Síguenos en redes sociales:

Laburbirak aurrestreinaldia eskainiko du martxoaren 6an, San Telmon

Euskarazko film laburren XXII. zirkuituak, martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean, Euskal Herriko 50 udalherrietan egingo du geldialdia.

Laburbirak aurrestreinaldia eskainiko du martxoaren 6an, San TelmonN.G.

Laburbirak, euskarazko film laburren XXII. zirkuituak, aurrestreinaldia eskainiko du martxoaren 6an, ostegunarekin, Donostiako San Telmo Museoan, Primeran plataforma eta Taupa euskaltzaleen mugimenduaren laguntzarekin. Laburbiraren antolatzaileek ohar batean jakitera eman dutenez, zirkuitua martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean izango da, Euskal Herriko 50 herritan antolatutako emanaldietan. Aurrez, ostegun honetan eta 18.00etan hasita, 22. edizioko bilduma emango da San Telmo Museoan, EITBko Primeran streaming plataformari eta Taupada mugimenduari esker.

Antolakuntzak gogorarazi duenez, Laburbirak bi helburu nagusi ditu: "Euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik".

Aurtengo ediziora 35 film labur aurkeztu dira eta horietatik, zortzi hautatu dira. Guztira, 97 minututako film-labur sorta osatu dute, "ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz". Zentzu horretan, "denetariko lanak" aurki daitezkeela gehitu dute, "eduki zein estiloz". Gainera, hautatutakoen artean zenbait lan saritu ere badirela azaldu dute.

Zortzi film labur

Alba Lozanoren Utländskobra da saritutako lan horietako bat. Uhezinema jaialdiko sari nagusia irabazi zuen Lozanok film-labur honengatik. Bertan, sei urtez Suedian bizi ondoren eta arazo ekonomikoak medio, Oiartzunera itzultzen den gazte baten istorioa kontatzen du.

Goya sarietan izendapena lortutakorik ere bada Laburbiraren bildumaren baitan. Ekain Irigoienen Europa-k ez zuen azken faserako paserik lortu, bai ordea,Eneko Sagardoyren Betiko gaua-k. Halere, Akademiak Lluís Quílezen La gran obra saritzea adostu zuten.

Ekain Martinez de Lizarduy donostiarraren Prosopagnosia ere eskainiko du Laburbirak. Itziar Ituño da filmaren protagonista eta bertan Martinezek identitatearen inguruko hausnarketa bultzatu nahi du. Sonia Estévezen Plazer bat-i dagokionez, Bilboko Zinebi jaialdian lehiatu zen animaziozko film-laburra da. Karmele Mitxelena eta Alaia Martinen Pentsatzen dut lanak, Jone Arriolaren Hor konpon filmak eta Nerea Ayala, Patricia Fañarás, David Modroño eta Iraia Yartoren Goodbay Kepler fikzioak ixten dute XXII. Laburbira.