Síguenos en redes sociales:

“Adimen Artifizialak ezin du ‘Ulises’ euskarara itzuli; asko hobetu beharko du itzultzaileoi lana kentzeko”

1985. urtean argitaratu zuen Xabier Olarrak bere lehen itzulpen lana. 40 urteko ibilbidearen ostean eta euskarara dozenaka nobela ekarrita, Itzultzaile Baten Obrari Emandako Espainiako Saria eman dio Estatuko Kultura ministerioak.

“Adimen Artifizialak ezin du ‘Ulises’ euskarara itzuli; asko hobetu beharko du itzultzaileoi lana kentzeko”Oskar Montero

Xabier Olarra (Tolosa, 1953) Karteroak bi aldiz deitzen du beti eleberriaren euskarazko itzulpena besapean zuela hurbildu zen 80. hamarkadaren erdian eta inor ezagutzen ez zuela Elkar argitaletxeko bulegoetara. Hura izan zen argitaratu zuen lehen itzulpena eta harrez gero dozenaka egin ditu, gehienak, genero beltzeko eleberriak. 1989an, Hernanin irakasle zela, Igela argitaletxea jarri zuen martxan Joseba Urteaga eta Jose Manuel Gonzalezekin batera. Thriller irakurterraz eta interesgarriak itzuli nahi zituzten euskarara, baita ospe handiko literatur lanak ere. Hiru aldiz irabazi du Itzulpengintzaren Euskadi Saria. Azkenekoa, 2015ean izan zen, James Joyce-en Ulises lan konplexua gurera ekartzeagatik.

Nola hartu zenuen Itzulpen Sari Nazionala egokitu zitzaizunaren berria?

Ilusio handiz. Kontua da oso zaila dela Madrilera joan eta han hamahiru pertsonako epaimahai batek, gehienak euskaraz tutik ez dakitenak, sari bat ematea. Horregatik gertatu da euskarazko obrak baztertuak izan direla, besterik gabe epaimahaikoek hizkuntza ezagutzen ez dutelako. Ibilbidea epaitzeko garaian, kasu honetan bezala, beste kontu bat da. Zuk curriculumean hainbat obra badituzu ezagunak direnak, eta han direnek ezagutzen dituzte horiek itzultzearen zailtasunak. Horrekin batera, epaimahaiak badaki itzultzaile horrek zer beste sari edo errekonozimendu jaso dituen. Euskadi Saria James Joyce-en Ulises itzultzeagatik jaso baduzu edozein epaimahaik aintzat har dezake. Hain zaila izanik horrelako zerbait lortzea, pozarren hartu dut.

Euskadi Saria aipatu duzu... ohituta ere bazaude sariak irabaztera.

Ohitu, ohitu... Zer esango dizut! 1985ean hasi nintzen eta, 2006ra arte 20 urtez nire martxan jarraitu nuen, urtero obra bat edo batzuetan bi itzuliz. Sarien bila ez naiz ibili, baina etortzen badira, ongi etorriak izan daitezela.

80. hamarkadan hasi zinen lan horretan. Gogoratzen duzu James M. Cainen 'Karteroak bi aldiz deitzen du beti' euskarara ekartzean izandako sentsazioak?

Oso gogoan dut. Nobela beltz peto bat euskaraz argitaratzea oso harrigarria zen, ez zegoen horrelakorik. Bordelen nengoen orduan tesia egiteko asmotan eta liburu-zaharren dendetan ingelesez eta frantsesez horrelako dozenaka eta dozenaka titulu ikusten nituen. Ez nuen tesiaren lana alde batera utzi, baina askoz interesgarriagoa iruditu zitzaidan euskaldunek horrelako liburuak izatea. Nire kabuz hura itzuli eta Elkar argitaletxera joan nintzen. Han ez nuen inor ezagutzen, baina itzulpena eskaini nien.

Nobela beltza bereziki interesatu zaizu beti?

Orain baino, memento hartan interesatzen zitzaidan gehiago. Hondartzara joaten nintzenean, horrelako irakurgaiak eramaten nituen, hondartzan irakurtzeko paregabeak direlako. Asko ez dira oso luzeak izaten, gainera, eta hondartzan hasten nituen goizez eta arratsaldean etxean bukatzen nituen. Eta hurrengo egunean beste batekin hasten nintzen. Uste nuen horrelakorik euskaraz behar zela, baina denok ez ditugu premia berdinak eta, gaur egun, jendea hondartzan liburuekin ikustea oso gauza harrigarria da.

Diotenez irakurzaletasuna hazi egin da azken boladan. Ez dakit hori beste hizkuntza batzuetan bakarrik ematen den edo baita euskaraz ere.

Bai, gertatu da. Gure garaian baino irakurle gehiago egongo da, baina, kontua da, hori ez dela behar adina argitaletxe batek lasaitasunez euskarazko liburuak argitaratu ahal izateko. Igela argitaletxean argi ikusi genuen hori. Pentsatzen genuen hamar urteko epean 100 nobela beltz aterako genituela, baina 25 urte pasa eta 25 argitaratu genituen. Merkatuak eta irakurzaletasunaren mailak agintzen du.

Imajinatzen dut itzultzaile batek lan bati ekin behar dionean, hizkuntza eta obra bera sakon ezagutzeaz gain, itzultzen ari den autorea ere ondo ezagutu beharko duela, ezta?

Komeni da, baina nobela beltzaren kasuan badira ehundik gora eleberri dituzten autoreak (barre egin du). Agatha Christie da horietako bat. Beraz, dozena erdi bat ezagutzen badituzu, egile hori ezagutu egiten duzu. Beste idazle batzuk badira hasieran modu batean hasten direnak eta gero aurreratzean beste molde batzuk hartzen dituztenak, eta azkenean beste batzuk. James Joyce-ren kasuan horrelakoa da, esaterako. Haren Dublindarrak edozeinek irakurriko dizu oso narrazio modu klasikoan egina delako, nahiz eta modernoa izan. Noski, hortik Ulises-era salto egiten baduzu oso bestelako gauza bat da. Dublindarrak ezagutzeak lagunduko dizu baina hor aurrean daukazuna oso bestelako zerbait da. Autoreak goitik hasita eta beheraino ezagutzea komeni da, eta jakina, kasu batzuetan besteetan baino errazagoa izaten da.

Ulises’ izan al zen buruhauste gehien sortu zizun itzulpena?

Horretan ez daukat dudarik. Gainera hiru urtez buru-belarri lan egin behar izan nuen horretan eta nik beste ezertan ez dut hiru urtez buru-belarri lan egin beharrik izan. Hainbat gauzari behin eta berriz bueltak eman behar izan nizkion eta, halere, baditu gainditzen oso zailak ziren hainbat koska itzulezinak, ulertezinak… Horri erantzuna ematea zaila izaten da eta itzultzaileak ahal duena egin behar du, ahal duen txukunen, baina horrekin ez dira konpontzen hor dauden arazo guztiak.

Beste hizkuntzetara eramandako bertsioak ere kontsultatu beharko dira?

Itzultzailea oso harroa edo oso tontoa ez bada, bai. Ez dut esango bestea kopiatzera joango denik baina zenbait oztopo topatzen baldin badituzu, saiatu beharko duzu horiek moldatzeko besteek zer egin duten ezagutzen, komeni zaizu. Ulises-en kasuan bada obra bat osoki nobelaren oharrei eskainitakoa (Ulysses Annotated). Hori goitik behera errepasatu nuen eta nire itzulpenaren atzeko aldean lau bat mila ohar jaso nituen. Horietatik mordoxka bat nik neuk jarritakoak dira, ulertzeko zer problema zeuden, hitz-jokoen esanahia eta beste hainbat kontu azalduz. Horrela irakurleek, noizbehinka, itzultzailearen porrotak ere gertatzen direla ulertuko dute.

Zenbaitetan ez da hizkuntzen arteko kalko zuzenik egongo, ezta? Hitz-jokoetan, adibidez.

Formula asko ezin dira zuzenean itzuli eta zeharka ere nahikoa lan (barre egin du).

Eta horrelakoetan zer egiten da edo zer asmatzen da?

Batzuetan zeharkako hitz-joko paraleloak egiteko moduak izaten dira. Ez dago beti egiterik, baina batzuetan bai eta hori itzultzailearentzat pozbidea izaten da. Baina beti ezin da asmatu. Orduan, ohar batean argitzen ahal baduzu hitz-joko ulertezina dela, bada horrela egiten duzu. Noski, nobela batean bi hitz-joko ulertezin baldin badaude ez da ezer pasatzen, baina Ulises bezalako liburu batean gerta zitekeen hitz-joko ulertezin horiek 50 izatea… Horrelakoetan hobe da saiatzea gauzei buelta ematen eta, ezinezkoa baldin bada, aitortu egin behar ezinezkoa dela.

Zein da gozamen handiena eman dizun itzulpena?

Ziurrenik, Ambros Bierceren Deabruaren hiztegia eta Raymond Queneauren Estilo-Ariketak liburuenak. Biak dira umore handiko obrak eta horiei buelta ematea eta txukun samar geratzea, gozamena da itzultzailearentzat. Horrelako obrarik ez dago hogeita hamarnaka. Holakoek literaturak dituen xehetasunetara iristeko ahalegina egitera behartzen zaituzte.

Obra bat itzultzeko zeintzuk dira zure prestaketa lanak?

Autore hori eta obra bera ezagutzea litzateke lehenengo pausoa. Adibidez, Truman Capoteren Odol hotzean itzuli nuenean, nik gaztelaniaz irakurria nuen hamabost bat urte lehenago. Txunditua gelditu nintzen obra horrekin, harrigarria iruditzen zitzaidan suspensea nola eramaten zuen. Lanetik atera eta etxera etortzen nintzen korrika nobela hori irakurtzen jarraitzera. Hori ez da gertatzen liburu askorekin. Orduan bertsio hura ezagutzen banuen ere, jatorrizkoa urte askotara ezagutu nuen. Modukoa iruditu zitzaidan eta euskaraz ere arrakasta izan zezakeela pentsatu nuen; eta halaxe izan zuen.

Igelan aritu zara urte luzez. Nola baloratzen duzu argitaletxearen bilakaera?

Hasieratik, agian, gure helburuak oso goitik jarrita hasi ginen, baina errealitatea zer zen azkar ikusi genuen, bizpahiru urtetan. Orduan irakasleak ginen Igelako bi eta ikasleentzat irakurterraza zen sail bat martxan jarri nahi genuen, guretzat oso interesgarriak ziren nobela beltzekin. Horretan jarri genuen gure indarren parte handi bat. Bestetik, munduko literaturan obra ospetsu eta aintzat hartuak euskaraz ere eskaini nahi genituen. Odol hotzean, Gauaren muturrerainoko bidaia eta beste hainbat eman genituen hor. Ibilbidea markatua genuen baina gure ahalmena ere ez zen hainbestekoa. Bidelagunak bilatzen genituen, jada euskaraz trebatutako jendea, obra horiek euskarara ekartzeko. Hori izan zen gure 25 urteko ibilbidea, guk gurea alde batetik jarriz eta lanerako bestelako bidelagunak bilatuz.

Nola ikusten duzu gaur euskarazko itzulpengintzaren sektorea?

Guk pentsatzen genuen horrenbesteko ahaleginaren ondoren lortuko genuela irakurle jende mordo bat eta horrek bultzatuko zuela itzulpen gehiago egin ahal izatea. Ez guk bakarrik, baita beste argitaletxeek ere. Hori nahiko martxa apalean joan da eta gaur egun argitaratzen dira gauza mordoxka bat urtero irakurtzeko modukoak. Oro har itzulpen onargarriekin ari da osatzen ondare hori guztia. Hasi ginenean ez zegoen eta orain badago. Lehen modu bateko zailtasunak zeuden eta orain beste modu batekoak daude, baina zailtasunak egon badaude.

Zer egin beharko litzateke egoera hobera joan dadin?

Hori erantzuteko giltza banu, ziur aski, argitaletxe oso boteretsu eta handi bateko nagusia nintzateke (barre egin du). Gaur egungo gazteek dituzten estimuluak kontuan izanik, mobila besapean dutela jaiotzen diren belaunaldietan irakurzaletasuna bultzatzea oso lan zaila da. Irakurle taldeetan zer jende dagoen ikusten baduzu, gehienak berrogeita hamar urtetik gorakoak direla konturatuko zara.

Halere, badirudi ‘booktuber’ fenomenoari esker gazteak literaturara etorri direla, genero fantastikora behintzat. Ez dakit fenomeno hori euskaraz ere ematen den edo ez.

Igelan ere argitaratu zen zientzia-fikziozko nobela bat eta bere mailan arrakasta izan zuen. Horrelako fenomenoak han edo hemen argitaratzen dira, Blackwater saga, esaterako. Hori ere euskaraz ateratzen ari da eta dirudienez badu bere arrakasta txikia. Horrelako hainbat saio egiten dira eta egin beharko dira. Denetik ekarri beharko da euskarara, Annie Ernaux bezalako idazle serioak, bai eta gero beste estilo batzuetakoak ere. Guk nobela beltzarekin egin bezala, agian, orain fantasiari eta zientzia-fikzioari eman beharko zaio toki gehiago.

Nola ikusten duzu Adimen Artifizialaren erabilera itzulpengintzan?

Adimen Artifizialak balio du, balio duenerako. Alegia, lagungarri gisa laguntza ematen ahal dio idazleari, itzultzaileari eta beste askori. Hori bai, gauzak roboten esku uztea oso arriskutsua da. Eta robotez gehiegi fidatzea ere bai. Egingo dituzte itzulpen automatikoak eta beste zenbait gauza, baina, oraindik, itzultzaileak bete beharko du bere papera eta, are gehiago, literatur itzultzaileak. Gertatuko da, agian, itzultzaile automatiko edo neuronalekin testu teknikoak gero eta hobeto itzuli ahal izango direla, ados. Baina literatura itzultzeko beste baliabide batzuk behar dira eta, oraingoz, itzultzailearen eskua ezinbestekoa da, zorionez.

Adimen Artifizial batek, beraz, ezingo luke ‘Ulises’ euskarara ekarri.

Ziurrenik ez Ulises eta ez beste nobelarik, kazetaritza testu baten oso antzekoa ez bada behintzat, kazetaritza testuek badituztelako beren espresio modu zehatzak. Nik egin izan ditut probak eta nobela sinpleenarekin ere kristoren muturrekoak ematen dituzte. Zorionez, lagungarri gisa erabil litezke, baina oraingoz, behintzat, asko hobetu beharko dute guri lana kentzeko.

Akaso, eta lehenago hitz egin duguna kontuan hartuta, itzulpen bat ez delako hizkuntza batetik bestera kalko bat egitea. Giza ulermena eta interpretazioa behar dira.

Adimen Artifizialak oso gauza xinpleak egiten ditu. Laburpen bat egiteko eskatzen baldin badiozu, adibidez Sofoklesen ez dakit zein obrarena, ondo egingo dizu: hauek dira pertsonaiak, hau da planteamendu nagusia, gatazkak hauek dira eta konponbidea hauxe da… Hori ondo egiten du, baina esaiozu Sofokles itzultzeko. Ikusiko duzu zer egiten duen. Lehenik eta behin ez du ezberdinduko jatorrizkoa antzinako grezieraz edo gaur egunekoaz idatzita dagoen, alfabetoaz bakarrik baliatuko baita.

Bazabiltza orain itzulpen berriren batekin?

Ez naiz hasi baina proposamenak bota ditut. Berak esandakoarekin aurrera segituko dut. Ez dut gogorik obra mardulak eta luzeak lantzeko. Nahiago ditut laburragoak, hobeto kontrolatzen ditudanak, perla txikiak direnak, Joyce Carol Oatsen Bortxaketa esate baterako, bestelako Ulises-ak baino. Horrelakoek irakurlea ere errazago topa dezaketela iruditzen zait. Berriki adostu dut Igelako editorearekin obra labur baten itzulpena, eta emaitza datorren urtean, Adimen Naturala lagun, izango du eskuragai euskal irakurleak.