Karmele Jaioren hiztegi libre eta emozionala
Idazle gasteiztarrak ‘Harrizko bihotzak’ liburua kaleratu du, sentimenduen eta hausnarketen alfabeto propioa.
Karmele Jaio idazle arabarra NOTICIAS DE GIPUZKOAKO kolaboratzaile ere badugu, eta bere hamaika sentimendu hiztegi formatuan kaleratu ditu. Hori da, hein batean, Harrizko bihotzak liburua, Atik Zra aforismo, hausnarketa, oroitzapen eta emozioak zerrendatzen dituen obra. Horregatik azpititulatzen da Taupaden alfabeto bat, bihotzeko bulkadak izendatu dituelako bertan autoreak.
Harrizko bihotzak gaur aurkeztu dute, asteazkenarekin, Donostiako Parte Zaharreko Elkar dendan. Jaiorekin batera izan da Xabier Mendiguren, argitaletxeko editorea. Hark gogora ekarri duenez, beste diziplina literarioetan sartu-irtenak egin baditu ere, nagusiki nobelen edo ipuinen idazlea izan da beti gasteiztarra, “narratzailea, istorio kontalaria”, beraz. “Liburu hau ez da ez ipuin, ez nobela... ez dakit oso ondo zer den”, broma egin du Mendigurenek. Jaioren argitaratutako lehen liburutik 21 urte bete direnean, “nahi zuena idazteko eskubidea” irabazi duela onartu dio editoreak.
Obra horretan familiak pisu handia duela azpimarratu du Jaiok, liburuaren izenburutik bertatik hasita, bere amonak esaten zuen ideia batekin bataiatu baitu emaria. “Amonak esaten zuen hobe zela bizitza honetan harrizko bihotz bat izan, gehiegi ez sentitzeko, zauri eta minetatik babestuagoak egoteko”, kontatu du. Amonak zioenari jarraiki, askotan pentsatu izan du Maitasun kapitalaren egileak, hobe zela horrelako bihotz gogor bat eduki, “baina ezinezkoa izan da”.
Hain zuzen ere, eta izenburuak dioenaren kontrako bidetik, ikusten dituen gauzek edo bizitzen dituen egoerek sortutako emozioek, idaztera eraman izan dute beti. Horietako askoren laburbilduma da aurkeztu duen alfabetoa.
‘Idatzi’
“Hitzak izan dira emozioak idatzi bihurtzeko tresna. Lagunak izan dira batzuetan, arerio besteetan, baina beti izan dira tresna. Nolabait liburu honetan protagonismoa eman nahi izan diet”, azaldu du idazleak. Kontzeptu bakoitzak hiztegiko definizioa dakar eta, gero dator, Jaioren aforismo, hausnarketa edo pasartea. Froga bat egin aldera, hemen Idatzi aditzari buruz idatzi duena: “Hemingwayk zioen bezala, idaztea erraza da. Idazmakina baten aurrean eseri eta odoletan hastea besterik ez duzu egin behar”.
Askotarikoak dira hitzak eta testuak, batzuk laburragoak besteak baino; beste batzuk, aldiz, sakonagoak dira; umorezko idatzirik ere egon badago. “Idazle baten koadernoan topa daitezkeen testuak dira”, apunteak, oroitzapenak, hausnarketak, beste lekuren batean argitaratutako iritzi testu moldatuak, poema testu batzuk prosara ekarriak... Horietako zenbait urteetan idatzitakoak badira ere, gehienak liburu honetarako propio sortutakoak dira.
Froga bat egin aldera, hemen Idatzi aditzari buruz idatzi duena: “Hemingwayk zioen bezala, idaztea erraza da. Idazmakina baten aurrean eseri eta odoletan hastea besterik ez duzu egin behar”.
Hiztegi forma ematearena ere luze pentsatutako zerbait izan da. Izatez, autorearen ustez kontzeptu baten adiera hiztegian bilatzen denean bezala, “idaztean ere” gauza bera egiten omen dute autoreek: “Ulertzen ez dugun errealitate bat edo definizio baten bila joan ohi gara”. Halere, argi utzi du, “errealitatea definitzeko anbizio horretan” erantzunak baino, askotan galdera gehiago topatzen dituztela. “Bilaketa ere bada idaztea”, ondorioztatu du.
Temas
Más en Cultura
-
'Retrato de Elisabeth Lederer', de Klimt, se convierte en la obra de arte moderno más cara subastada
-
Durangoko Azoka celebra 60 años con más de 1.000 novedades y dos nuevos espacios
-
La magia y el ilusionismo volverán al Victoria Eugenia del próximo 3 al 6 de enero
-
Donostia acogerá el 30 aniversario de la Asociación de Escuelas de Música y Danza del País Vasco
