Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Frankofoniaren Mundu Erakundearen (OIF) nazioarteko kongresu batean parte hartu du, Quebecen, 90 herrialde inguruko ordezkarien laguntzarekin. Topaketaren helburua da herrialde kideen kultura-politiketan alderdi komunak jorratzea eta baterako ibilbide-orria definitzea. Esparru horretan, Bengoetxeak euskal kultura-eredua aurkeztu du, eta azpimarratu du “digitalizazioa aukera bat dela kultura-aniztasunak adierazpide berriak esploratzeko”.
Biltzarraren lehen mahai-inguruan, aro digitaleko kultura-aniztasuna ardatz hartuta, lehendakariordeak Eusko Jaurlaritzak eremu digitalean euskararen eta euskal kulturaren presentzia bultzatzeko duen estrategia zehaztu du. “Belaunaldi berrientzat, Interneten ez dagoena, besterik gabe ez da existitzen”, adierazi du. Ildo horretan, hainbat ekimen jarri ditu adibide gisa: Kulturklik ataria, Euskadiko kultura-agenda jasotzen duena; Euskariana, Europeanari lotutako euskal kultura-edukia duen plataforma digitala; eta kalitatezko ikus-entzunezko edukiak sortzearen aldeko apustua.
Herrialde frankofonoetako kultura ministroen aurrean, Bengoetxeak defendatu du digitalizazioak kultura-aniztasuna adierazteko bide berriak irekitzeaz gain, herritarrek kultura-ondarea kontserbatzea eta eskuratzea ere errazten duela.
Era berean, hedabideei ingurune digitalerako trantsizioan laguntzeko beharra azpimarratu du, eta honako hau adierazi du: “egiaztatu da herritarrengandik hurbil dauden hedabideen ekosistema batek gizartea informatuago, pentsamendu kritikoarekin eta balio demokratikoetan errotuta dagoela laguntzen duela”.
Frankofoniaren Nazioarteko Biltzarra
Frankofoniaren Nazioarteko Erakundeak (OIF) kongresu bat antolatzen du bi urtean behin, mundu osoko herrialdeek parte hartzen duten kultura-politiken arloko esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko. Aurtengo edizioa Quebecen da, maiatzaren 22tik 24ra, eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea gonbidatu berezi gisa egon da, frantsesez hitz egiten duten herrialdeekin kultura-harremanak ezartzeko duen interesagatik, Etxepare Euskal Institutuak “Ça colle au basque” ekimena abian jarri ondoren.
Nazioarteko Konferentzian, gune frankofonoko kultura- eta sormen-industriekin zerikusia duten funtsezko gaiak jorratzen ari dira: kultura-industriak hazkunde ekonomikoaren eta gizarte-kohesioaren eragile gisa, kultura ingurune digitalean eta kultura-trukeak.
“Ça colle au basque” frankofoniari irekitako proiektua
“Ça colle au basque”, burutik kendu ezin duzun zerbait deskribatzeko esamolde herrikoia, Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako proiektuaren izena da. Proiektu horrek lurraldetasuna gainditu nahi du, unibertso frankofono batekin harremanak sendotzeko. Bost kontinenteetan zehar hedatzen den unibertsoa, 321 milioi pertsona biltzen dituena. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Etxepareren bitartez, euskal kulturaren proiekzioa indartu nahi du, frantsesa hitz egiten duten lurralde horietan duen presentzia, ezagutza eta eragina indartuz.
Proiektu honen esparruan (“Ça colle au basque”) euskarazko lanak frantsesera itzultzeko laguntza-lerro bat deitu da, lurralde frankofonoek nor garen jakiteko leiho bat gehiago izan dezaten. Euskadik Frankofoniaren Mundu Erakundearen Kongresuan parte hartzea eredugarria da munduan aliantzak zabaltzeko.