Galerian sartu eta eskuinetara aurki daitekeen lehen obran kontortsionismoa praktikatzen ari den emakume baten bideoa ikus daiteke. Etxeko korridore estuan grabaturiko pieza da, eta une berean proiektore batetik aterata aldatuz doazen diapositibetan, artistaren haurtzaroa gogorarazten duten irudiak ageri dira. Miren Barrena da obraren sortzailea. Zirkuan aritzen da Barrena, eta obra honek zirkuko entrenamenduko lana eta tailerrekoa uztartzeko aukera eman diola adierazi du. "Aspaldi buruan neukan ideia zen halako zerbait egitea, eta konfinamenduak eman zidan gauzatzeko aukera, hots, orain arte ez neukan denbora eta leku finkoa". Galerian aurrera jarraitu eta serigrafiaz osatutako mihise batekin, plastikozko pieza txikiekin edota origamiaren teknika erabilita sortutakoa animaliekin egingo du topo bisitariak, besteak beste. Hain zuzen, duela aste batzuk gizarte osoak igarotako konfinamenduan, 19 artistak sortutako obrak batzen ditu Bilboko Aire galerian ikus daitekeen Konfi19 erakusketak.

Alfonso Ramirez-Escudero galeriako arduradunaren arabera, lagun talde batetik ateratako ideia da Konfi19 erakusketa. "Konfinamenduan harremana geneukan gure artean, eta momentuan bertan, etxeko itxialdian sortzen ari ginenarekin erakusketa bat egitea otu zitzaigun". Dioenez, erakusketak oro har, ez du amankomuneko helbururik eta ondorioz, egoeraren ikuspuntu ironikoak, ludikoak zein fantastikoak batzen dituen bilduma izan da emaitza. "Artearen esparrutik gatozen lagun talde batek egin dugu, baina ez dugu inolako intentzio aprioristikorik izan, ezta kritika egiteko intentziorik ere". Halaber, artistei sortzeko askatasun guztia eman zaiela nabarmendu du Ramirez-Escuderok. "Bakoitzak orain arte egin izan duena egiten jarrai dezan". Halaber, norberaren egitearen gozamenean oinarritzen da ariketa. Hain zuzen, artearen esparruan dihardutenei bultzada bat emateko jaio zen Aire galeria duela hiru urte inguru.

ekimen gizatiarra

Aurretiko asmorik gabe, modu batera edo bestera, denek bizitako esperientzia bati erantzuna ematea interesatzen zitzaien Konfi19 ekimeneko parte hartzaileei. Eta oso "gizatiarra" geratu da erakusketa. "Amankomuneko esperientzia bat izan da, eta gutxitan izaten da baldintzatzen zaituen esperientzia amankomun bat", azaldu du. "Obretan ez dira gai oso transzendentalak jorratu. Bakoitzak bere poetika pertsonalean sakondu du". Ariketa horren ondorioz, denek bizi izandako egoera baten ertz ezberdin eta originalak batzen ditu erakusketak. Artea giza harreman eta adiskidetasun berriak ezartzeko foku gisa ulertzen den heinean, halako egoera zailetan batuago sentitzeko balio izan die artistei ere. Barrenak dioenez, oso atsegina izan da konfinamenduan egindako lan guztiaren zati bat erakutsi ahal izatea eta denbora eta espazioa partekatzea.

Besteak beste, materialen prekarietatea izan dute oztoporik handiena artistek sortzerako orduan. Etxean bertan zeuzkaten baliabideak erabili behar izan dituzte sormenari eragiteko. Ramirez-Escuderok esan bezala "beharra bertute bihurtu behar izan dute". Aitzitik, egoera aztertzeko ikuspuntuetan eta obretan aniztasuna nabari bada ere, artista gehienek bat egin dute formatuan. Hau da, formatu txikiak gailentzen dira erakusketako obretan. "Agian, etxean egoteko moduagatik, etxeko tamainak aukeratu dituzte eta ondorioz, antzeko eskala duten gauzekin topo egin dugu", azaldu du arduradunak.

19 partehartzaile

Batik bat Arte Ederretako ikasle eta irakasleek osatzen dute erakusketa, baina badago sei urteko ume baten obra edota pertsona nagusiago batena ere. Covid-19 birusaren izenari jarraipena eginez, 19 artista batu zituzten ekimenean. Aipatutakoez gain, Julen Aguirre, Luis Candaudap, Naia del Castillo, Usoa Fullaondo, Jon Ander García, Ibon Landa,Asier Luzarraga, Jon Mantxi, Maite Mugerza, Damaris Pan, Fito Ramírez, Unai Requejo, Remco Roes, Ander Sagastiberri, Natalia Suárez Ortiz de Zárate eta Marina Suárez Ortiz de Zárateren lanak daude ikusgai.

Izaskun Araluzea bilbotarrak ere parte hartu du erakusketan. Etxean egindako bi marrazki izan dira bere ekarpena. Abstrakzio geometrikoak dira: "Antolatzeko moduak topatzeko saiakera bat da, figurak paper baten gainean antolatzeko ariketa edota formen bilaketa". Egoerara moldatu bada ere ez duela horren inguruan sortu azpimarratu nahi izan du. Halaber, erakusketak oro har egiten duen ekarpena nabarmendu du. "Jolas bat da erakusketa, eta osotasunean bat egitea izan da kasualitatea". Bideo batekin hasi eta beste batekin bukatzen da erakusketaren ibilbidea. Kasu honetan, Veva Linaza Arte Ederretako irakasleak bere burua grabatu du etxeko eskaileretan gora eta behera ariketa fisikoa eginez. Bideo hori, irudi koloretsuekin nahasten du.

Erakusketa datorren ostiralera, uztailaren 31a, arte dago ikusgai, asteartetik ostiralera 17:00etatik 19:30era Bilboko San Mames Zumarkaleko 11. zenbakian. Abuztuan zehar aurrez hitzordua eskatuta ikusi ahalko da.