Elkarrek bazuen zor bat, eta azkenean gauzatu da. Ostegun honetatik aurrera, Antton Valverde (Donostia, 1943) musikari eta abeslariak eskura du bere diskografia osoa errepasatzen duen antologia, aldi berean "belaunaldi berrientzako ondare" izango delarik. Guztira, 35 abesti biltzen dituen disko bikoitzean, bere bi pasio handitan murgiltzeko aukera izango dugu, bertsolaritza eta olerkiak; eta horrez gain, Angel Lertxundik bere bizitzaren inguruan idatzitako testua ere badakar.
"Aspalditik geneukan antologia hau kaxoi batean gordeta, eta aurtengo Adarra Sariaren ondoren argitaratzea, omenaldi polita izango zela iruditu zitzaigun", azaldu du Andres Camio Jitu argitaletxeko musika arloko arduradunak ostegun honetan, Donostian antologia aurkezteko ekitaldian, Valverde bera ere bertan zela.
Joan den ekainaren 21ean jaso zuen musikari donostiarrak hiriko Udalak Victoria Eugenia Antzokian emandako saria, eta orain iritsi zaigu Angel Valdesek egindako 35 kantuko aukeraketatik abiatutako antologia. "Aspalditik geneukan zerbait egiteko gogoa, eta horra emaitza. Kontu handiz eginda dago eta oso pozik nago", adierazi du Valverdek berak. Azken urtean "gauza polit" asko gertatu zaizkiola esan, eta hurrengoa zer izango ote den jakiteko irrikan dagoela aitortu du.
"Atzo berriro entzun nuen diskoa osorik akats bila, eta ez nuen batere aurkitu", esan du txantxetan musikariak, 60ko hamarkadaren amaierako lehen single-tatik hasi eta 2020an pandemia betean Elkarreko estudioetan grabatutako azken diskora arteko piezak biltzen dituen lanaren inguruan. "Atzera begira hasiz gero, lehenengo abestietan ahots ederra nuela pentsatzen dut, eta, pixkanaka, aldatuz joan dela, ez okerragora, ordea", azaldu du. Bere iritziz, urteetako esperientziak aldaketa hori disimulatzeko "trikimailuak" ikasteko aukera eman omen dio: "Mikrofonoa ongi erabiltzen jakitea funtsezkoa da. Gaztetan ez nuen horren premiarik, baina orain ongi aztertzen dut zein distantziara ipini”.
Diktaduratik pandemiara
Antologiaren azala bere aitaren margolan bat da, musikariak Utsa izeneko bere lehen EPa kaleratu aurretik ateratako singlean erabili zuena. 1969ko kontuak dira horiek, ostegun honetan hura hil zeneko 50 urte bete diren Franco hil baino sei urte lehenagokoak. "Garai zailak ziren. Zentsura handia zegoen eta tranpetan aritzen ginen hura saihesteko; nolanahi ere, guk nahi genuen guztia ezinezkoa izaten zen, eta galbahetik pasa behar. Hura hil eta hurrengo bizpahiru urteak ere latzak izan ziren ", aipatu du.
Jituren esanetan, donostiarraren "maitasun printzipala" pianoa izan da beti, gitarrarekin batera, eta horietatik abiatuta hamaika poema musikatu ditu, bai bakarka, bai hasierako urteetan Xabier Lete lagun zuela, bai eta bi urtez partaide izan zen Oskarbi taldean ere. Mende erdi baino gehiagoko ibilbide oparoan, guztira hamar disko argitaratu ditu Valverdek, eta horien artean 1975eko Lauaxeta nabarmendu behar. Kantagintzari bolada batez utzi eta familiako arte grafikoen tailerrean aritzea erabaki zuen unean etorri zitzaion disko gogoangarri haren arrakasta.
"Bertsoak eta olerkiak oso garrantzitsuak izan dira bere diskografian. Sarritan erabili izan du poesia bere abestiak osatzeko. Antologia ere bi mundu horietan murgildu da", azaldu du Jituk. Nahasketak Victor Sanchezek egin ditu, eta lana borobiltzeko, Angel Lertxundik Valverderen diskografia osoarekin eta hautatutako 35 kantuen letrekin idatzitako liburua ere gehitu diote.
Valverdek berak aitortu duenez, gogoan omen du pieza horietako bakoitza noiz idatzi zuen, eta bereziki maite omen ditu aldez aurretik aipatutako Lauaxetan argitaratutakoak, poeta bizkaitarraren “ikuspuntu guztiak” presente daudelako disko horretan. “Haietako bakoitzak ekarri zuen estudioko lana ere ondo gogoan daukat; esate baterako, azkena izan zen Gaua. Ausentziaren itzala, pandemiaren ondorioz bizpahiru egunetan korrika eta presaka egin behar izan genuelako”, gaineratu du.
Antton Valverderen Antologia salgai dago jada, eta datorren hilean presentzia nabarmena izango du aurtengo Durangoko Azokan.