Nøgenek errepidean hamar urte egin ditu eta, lehen aldiz, datorren urtarrilaren 3an Kursaaleko oholtzara igoko dira kontzertu bat eskaintzera, NOTICIAS DE GIPUZKOAren babesarekin (azken sarreren zozketa). Ikusmina izugarria da, eta orain dela hainbat aste agortu ziren sarrera guztiak. Alex Irazusta gitarristak hamarkada honen errepasoa egin du gure egunkariarekin.

Datorren urtean Nøgenen hamargarren urteurrena ospatuko duzue. Hamar urte hauen zer nolako balorazio egiten duzue?

–Aurrekoan horrelako esaldi polit bat irakurri nuen: “Helduak zera dira, helduak direla antzezten duten gazte batzuk”. Egunero da lehen eguna, hori bai, esperientzia gehiagorekin eta buruan ile urdin gehiago dituzula. Bidea deskubritzen ari gara oraindik ere, ilusioarekin.

Nola gogoratzen dituzu taldearen hastapenak?

–Oso nostalgikoak gara. Asko gustatzen zaigu aspaldiko argazkiak konpartitu eta horiek komentatzea. Abestietan ere erreferentzia asko egiten dizkiogu joandakoari. Oso harro gaude hamar urte hauetan egindakoarekin. Normalean ez dugu aurrekoa baloratzen, beti egoten baikara aurrera begira, baina hau, bada, agian, lasaitasunez hausnartzeko inflexio puntu bat. Lehenengo aldiz sold out egin dugu Kursaalen. Nik uste merezi duela kafe bat hartuz egindako bideari harrotasunez begiratzea eta baloratzea. Jakina, gauzak ez dira lehen ahaleginean beti nahi bezala atera, ez da bide erraza izan, baina bai harrotasunez begiratzekoa.

Markel Idigoras Danimarkatik ukelele batekin itzuli... eta hor hasi zen 2016an Nøgenen bidea.

–Nik beti nahi izan nuen horrelako musika proiekturen batean murgildu, baina beti lotsatuta ibiltzen nintzen. Markel justu kontrakoa da. Oso ondo osatzen gara elkarrekin, eta horrela hasi ginen: berak ukelelea eraman zuen Danimarkara eta, beti txistea egiten dut, oso gaizki pasa zuenez, abestiak konposatzen bukatu zuen.

Pop-folk-indie alaia jotzen hasi zineten eta ez zarete horretatik aldendu.

–Abestiak ez ditugu aztertuta egiten, ez dugu eskemarik. Pertsona berdinak izaten jarraitzen dugu eta, orduan, imajinatzen dut gure estiloak bere horretan jarraitu duela.

Esango nuke estilo horretan nahiko aitzindariak izan zinetela euskal musikagintzan.

–Bai, eta nahi gabe. Edo bilatu gabe, behintzat. Guk oso argi genituen gure erreferentziak. Ukelelearen soinua nortasun handiko soinua dela esango nuke. Guk, beti, nahi duguna egin izan dugu, gustatu zaiguna, askatasunez, modan zer dagoen begiratu gabe. Ez gara musikariak, ez dakigu musikaz gauza askorik.

Zergatik diozu hori?

–Ez dakigulako musika irakurtzen, inor ez gara kontserbatoriotik pasa. Aurrekoan, Ura Bere Bidean kontzertuan parte hartu genuenean, benetako musikariez inguratuta geundela iruditu zitzaigun. Gero, aldiz, beraiek ere gurekiko hitz politak zituztela ikusi genuen.

Kontserbatoriotik pasa ez arren, hamar urte errepidean eman ostean, musikari edo artista identitate hori barneratuta izango duzue.

–Ez pentsa. Astelehenetik ostiralera bakoitzak bere lana dauka, eta horrek oinak lurrean mantentzen dizkigu. Asteburuetan musika jotzen kanpoan ibili ondoren, astelehenak berehala ekartzen gaitu lurrera. Jokinek, gure bateriak, zeresan handia eman zuen zerbait esan zuen iaz, alegia, gu ez garela artista sentitzen. Gu langileak gara astelehenetik ostiralera, eta asteburuetan elkartzen gara, beste edozein kuadrilla elkartzen den bezala, baina afaldu ordez kantatu egiten dugu. Bizitza bikoitz horretan bizi gara.

Nola uztartzen dituzue bi bizimodu horiek?

–Ziurrenik gure jende maitatuenaren desadostasun pixka batekin, familiari kasu gutxiago eginez, lagunei, bikoteari, eta lanean fabore handiak eskatuz... Taldearena ez da lan profesionala, baina beste alde batetik, jardunbide ia profesionala eskatzen du egutegiari eta lanorduei dagokienean. Malabarrak egiten ditugu.

Gustatuko litzaizueke profesionaltasun horretara iristea?

–Bai eta ez. Duela bost bat urte galdetu izan bazenigu, denok gazteagoak ginenean, baietz esango genizun. Orain, ordea, bizitza bikoitz hori gure egunerokoan integratzen ikasten ari gara. Asko baloratzen dugu gure askatasuna. Gure ogia honen esperoan balego, nahi ez genituzkeen zenbat kontzertu eman beharko genituzke? Askatasun handia daukagu, eta hori baloratzeko modukoa da.

Nøgen taldeko musikariak, Kursaalean eman behar duten kontzerturako egun batzuk faltan Pedro Martinez

Hamar urte hauetan nazioartean birak ere egin dituzue. Hori izan da politena?

–Bai. Gaztetan edo txikitan amestera ausartuko nintzatekeena baino gehiago bizitzea tokatu zaigu. Txikitan Guitar Hero bideo-jokoan jolasten nintzen. Jokoan garaje batean hasten zara, gero manager bat lortzen duzu eta geroz eta gorago zoaz... Bizitza horrekin amets egin izan dut, bizimodu horrekin, errepideko bizitza horrekin. Orain hamar urte, Markel Danimarkatik ukelelearekin bueltatu zenean esan baligute Japonian edo Kuban kontzertuak egingo genituela, ez genukeen sinistuko. Erokeria bat da.

Bide horretan beste talde batzuekin kolaborazio arrakastatsuak ere egin dituzue. Hor dago Burgoseko La MODA eta ‘Ez da ondo aterako’ abestiaren kasua.

–2017an Salvavida diskoa atera zutenean, Donostiako FNAC gunean topaketa egin zuten zaleekin eta diskoak sinatu zituzten. Hara gerturatu ginen, eta haiei diskoa erosi beharrean gure lehen EP-aren, Lys-en, ale bat eman genien. Handik lau hilabetera gurekin kolaboratzea proposatu genien. San Sebastian egunaren bezpera batean Gasteizko Jimmy Jazz aretora joan ginen han jo behar zutelako. San Sebastian bezpera izanda kristoren muturrarekin joan nintzen, baina ondo atera zen (barre egin du).

Gerora harremana mantendu duzue? Izugarrizko ospea hartu du taldeak.

–Bazkariak egin izan ditugu hemen Donostian, baita Burgosen ere. Oso jende jatorra da, musikari apartak. Gertatzen ari zaizkien gauza on guztiak ondo mereziak dituzte. Nacho Mur izugarrizko deskubrimendua izan zen. Gerora ekoizle lanerako hartu genuen eta, gure ekoizle, lagun eta psikologoa ere izan da. Alde teknikoaz harago, ekoizle baten lanak taldea eta taldekideak ulertzean datza.

Kursaala bete duzue. Nolakoa izango da kontzertua?

–Erabat gurea izango da. Azken urtean ETS ikusi dugu Miribillan eta Zetak Illunben. Horrek ideiak ekarri dizkizu, baina guk gure estilora ekarri dugu kontzertua. Inoiz egin dugun kontzerturik landuena eta bereziena izango da, sakontasun gehien izango duena.

Igoko al duzue gonbidaturik oholtzara?

–Gonbidatu asko izango dira, baita aurpegi ezagunak ere. Baina ez dira ohiko kolaborazioak izango. Beste planteamendu bat izango da, oso Nøgenen estilokoa. Beraz, bai eta ez.

ETS eta Zetak aipatu dituzu. Horrelako ekoizpen eszenikoek langa altuegi jarri dizuete gainerako euskal taldeei?

–Agian bai, edo agian ez. Denborak esango du. Orain arte, inoiz ez da horrelako estandarrik egon maila honetan, eta auskalo zer gertatuko den. Ziurrenik lantaldeko kide bakoitzak bere iritzia izango du, ona ala txarra. Alde onean, euskara inoiz ez da iritsi horrelako publiko masiboetara. Zetak La Revueltan agertu zen. ETS-k Madrilgo Wizink Center eta Bartzelonako Palau Sant Jordi bete zituen. Euskara eta euskal kultura maila hauetara iristea balioan jarri beharrekoa da. Bestalde, horrelako kontzertu baterako jendeak 90 euro ordaindu ondoren, beste zenbat kontzertutara joango da? Ezin jakin. Bakoitzak berea egin behar du. Badago, bestalde, sold-out fenomenoak ekarri duen presio edo ezinegon moduko bat. Sare sozialetan maiz ikusten dut eta gu horretatik aldentzen saiatzen gara, gabardina jantzi eta ez gaitzala busti.

Sold-out’ fenomenoa marketin estrategia bihurtu da.

–Kursaaleko kontzerturako guk ere kanpaina egin genuen. Seguruenik gu geu ere errudun izango gara antsietate hori edo dinamika hori sortzerako orduan, baina nahi gabe sentitzen duzu.

Hamargarren urteurrenarekin EP berri bat kaleratu duzue aurten: ‘Galdu baino lehen’.

–Oraindik gure abesti propioak ez zirenekin osatu dugu, hau da, 2016an jotzen genituenekin. Ahaztu edo galdu baino lehen, Nøgenen lehenengo pausoak suposatu zituzten abesti horiek modu berezian grabatu nahi genituen: denok batera, toma bakarrean, dagoen bezala, bere akats eta guzti. Oso pozik gaude emaitzarekin.

Nøgenek baditu hamar urte hauetan sortutako zenbait ‘hit’, ‘Nora’ eta ‘Enarak’, esaterako. Zer suposatu dute zuen ibilbidean?

–Guretzako bultzada handia izan dira, baina gero, gu geu ere, horiekin aspertu egiten gara. Publikoak abesti bati edo besteari lotzen zaituzte, eta guk kontzertu guztia eskaintzen genuen, jendea azkeneko abestia, hit hori, noiz iritsiko zain zegoela. Bitasun bat dago: asko maite ditugu, baina era berean gehiegi ikusi, jo edo entzun ditugu. Halere, egia esan, zaila egiten zait Nøgenen kontzertu bat irudikatzea Nora edo Enarak jo gabe.

Kursaaleko kontzertuaren ondoren, zer etorriko da?

–Urtarrilaren 3an helaraziko ditugu gure asmoak (barrez).