Hamabost urte igaro dira Afrika Bibangek (Getxo, 1975) Entzun diskoa argitaratu zuenetik, eta mundu osoan zehar hara eta hona ibili ostean, Euskal Herrira itzuli da. Gogotsu bueltatu da Nomada bost abestiko lan berria esku artean duela, oholtzara igo-tzeko irrikaz.

‘Nomada’ jarri diozu izena lan berriari. Azken urteotan asko bidaiatu duzu, esango zenuke horrek eragin handia izan duela zugan?

Jada urteak dira Bartzelonara joan nintzela eta bertan musika talde batean jotzen hasi nintzela. Asko bidaiatu nuen eurekin: Ibiza, Libano, Paris, Londres, Japonia, Txina? Azken urteotan nomada izan naiz, alde batetik bestera ibili naiz musikarekin. Oraindik ere hala senti-tzen naiz, nahiz eta bueltatu izan, bihotza eta burua hortik bidaiatzen ditut, guztiz lur hartu gabe.

Euskal Herrian gelditzeko asmoarekin etorri zara?

Asmoa basea hemen kokatzea da eta noizean behin ateratzea kon-tzertuak emateko, izan ere, bigarren plano batean dagoen arren, Bartzelonan nuen taldea ez dut utzi oraindik. Aurkezpen moduko bat egin nahi nuen, jendeak jakin dezan bueltan nagoela, hanka apurka sartzeko, eta horregatik atera dut bost abestiko EPa. Denborarekin kanta gehiago eginez joango naiz, horretan nabil jada.

Zure estiloari jarraituz, rythm&blues, soul eta hip-hop doinuak topatuko ditugu lan honetan.

Entzun lanean bezalako musika topatuko dute entzuleek: soul, r&b, hip-hop? Dantzatzeko soinuak dira, baina esango nuke lan honetakoak freskoagoak direla, irekiagoak, tonu alaiagoak... Estiloa mantendu egin dut, musika beltza da Nomada ere.

Zure familia Ekuatore Gineakoa izanda, etxean entzun izan duzun musika mota da hori, ezta?

Gure jatorria kontuan hartuta, nire etxean erreferenteak ezberdinak izan dira. Musika afrikarra, soul musika: Marvin Gaye, The Jackson 5, Stevie Wonder, Aretha Franklin? Txikitatik entzun izan ditut horrelakoak, gurasoek disko horiek bai-tzituzten. Urteak pasa ahala, beste estilo batzuetara moldatu nintzen, rocka, reggae? Egia esan, denetarik entzuten dut, baina nire etxean soul edo jazz musika dira gehien sentitzen ditudanak.

Musika beltza euskaraz egiten duzu. Aldarrikapena beti dago hor sor-tzen jartzen zarenean?

Etsaiak taldearekin hasi nintzenetik eta euskaraz biziko nintzela erabaki nuenean, euskaraz idazteari ekin nion. Gustatzen zaidan musika euskaraz egitea erronka itzela zela pentsatu nuen, inoiz ere egin ez zen zerbait baitzen. Nire buruari galdetzen nion: zelan egingo dut?

Hamabost urterekin euskara ikasi nahi zenuela erabaki zenuen. Sor-tzeko orduan ere hizkuntza hori aukeratu duzu betidanik, esan dezakegu euskararekin harreman estua edo berezia duzula.

Erabaki nuen euskara izango zela sortzeko erabiliko nuen hizkuntza. Erreferente moduan ere bai, ni bezalako egoeran daudenek, hau da, immigranteen seme-alabek, erreferenteak behar dituztela uste dut, ez baitago norbait ezberdina dena, euskaraz egiten duena, oholtza gainean, gainera emakumea? Esango nuke gaztetxoak, eredu hori izanda, gehiago animatuko direla. Horretarako balio dezake nire irudiak.

‘Sua’ du izena lehen singleak. Esan izan duzu antzinako soul kanten eragina duela.

Bai, eragin hori antzeman daiteke: Sam Cooke, Otis Redding? Nik en-tzuten dudana da, azken finean.

Poztasuna islatzen du kantak, soinu fresko eta alaien bidez. Maitasunari buruzko abestia da?

Bizipoza islatzen duela esango nuke, bai. Momentu alai batean idatzi nuen, baina ez da amodiozko kanta bat. Adierazi nahi nuen pertsona batek “bizitza” ematen dizunean sentiarazten dizuna. Pozik nago emaitzarekin.

Helburu zehatzik gabe idatzitako kanta dela diozu. Zergatik?

Jendeak galdetzen didalako ea nori idatzi diodan abestia, baina inolako pretentsiorik gabe egindakoa da (barreak).

Abenduan aurkeztu zenuen diskoa Durangoko Azokan. Zer espero duzu lan honetaz?

Euskal Herrian musika mota honetarako tokirik ote dagoen ikusi nahiko nuke. 2004an Entzun argitaratu nuenean, ez zen batere ohikoa, baina hainbat urte pasa ondoren, espero dut jendearen buruak irekiago egotea. Oholtzara igotzeko gogoa dut. Beti dago tokiren bat, eta ez badago, egin beharko dugu, horretarako gaude, lan egiteko eta jendearen pentsaera zabaltzeko, pixka bat bada ere.

Non izango dugu ‘Nomada’ entzuteko aukera? Baduzu kontzerturik aurreikusita?

Aurkezpen handi gisa, kontzertu berezi bat prestatzen ari gara Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, apirilaren 23rako. Tartean, egongo da kontzertu akustikoren bat ere. Momentuz irratian dago entzungai.