Irakurle askoren ustez, inoizko libururik konplexuena da James Joyceren Ulises. Irakurtzeko zaila bada, zer esanik ez itzultzeko. Badira, ordea, desafio handienen aurrean kikiltzen ez direnak, eta horietako bat dugu Xabier Olarra (Tolosa, 1953). XX. mendeko maisulan literario hau euskarara ekartzeko erronka beregain hartu du eskarmentu handiko itzultzaileak, eta marka guztiak hautsiz, gainera: 2022an jarri zuen Joyceren eleberri sonatuena euskaratzeko epe muga, baina hiru urtean amaitu ditu lanak. 1.024 orrialdeko liburu oharduna da emaitza.

Noiz sortu zen ‘Ulises’ euskaratzeko ideia?

Ideia, berez, aspaldikoa da, baina 2012an hartu nuen erabakia eta orduan hasi nintzen lanean. Presarik gabe, 2022rako egitea pentsatu nuen hasieran, Ulises argitaratu zeneko mendeurrenerako, hain justu. Hamar urteko tartean ez zegoen egiteko ezinik. Esan nahi dut, nahi baduzu, egiten duzu. Baina Europako Batzordeari diru-laguntza eskatu genion, eta horrek exigitzen du laguntza ematen denetik bi urtera lana bukatuta egotea.

Erritmoa dexente bizkortu behar izan duzu, beraz.

Bai. 2015eko ekainaren 16an amaitzen zen epea, Bloom’s Day esaten zaion egun horretan, Ulises-en kontakizuna gertatzen den egunean, hain justu. Beraz, bai, buru-belarri jardun dut azken hiru urteotan, aurtengo udan dena bukatu behar izan dudalako. Hiru urte pasa ditut buruan Ulises besterik ez nuela.

Presio hori gainean izanik, lan honek zenbat izan du gozamenetik eta zenbat zamatik?

Gozamenetik gehiago, jakina. XX. mendeko nobela esanguratsuenetako bat esku artean duzunean ezin duzu kontrakoa esan. Arazo bakarra denbora izan da. Hala ere, horrelako lan batekin presio puntu bat ondo etortzen da, bestela dena albo batera uzteko arriskua dago. Jose Maria Valverderen espainolezko argitalpena, adibidez, bi urtean itzuli zen. Beste ba-tzuk denbora gehiago hartu dute, baina hori bakoitzaren araberakoa da. Hori bai, behin epe bat duzunean horrek eskatzen dizu egunero jo eta ke aritzea. Nik egunero 10, 12 edo 14 ordu eskaini dizkiot honi.

Zergatik igaro behar izan dira hainbeste urte ‘Ulises’ euskaraz irakurri ahal izateko?

Batetik, obra bera den bezalakoa delako. Joyceren lan hau ez zen arratsalde bateko burutazioa izan. Jende askok liburua irakurtzeko nahiko lan izan du, iruditzen zaiolako testu oso konplikatua dela. Eta irakurtzeko zaila bada, pentsa itzultzeko. Bestetik, eta argitaletxeen ikuspegitik, pentsa daiteke liburu honek izango dituen irakurleak ez direla asko izango. Bi faktore horiek ziurrenik zerikusia izango zuten eta horixe gertatu da, orain arte inork ez diola heldu.

Itzultzailearen helburua beti izaten da jatorrizko obrarekiko fideltasuna mantentzea. Kasu honetan, zein punturaino izan da hori posible?

Ahalik eta fidelena izaten saiatu naiz, baina kontuan izan nire liburua edizio oharduna dela. Horrela behar zuen. Izan ere, lan originalean badaude hitz eta esaldi batzuk ezinbestekoak direnak Ulises ulertzeko, baina jende askok ulertu ezin dituenak. Irakurlea ez galtzeko lagungarri dira bildu ditudan ohar horiek. Hiru milatik gora daude guztira. Badira ohar gehiagoko liburuak ere, dena den. Ingelesez ere edizio ohardunak egiten dira, hizkuntza horretan ere beharrezko ikusten dutelako hala egitea. Bada, pentsa mundu anglosaxoitik kanpo bizi garenontzat?

Zein laguntza edo erreferentzia baliatu dituzu itzulpena egiterakoan?

Badaude beste Ulises ohardun batzuk ezinbestekoak direnak jatorrizkoa ulertu ahal izateko. Eta badago liburu bat, Annotated Ulysses, jatorrizkoa bera baino luzeagoa eta sarri kontsultatu dudana. Hori aldamenean ez baduzu, galduta zaude. Hori izanda ere, askotan ezingo diozu guztiari erantzun egokia eman, eta konformatu beharko duzu testuaren hurbilketa bat egitearekin. Nik edizio ohardun bat egin dut azaltzeko zergatik gauza batzuei ezin zaien buelta eman.

Zeintzuei, adibidez?

Badaude arazo batzuk erraz konpontzen direnak, edozein itzulpenetan bezala, baina beste batzuek ez dute irtenbiderik. Badira, adibidez, hainbat hitz-joko bere baitan izen propioak biltzen dituztenak, eta askotan ezinezkoa da itzulpen erabat zuzena egitea. Beste bide batzuetatik jo beharra dago: testuak egokitu, beste baliabide batzuetara jo... Nolabait ere, konpentsatu behar da testuan galtzen dena. Halabeharrez galtzen diren gauzak daude, itzulpen guztietan gertatzen da hori, baina kontua da irakurlea ez galtzea itzulpen horretan. Lan honekin ez dago edozein arinkeriarekin aurrera ateratzerik.

Zenbateraino bihurtu da obsesio itzulpen hau?

Ezinbestean bihurtu da, bai, baina nik gustu handiarekin hartu dut hasieratik. Oso entretenigarria izan da; hamar urtean egin ahal izan banu are gehiago gozatuko nukeen. Hainbeste aipamen eta zeharbide dituen nobela honek aukera ematen dizu alde batetik tiraka beste bide batzuk hartzeko. Nahiana denbora igaro dezakezu honetan. Kontua da diziplina minimo bat behar dela eta ihesbideetatik ateratzen jakin.

Liburua argitaratzearekin batera antzerki obra ere estreinatu da.

Bai. Liburua hain urruna egiten zaion irakurleari berau hurbiltzeko modu interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen. Antzerkian ematen dena liburuaren bukaerako azken atala da, Molly Bloomen bakarrizketa, ziurrenik historiako bakarrizketa ezagunena dena. Atal horrekin antzezlan desberdinak egin izan dira, hizkuntza askotan. Nik Dublinen ikusi nuen aktore bat bakarrizketa horretan oinarrituriko antzezlan bat egiten. Pentsatzen dut hemen ere antzezlanak lagunduko duela jendea liburura gerturatzen.