Lander Majuelo Igelako editoreak komunikabideei bidalitako ohar batean adierazi duenez, argitaletxearen jabeek, hau da, Ereinek, proiektu editorialarekin amaitzea erabaki omen dute. “Lagunok, bukatu da. Igelaren jabeek, arazo ekonomikoak direla medio, argitaletxea gelditzea erabaki dute” esanez hasi du Majuelok bere komunikatua. Handik gutxira, Ereinek berak gezurtatu du editorearen esanak, hizkera nahiko gogorreko kontra-komunikatu baten bidez: “Irakurleen eta euskaltzaleen lasaitasunerako, noski, Igelaren katalogoa eskuragarria egongo da eta Ereinek ahal duen guztia egingo du proiektu editoriala aurrera ateratzeko orain arte egin duen bezala”.

Igela 34 urteko ibilbidea duen argitaletxea da. Hasiera-hasieratik literatura unibertsaleko autoreak euskarara ekartzeko hautua egin zuten Xabier Olarrak, Josean Urteagak eta José Manuel Gonzalezek, proiektuaren lehen bultzatzaileek. Horrela, Iruñean finkaturik, 1989. urtean lehen bi liburuki euskaratu zituen zigiluak: Horace MacCoyen Zaldiak akatzen ditugu ba... eta Sherlock Holmesen lehen abentura, Arthur Conan Doyleren Zirriborro eskarlata.

Hiru hamarkadaren bueltan Raymond Chandler, Agatha Christie, Pier Paolo Pasolini, JRR Tolkien, Truman Capote, Annie Ernaux, Ursula K. Le Guin eta Louis-Ferdinand Céline bezalako erreferenteen lanak euskaratu dituzte. Orain hiru urte, orduko jabeak jubilatzeko zeudela, Ereinek Igela erosi zuen “Nafarroan eta Euskal Herri osoan argitaletxe horren beharra dagoela iritzita”. Zentzu berean, argitaletxeak erabaki zuen Iruñean bertan langile bat kontratatzea –Majuelo– eta “hari autonomia guztia ematea”, beti ere, aldeek “errentagarritasunaren gaineko helburu eta eginkizun” batzuk adostu zituztelarik. “Aurrez itundutako helburu eta eginkizun horiek bete ez direnez, langile horren gaineko kontratua bertan behera utzi behar izan du Ereinek”, adierazi dute argitaletxeko iturriek, gerora gaineratzeko haiek ez dutela “erabaki Igela argitaletxea gelditzea”. “Aurreneko kasua litzateke munduan kaleratutako langile batek erabakitzen duena enpresaren jarduna noiz gelditzen den”, adierazi dute tonu gogorrarekin.

Orain arte Igelak kaleratu duen azken lana, XX. mendeko japoniar literaturan sona handia izan zuen Yukio Mishimaren Maskara baten aitortza lan autobiografikoa da, Iker Alvarezen itzulpenarekin eta Angel Erroren gibel-solasarekin. Aurten bost egileren beste hainbeste lan argitaratzea aurreikusi zuten. Joyce Carol Oates, Fiodor Dostoievski, Adania Shibli, Zadie Smith eta Annie Ernauxen obrak izango dira horiek, eta Ereinek argitu duenez horiek argitaratzeko asmoa du eta, “gero, erabakiko du aurrerantz zein modutara jarraituko duen” Igelak, beti ere, “proiektu editorialarekin” aurrera segitzeko asmoarekin.