestetik, eduki duen harrera oso ona izan da. Sitgeseko jaialdian jasotako Méliès sariak oihartzuna izan du, eta film luzeari on egin dakioke. Ekoizleei arreta deitu die horrek. Azken finean, Méliès mundu mailan generozko saririk inportanteena da. Hau zilarrezko saria da, eta gero zilarrezkoak urrezkoaren finalean sartuko gara datorren urtean.


Film luzea prestatzen zabiltza orain, baina film laburrek markatu izan dute zure ibilbidea. Zeinetan sentitzen zara zu gusturen?

- Bata eta bestea ezberdinak dira. Film laburrekin hasi nintzela 20 bat urte igaro dira, eta hori izan da nire ikasketa bidea. Arte ederrak ikasi nituen eta zinema klase batzuk izan nituen, baina ez naiz zinema eskola batetara joan; beraz, nik film laburrekin ikasi dut, eta gutxika-gutxika, geroz eta ekoizpen gehiago eta zailagoak egiten joan naiz. Film laburrak istorio laburrak dira; gehiago esperimentatu dezakezu, pixka bat independenteagoa da mundu hori. Film luzeen kasuan, bestalde, horiek egiteaz bizi zaitezke. Gainera, luzeek istorioak gehiago sakontzeko aukera ematen dute, aurrekontu handiagoarekin egiteko€ Luzeak egitea izan da betidanik buruan izan dudana, eta nahiago dut hori egin, baina film laburrak egiten jarraitu nahi dut, noski, istorio laburrak kontatzeko.


Zenbat itxaron beharko du ikus-entzuleak 'Dar-dar' filmaz gozatzeko?

- Orain jaialdietan dago: Mexikon emango dute, eta Euskal Herrian, Errenterian, esaterako. Espainiar estatuan zein nazioartean ibiliko da urtebetez, eta gero ikusi ahalko da.