Síguenos en redes sociales:

“Durangoko Azoka etengabeko mugimenduan egon den arren, bere esentziari irmo eusten dio”

Durangoko Azokaren diseinu berriak kartel posible bakar bat ez dagoela aldarrikatzen du, Azoka irudi bakar baterako biziegia, anitzegia eta aldakorregia baita

“Durangoko Azoka etengabeko mugimenduan egon den arren, bere esentziari irmo eusten dio”

Durangoko Azokak 60 urte bete dituen urte honetan, unibertso bisualak protagonismo nabaria hartu du. Hala, edizio honetako nortasun grafikoa sortzeko ardura Iratxe Reparazek izan du, arte eta irudien norabidean erreferentzia gisa finkatzen ari den sortzaileak. Gainera, aurtengo spot-aren sorreran ere parte hartu du, Azokaren arima ikus-entzunezko lengoaiaren bidez berrinterpretatuz.

Ezagutzen ez zaituenentzat... Nola definituko zinateke artista gisa? Zer da sortzera bultzatzen zaituena?

–Ezagutzen ez nautenentzat, artista kuriosotzat definituko nuke nire burua, etengabeko bilaketan dagoen norbait. Benetan sortzera bultzatzen didan grina hori da zerbait berriari forma ematea: munduan oraindik existitzen ez den zerbait sortzea eta jendearekin partekatzea. Niretzat artea zubi bat da; ideia, emozio edo intuizio bat gauzatzeko eta besteek hori ikusi, sentitu edo interpretatu ahal izateko bidea. Berritasunaren txispa hori da esploratzen jarraitzera animatzen nauena; imajinatzen duzun zerbait errealitate bihurtzea eta publikoari irekitzea, alegia. Azkenean, sortzea da munduarekin hitz egiteko modu bat, nire arrastoa uzteko era bat edo gainontzekoei ikuspegi berriak deskubritzeko gonbidapen bat. Nire kasuan, espresio hori ia-ia beharrizan fisiko batean bilakatu da; barruan dudana bisualki kanporatzeko modua.

60. urteurreneko kartela ilustratzeko enkargua mugarri garrantzitsua da. Zer sentitu zenuen Azokaren irudia sortzea proposatu zizutenean?

–Proposamena iritsi zitzaidanean poza, pribilegioa eta ardura sentitu nituen, baina batez ere gogo eta ilusio handia. Banekien bizitzan behin gertatzen diren aukera horietakoa zela; izan ere, nire ibilbide profesional zein artistikoan jaso dudan proposamen garrantzitsuenetako bat dela esango nuke. Emaitzarekin oso pozik nago, gustora geratu naiz: jasotako feedback-a oso ona izan da, eta uste dut ez dugula kartel soil bat sortu, identitate bat baizik; hizkuntza independente baten moduan funtzionatzen duen esperimentu bat.

Zer kontatu edo transmititu nahi izan duzu kartelekin, eta nondik sortu zen lehen ideia hura?

–Aurtengo kartelaren atzean dagoen ideia nagusia kartelak infinituak direla da. Edizio honetan ez dago kartel bakarra, unibertso bat sortu dugu. Hasieratik argi nuen Durangoko Azoka ezin dela irudi bakar batean islatu: mugimenduan dagoen espazioa da, kultura bizia, euskal kultura ospatzen, partekatzen eta etengabe eraldatzen den lekua. Horregatik, irudi batek ezin du bere osotasuna jaso. Kartelaren mugagabetasun horrek Azoka bizitzeko, ulertzeko eta sentitzeko modu ugari daudela adierazten du. Kartel bakoitza, 60.urteurrenaren aldaera bat da: lerroak bihurritzen, mugitzen eta dantzan ari dira, euskarak egin duen ibilbide biziaren antzera. 

Nola definituko zenituzke modu sinplean zure estilo eta eraginak?

–Ez dakit zehazki zein den nire estiloa, baina bai nire proposamenaren muina: Arbizukoa naiz, Euskal Herriko herri txiki batekoa, eta horrek eragin zuzena du nire egiteko moduan. Herri txiki batean, hizkuntza txiki bat hitz eginez hazi izanak erakutsi dit txikitasunean badagoela handitasuna; ideia askok ere hori dutela. Nik potentziala ikusten diet ideiei, txikiak izan arren. Ez dut inoiz amore ematen, eta beste batzuk ikusezina edo hutsala ikusten duten lekuan, nik hazi bat ikusten dut: zerbait handia bihur litekeena. 

Aurtengo spotean ere parte hartu duzu. Zer dela eta? Zer transmititu nahi izan duzu?

–Niretzat ez da bakarrik kartel bat gauzatzea; ahots edo hezkuntza bat sortzea baizik. Eta kasu honetan spota pieza independentea den arren, ideia nagusiaren parte izaten jarraitzen du, zerbait berria kontatzen duelarik. Kasu honetan, mugimenduaz hitz egin nahi genuen, hori ere badelako Durangoko Azoka: mugimendua, etengabeko eraldaketan dagoen espazio kultural bat. Horretarako, logotipo erraldoia inprimatu, eta gainean dantzari bat jarri genuen dantza kontenporaneoaren bitartez mugimendu hau modu metaforiko batean interpretatuko zuelakoan. Era berean, beltzez jantzitako neska letra koloretsuen gainean dantzan aritzeak Durango jendearentzat zer den adierazten du, hots, kolore horiek xurgatzeko eta gure arimak betetzeko tokia. Izan ere, Durangoko Azoka etengabeko mugimenduan egon den arren, bere esentziari, nortasunari eta sustraiei irmo eusten dien espazioa da: mugimendua baina irmotasuna ere, aldi berean. 

Nola ikusten duzu ilustrazioaren rola gaur egungo euskal kulturan?

–Nik ez dut zehazki ilustrazio munduan lan egiten, arte-zuzendaritzan baizik, eta kanpotik ikusten dudana da gaur egun gero eta garrantzi gehiago ematen zaiola bisualari. Ilustrazioak komunikatzeko modu indartsua eskaintzen du, eta presentzia gero eta zabalagoa izan beharko lukeen diziplina dela uste dut.

Azokak badu zerbait berezia. Zerk inspiratzen zaitu gehien espazio honetatik? Zer esanahi dauka zuretzat?

–Nire ustez Azokak gaitasun paregabea dauka euskaldunok elkartzeko, eta bertan sortzen den giroa benetan magikoa iruditzen zait. Bertan nire bi munduak elkartzen dira: pertsonala eta mundu profesionala. Alde batetik, familia eta lagunak bertaratzen dira eta une politak partekatzen ditugu elkarrekin; baina bestetik, Euskal Herrian dauden proposamen berriak, betikoak zein ezberdinak urtero ikusten ditut , baita bertan gertatzen diren sinergiak ere. Askotan jendeak stand-ean gertatzen dena ikusten du baina horren atzean ere gauza asko gertatzen dira; eta nire ustez, urtean zehar ikusten ditugun gauza asko Azokako egun horietan sortzen hasten dira. 

Esperientzia honen ondoren, zer egin edo esploratu nahiko zenuke artista gisa? Erronka berriak ba al dituzu?

–Irudiak edo istorioak sortzeko grina horretatik, betidanik izan dut zinemaren mundua buruan. Gustatuko litzaidake egunen batean zinemarako zerbait sortzea; istorio bat kontatzea. Hainbeste jende biltzea pelikula bat edo film labur bat sortzeko benetako artelan bat dela iruditzen zait, ia “milagro” bat. Istorio oso politak eta garrantzitsuak konta daitezke, eta gustatuko litzaidake egunen batean horretan aritzea; amets bat izango litzateke.