2023an, bere lehen semearen jaiotzarekin batera, Jon Plazaolak Tu-tum, Platz! bakarrizketa estreinatu zuen. Bi urte eta 100tik gora emanaldi eskaini eta gero, gaurtik aurrera agur esango dio ikuskizunari, Donostiako Antzoki Zaharrean. Aitatasunak gero eta pisu handiagoa hartu du bere azken monologoan halabeharrez. Seme bat edukitzea barre egiteko material paregabea dela uste du umoregileak eta bere hurrengo stand-up formatuko proiektuan ere, aita edo ama izatearen komeriek nahikoa pisu izango omen dute.
‘Tu-tum, Platz!’ bakarrizketaren bira amaieraren atarian gaude. Bi urtez ibili zara lan horrekin, agertokiz agertoki. Nola bizi izan duzu?
Tu-tum, Platz! 2023ko maiatzaren 5ean estreinatu nuen eta nire semea, Teo, hiru egun aurretik jaio zen. Beraz, ospitalean hiru gau emanda, Teo estreinakoz etxera eraman eta hiru bat ordura, Tolosako Leidorrera joan behar izan nuen, bakarrizketaren lehen emanaldia nuelako. Oso intentsua izan zen, baita gogorra ere. Leidor leporaino beteta zegoen eta, egia da, oso ondo atera zen. Hortik aurrera, bi urtetan zehar 100 emanalditik gora egin ditut. Oso pozik nago Tu-tum, Platz!-en ibilbidearekin, egia esan.
Aitatasunak zertan eragin zaitu?
Aitatasuna guztiz eraman dut bakarrizketara. Bira hasi nuenean, lehen egun hartan, aitatasunaren zatiak saio guztiaren zipriztin txiki bat baino ez ziren, baina denbora pasa ahala, bakarrizketan hedatzen joan da, geroz eta leku gehiago hartuz. Tu-tum, Platz! eta aitatasuna, derrigorrez uztartu beharreko kontuak izan ziren. Nire aitatasun bajari dagokionean, esate baterako, bagenekien gure familia egoerari erreparatuta, ondo zetorkigula nik soilik asteburuetan lan egitea, astean zehar Teo eta nire bikotearekin egoteko denbora sobera izateko. Aitatasuna eta komedia, beraz, eskutik helduta joan dira bi urte hauetan.
Ondorioz, aitatasuna komedia egiteko bide ona da.
Uste dut aprobetxatu egin behar dudala aitatasunak eta Teok berak, egunero-egunero, ematen didaten komediarako material hori guztia. Komediarako, eta pixka bat dramarako ere, ematen dute (barre egin du). Nire hurrengo bakarrizketan ere leku handia izango du aitatasunak.
Antzoki Zaharrean gaur, bihar eta igandean eskainiko dituzu saioak. Beste kasu batzuetan egin duzun legez, izango al da bakarrizketa hasi baino lehen oholtzara igoko den gonbidaturik?
Bai, gaur, esaterako, Antiguako Jon Martínez Txikik irekiko du saioa. Oso pertsona berezia da niretzat, ia-ia elkarrekin hasi ginen bakarrizketetan, orain dela 25 urte, stand-up formatu hori oso ondo zer zen ez genekien garai haietan. Kariño berezia diot eta bere parte-hartzea plazera da niretzat. Bihar, aldiz, Ana Goitia Anatxuchic izango da. Komedia munduan topera sartu den pertsona da, estilo oso berezikoa. Igandean, Mirari Martiarena izango da, azaroan Antzoki Zaharrean egin genuen saioan bezalaxe. Mirari ere laguna dut aspaldi-aspalditik eta biraren itxiera berarekin egin nahi nuen. Oso ibilbide polita egiten ari da komedian eta hark ere oso estilo berezia dauka. Ni barrez lehertzen naiz berarekin, punta-puntan dagoen umoregilea da.
25 urtez agertokiz agertoki ‘stand-up’ formatua ondu ondoren, zertan aldatu da Jon Plazaola umoregilea?
Esperientziak batzea ezinbestekoa da umorea egiteko eta nork bere umorea zorrozteko. Txisteak eta umorea bizipen propioetatik etortzen dira askotan, orduan, gero eta gehiago bizi, orduan eta material gehiago izango dugu. Logika hutsa da, baita egia borobila ere. Urteen pasaeran nire komedia gehien aberastu izan dutenak bizipenak izan dira. Gainera, urteen poderioz, aiurria aldatu egiten zaizu. Ez dauzkat 18-20 urte, komediante hasi nintzenean bezala. 43 ditut, jada, eta behin baino gehiagotan sentitu ohi dut beste zenbait gauza bizitzeko presa ere. Presa horretan, Atik Bra ahalik eta azkarren joan nahi duzun horretan, bidean molestatzen zaituen hori askoz errazago uzten duzu albo batean. Tontokeriak zokoratu eta praktikotasunaren alde egiteak, agian nortasun garratzagoa izatea ekartzen digu, ozpin puntu bat, gehiegizkoa izan gabe, noski. Horrek gure umorea zorroztu egiten du, pozoi punttu batekin. Aurrera egin ahala, zenbait gauza esateko baimen zabalagoa edo izaten dugu, hasiberritan baino.
Hainbeste ordu eta tokitan komedia landu ondoren, geratzen al zaizu fokuetatik kanpo txisteak egiteko gogorik?
Publikoaren araberakoa izaten da hori. Eremu batzuetan seriotzat hartzen naute eta nik neronek ez daukat nire burua bereziki seriotzat. Ni ez naiz ibiltzen denbora guztian txistea bilatzen. Nire anaiari galdetuko bazenio, aldiz, ez lizuke esango pertsona serioa naizenik. Anaia niretzat publiko ona da eta motibatu egiten nau. Berarekin nagoenean pailazoarena egitea errazagoa gertatzen zait. Amaginarrebarekin nagoenean, berriz, ez, umorea ez baita bere fuertea. Zertarako pailazoarena egin gero ezer jasoko ez badut? (barre egiten du). Momentu bakoitza identifikatzen ikasi behar dugu. Lan giroan, esaterako, oso pertsona serioa naiz eta saiatzen naiz pertsona zentratua izaten eta identifikatzen zein momentu den txistea botatzeko momentua, eta zein lanean serio eta buru-belarri aritzeko momentua. Egoeraren arabera egokitzen jakitea da gakoa.
Nola ikusten duzu komediaren osasuna gaur egun? Umorearen mugez asko hitz egiten da…
Esango nuke, hasi bai, egiten garela umorearen mugez hitz egiten, baina ez dugula behar bezala jarraitzen. Azken urteetan sarritan egiten digute galdera hori. Ez zait oso seinale ona iruditzen. Umoreari hainbeste muga ikusten badizkiogu, horrek esan nahi baitu, nolabait, giltzapean daukagula. Umorearen mugez hitz egiten hasten garela diot, inoiz ez dugulako aukerarik horren inguruan eztabaida sakon bat izateko. Zentzu horretan, jendeari helarazten diogun mezua oso azalekoa dela iruditzen zait. Umoreak ez du askea izan behar, umorea berez da askea eta, horregatik du halako botere. Eta botere handia daukanez, mugak jartzen saiatzen dira, jendearen kontzientziak alda ez ditzan, edo jendearengan galderak eta jakin-mina piztu ez ditzan. Barreak mundua aldatzeko ahalmena duenez, mugak jarri nahi zaizkio, eta ez dut uste eduki beharko lituzkeenik.
Kritika egiteko beste modu bat ere bada komedia.
Baten batek kontzeptu bat azaldu nahiko balizu, nola nahiko zenuke hori jaso, errieta batekin ala txiste baten bidez? Komediak hori du, kode erakargarria da, hartzailearentzat atsegina eta gauzak aldatzeko boterea dauka.
Bakarrizketaz harago, Aitziber Garmendiarekin ere bazabiltza ‘Arizona’ antzezlanean.
Ekainaren 6an egin genuen uda aurreko azken emanaldia, Zarautzen. Topera itzuliko gara, Donostiako Antzoki Zaharrera, hain zuzen, irailaren 8tik 14ra arte. Zazpi emanaldi eskainiko ditugu, lehenengo hiruak gazteleraz eta, gero, beste laurak euskaraz. Hortik aurrera Euskal Herrian zehar jarraituko du Arizonaren birak.
Errodajean zabiltza bete-betean. Fikziora itzuli zara?
Etb-2 katean uztailaren 7an estreinatuko den programa bat izango da. Ez da fikzioa. Estamos rodando deitzen da saioa. Euskal Herrian azken aldian egin diren hainbat pelikula eta telesailen lokalizazioak bisitatu ditugu; gainera, zinearen aitzakia horrekin, inguruko beste zenbait txoko interesgarri ere erakutsiko ditugu.