Síguenos en redes sociales:

‘Bidasoatik Harago’, musika eta hitzak uztartzen dituen ikuskizuna

Xabi Solanok eta Jon Garmendiak bost emanaldi eskainiko dituzte urria eta azaroa bitartean

‘Bidasoatik Harago’, musika eta hitzak uztartzen dituen ikuskizunaGaizka Peñafiel

Hitzak eta musika eskutik joango dira Xabi Solano eta Jon Garmendiak aurkeztu duten ikuskizun berrian. Musikaria eta idazlea, elkarrekin hiru hamarkadatik gorako ibilbidea eginda, proposamen hurbil bezain xumearekin itzuli dira agertokietara: Bidasoatik Harago. Bakoitzaren gaitasunak baliatuta publikoarengana heltzen saiatuko dira, abentura, amets, herri, kultura, historia eta maitasunaz. Antzoki txikietan egiteko asmoa duten emanaldi hauetan gitarra, trikitia eta ahotsa izango dira osagai nagusiak, azken hori ipuinen hari gidari arituko delarik.

Elkarlaneko ibilbidea Etzakit taldean hasi eta Esne Beltzan jarraitu zuten, urteetan Euskal Herriko plaza ugaritako giroa alaituz. Etapa berri honetan, ordea, helburua publikoa hunkitzea izango da, formatu txikiago batean, antzoki eta areto txikietan, non ipuin, poema eta idazki laburrak gitarra, trikitia eta ahotsarekin uztartuko diren.

Oraingoz, lan berria bost herritan ikus ahal izango da. Hernanin estreinatu ondoren, Bizkaia, Araba eta Zuberoatik ere pasako da, Getxo, Bilbo, Gasteiz eta Atharratzen eskainiko dituzten emanaldiekin.

Lehen emanaldiak:

  • Hernani – Biteri Kultur Elkartea, urriak 23, 19:00
  • Getxo – Muxikebarri – Arrigunaga Aretoa, azaroak 7, 20:00
  • Bilbo – Arriaga Antzokia, azaroak 18, 19:30
  • Atharratze – Prefosta, azaroak 22, 21:00
  • Gasteiz – Izaskun Arrue Kultura Espazioa, azaroak 30, 19:30


Kartela

Ikuskizunari laguntzen dion irudiak Ainara Azpiazu “Axpi” eta Maitane Gartziandia euskal sortzaileen sinadurak daramatza, diseinu grafikoan eta ilustrazioan ibilbide oparoa dutenak biak ala biak. Axpik egin du ilustrazioa eta Maitanek diseinua, estilo pertsonala eta euskal kulturarekin zein egungo egoerarekin estuki lotua borobilduz.

Bidasoatik Harago ikuskizunaren kartela.

Kartelean Bidasoatik Urumeara jauzi egiten duen izokin bat ikusten da, sortzaileentzat esanahiz betetako ikurra. “Ibaiondo hauetan garrantzi handiko izakia da. Nik asko maite dut, berezia da niretzat, euskal kulturaren iturri bat. Irudian, izokina bere jatorrizko lekura itzultzen da, kantu eta hitz hauen atzean dauden artistak bezalaxe”, azaldu du Axpik.