Ikuskizun berrian euskararen historia musikarekin errepasatuko du Oskarbik
Maiatzaren 21 Tolosako Topic-en estreinatuko dute kantak eta errezitatiboak uztartzen dituen lana
Ikuskizun berrian erromatar garaietatik XXI. mendera arteko euskararen historia errepasatuko duOskarbi taldeak musika eta narrazioaren bitartez. Lizardi Elkarteak antolatuta, maiatzaren 21ean, Tolosako Topic museoan ikusi eta entzun ahal izango da Euskara Donemiliagatik Gurera. Handik bi egunera, Irungo Amaia aretora eramango du Oskarbik ikuskizuna. Oskarbiren kanten artean, Jon AizpuruaEuskadi Irratiko kazetari ohiak, euskararen historiaren berri emango du, mendez mende, berak prestatutako gidoian oinarrituta.
Euskaraldiaren bihotz bihotzean jaioko den proiektuaz harago, 2026an 60 urte beteko dituen taldea disko berri bat prestatzen dabil buru-belarri. Erdia edo, jada, grabatuta dutenez, bai Tolosan, baita Irunen ere, disko berriaren laginak eskainiko dituzte.
Taldearen sortzaileetariko bat izan zen Joxe Luis Trekuk Oskarbirekin jarraitzen du oraindik ere. “Kantuaren bitartez euskararen historia idatziaren laburpen bat eskainiko dugu”, azaldu du Trekuk, gure egunkariarekin izandako solasaldian.
Euskarazko hitzak biltzen
Erromatar garaitik kontserbatzen diren lehen hitzekin hasiko da kontakizuna, hau da, hilarrietan idatzi ziren hitz haiekin. Ondoren, Arabar Errioxan X eta XI. mendearen inguruan idatzitako Donemiliagako glosetan pausatuko da ikuskizuna, hain zuzen ere, bertan jasotako euskarazko bi esaldirekin, “jçioqui dugu” eta “guec ajutu eç dugu”, abestia konposatu baitu Oskarbik.
Ibilbidearekin jarraituz, XV. mendean Garibaik bildutako Lasturko Milia bertsoa kantatzeari ekingo dio Oskarbik. 1539.urtean argitaratutako La Celestinan jaso zen Perutxoaren kantua. Etxeparek ere, nola ez ba, izango du bere tartea kantaldian, haren abesti birekin.
Behin XX. mendera iritsitakoan, Gerra Zibila bihurtuko da gidalerro nagusi. Haren aurreko Lizardiren abestiren bat jo eta abestuko dute, eta haren osteko euskal kantagintzaren “pizkundean” jarriko dute gero begirada, 60ko hamarkadan, alegia, Oskarbi bera eta Ez Dok Amairu sortu zirenean. Garai horretako Gandiagaren bi poesia kantatuko dituzte, baita Joxean Artzeren beste bat ere. “Hori izango da euskararen historiaren laburpena”, dio Trekuk, eta jarraian gaineratu duenez, prestatzen ari diren albumaren abesti pare bat ere interpretatuko omen dituzte aurrerapen modura.
Tolosako eta Irungo saio bi horien ondoren, udazken aldera, Hondarribian, Oiartzunen eta Gasteizen jotzekotan omen dira, kontzertuak oraindik erabat itxita ez dituzten arren.
Disko berria
“60 urtez Oskarbik haria jarraitu izan du, beti euskaraz kantatuz, kanta berriak sortuz eta euskal musika herrikoiaren kantuak plazaratuz”, esan du Trekuk. Jatorrizko taldetik, hiru kide besterik ez daude aktibo: Iñaki Maritxalar, Maite Aizkorreta eta Treku bera. Beste lau taldekideak “oso gazteak” dira, “belaunaldi” berri baten erakusleiho. Beraz, “erreleboa” egon badago Oskarbin.
Disko berria hizpide hartuta, dagoeneko ba omen dituzte sei pieza grabatuta, zehazki zenbat egingo dituzten argi ez badute ere. Hamar abestiz gorako albuma izatea nahiko lukete, baina. Horien artean, eta Gipuzkoaren milurtekoa ospatzen ari garela aintzat hartuta, buruan omen darabilte gure herrialdeari abestiren bat eskaintzeko ideia. Nolanahi ere, lan berriak ez du, oraingoz, izenbururik; iritsiko da hori ere.