Arabako emakume sortzaileei bideratutako EmART programan hartu zuen parte Uxue Ruiz de Arkaute artistak (Gasteiz, 1993), eta horren bitartez lortu du erakusketa eskaintzeko aukera Gasteizko ARTgia Sorgune & Aretoan. Eskultura eta ikus-entzunezko formatuen bitartez pertsonen eta materialen arteko harremana islatu nahi izan du. Abuztuan itxita egon da ARTgia aretoa, eta udako geldialdi horren osteko lehen erakusketa eskaini du Ruiz de Arkautek. Irailaren hasieratik dago ikusgai, eta urriaren 4ra arte bisitatu ahal izango da.

Pertsonaren eta objektu baten arteko harremanaren inguruko hausnarketa bat egin nahi izan du Ruiz de Arkautek.Horretarako, eskalatzeko soka hartu du ardatz, eta elementu horrekin sortu ditu erakusketan dauden obrak. “Aspalditik nenbilen eskalatzeko sokarekin jolasean; korapilatzen eta josten”, azaldu du. Artistak kontatu duenez, “oso forma organikoak” dituzten piezak dira osatu dituenak. Ingurukoak eskalatzen aritu ohi direlako erabaki zuen soka hori obretarako objektu bezala hartzea: “Betidanik eman izan dit arreta material horrek; biguna da, baina aldi berean oso erresistentea, eta indar handia dauka”. Aitortu du sokaren “poetikotasun” horregatik erabaki zuela material bezala erabiltzea. “Buelta bat eman nahi izan diet bere rol utilitarioei; bere zuhurtasuna eta erresistentzia azpimarratu beharrean, nahiago izan dut bere ahultasuna eta malgutasuna erakutsi”. Hori dela eta aukeratu zuen Ahul erakusketaren izen bezala. Izan ere, neurri batean materialaren izaera islatzen duela uste du artistak.

Arabako emakume sortzaileei bideratutako EmART programak eman dio Ruiz de Arkauteri erakusketa hori egiteko beta, hautatua izan baitzen beste hiru artistarekin batera. Martxoan zen aurkeztekoa, baina koronabirusaren pandemiaren ondorioz, atzeratu egin behar izan zen. Gauza bera gertatu zitzaion Estitxu Agirreri, eta datozen asteetan aurkeztuko du lana. Ruiz de Arkauteri “garrantzitsua” iruditzen zaio EmART bezalako proiektuak martxan jartzea. Izan ere, nabari du gaur egun ere badagoela emakumeen eta gizonen arteko “arrakala” bat. Azaldu duenez, emakume gehiago izaten dira fakultateetan, baina gero gizonezkoak dira arte galerietan egon ohi direnak, eta soldata altuagoak ere izaten dituztela azpimarratu du. Gauzak horrela, emakumezkoen lanak bultzatzen dituzten proiektuen alde dago: “Horrelako proiektuek ehuntze bezalako bat egiten dute gizonen eta emakumeen arteko desoreketan”.

Are prekarioagoa Ruiz de Arkauteren iritziz, koronabirusaren eraginez, kultura are gehiago prekarizatu da. “Sakoneko arazoa beti egon da, eta sortzaileen lana beti izan da oso prekarioa, baina orain larriagoa da egoera” adierazi du. Horrez gain, nabarmendu du gizartean beti egin dela banaketa lan produktiboaren eta ez produktiboaren artean, eta artea bigarren horretan egonik, gutxietsi egin dela. Datozen hilabeteak “zailak” izango direla uste du, pandemiaren ondorioz, diru laguntza asko “desagertu” egin baitira, eta sektorea krisian dagoela deritzo.

Materialtasuna erdigunean Arte Ederretako gradua egin zuen Ruiz de Arkautek, eta garai horretan hasi zen arte garaikidera gerturatzen. Gerora etorri ziren Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketa eta Sormena Artean masterra, baita Madrilgo Reina Sofiako Arte Garaikidearen Historia eta Kultura Bisualekoa ere. Eskultura eta ikus-entzunezkoak landu izan ditu bereziki, urbanismoa eta materialtasuna oinarri hartuta. “Beti jolastu izan dut materialtasunarekin, nire prozesuetan oso ardatz garrantzitsua baita erabakiak har-tzerako orduan”, azpimarratu du. Azaldu duenez, lehenik eta behin zer material landuko duen zehazten du, eta gero erabakitzen du nola lan egin. Hala ere, aitortu du aldatu egin dela materialtasunari jarri dion arreta.

Ahul ez da Ruiz de Arkauteren lehen erakusketa; besteak beste, Bilbon, Cluj-Napokan (Errumania) eta Madrilen izan ditu ikusgai bere obrak. Hala ere, sekula ez ditu bere lanak bakarka aurkeztu Gasteizen, bere sorterrian. “Oso esperientzia polita” izaten ari dela adierazi du, eta nabarmendu du “oso harrera ona” izan duela erakusketak. “ARTgiak oso txukunki egiten du zubi lana artearen eta artisautzaren artean, baita gizartearekin ere”. Espazio horrek “xarma” daukala deritzo, eta eskertuta dago gerturatzeko aukera eman dielako bere senitartekoei eta lagunei.

Ahul erakusketaz gain, Ruiz de Arkautek baditu beste zenbait proiektu eskuartean. Irailaren 30an Hitzak dira ahots erakusketa aurkeztuko du Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Gazte Sortzaileak bekari esker jarri du martxan proiektu hori, eta artistak azaldu duenez, ikus-entzunezko instalazio bat da. “Ama hizkuntza ezberdinak dituzten sei gazte agertuko dira bideoetan, eta euren bitartez hainbat soinu eta hitz harremanetan jarri ditut”, adierazi du. Horrez gain, lanean jarraitzeko asmoa duela aurreratu du.