Guztira 30.000 lagun bildu zituen Zetak-ek iragan ostiral eta larunbatean Iruñeko Nafarroa Arenan. Pello Reparazen taldeak bertan iragarri zuen Aaztiyen diskoaren bueltan sortutako Mitoaroa ikuskizuna irailaren 6an iritsiko dela Donostiako Illunbera. Gaur, asteartearekin, goizeko 10.00etan jarri dira salgai sarrerak eta berehala iritsi da uholdea. Minutu eskasetan amaitu dira txartelak eta beste data bat iragarri dute: irailaren 5a. Horrentzako sarrerak ere aise agortu direnez hirugarren hitzordu baterako deia egin du Zetak-ek. Irailaren 7an ere Illunben izango dira.

Iruñeko arrakastaren ostean, hiru kontzertu antolatu dituzue Donostian. Horietako bientzako sarrerak ordu eskas batzuen bueltan agortu dira gaur, asteartearekin. Nola hartu duzu hau guztia?

–Iruñeko kontzertuen inguruko elkarrizketak egiten aritu naiz orain arte eta horietan guztietan esan dut denbora beharko dudala hau digeritzeko eta ulertzeko zer izan den eta nola. Illunbekoarekin gauza bera gertatzen ari zait. Gaur bertan jarri ditugu lehen kontzertu baterako sarrerak salgai eta, jada, hirugarrenaren planteamenduarekin gaude. Erokeria hutsa da, erokeria.

Hainbesteko erokeria izan da, jende uholdeak ‘ticketing’ sisteman ilara birtual luzeak sortu dituela...

Arazo tekniko asko izan ditugu... Eskaera oso-oso altua izan den horretan, gu talde independiente bat izanik, management bulego independene eta ticketing enpresa independiente batekin lan egiten duena, horrelako zerbait kudeatzea oso zaila egin zaigu. Txikia bada ere, zapore gazi-gozo bat geratu zaigu. Goxoa milaka eta milaka lagunen babesa lortu dugulako gaur ere. Baina gazi piska bat ere geratu zaigu, kudeaketa lanak zailak direlako eta zenbait jendek denbora luzez itxaron behar izan duelako ilara birtualean eta, kasuren batean, txartelik ez lortzeko gainera. Zaila da…

Iruñean gertatutako guztiz barneratu gabe etorri da Donostiako tsunamia. Honek, agian, egin beharreko hausnarketa lana zaildu egingo zizun.

–Bai. Egia da orain zela unea gure zalegoari gure hurrengo erronka zein zen azaltzeko. Egia da biak elkartu direla eta oraindik ere aurrekoa dijeritu gabe hurrengoan sartu garela. Espero dut datorren asteetan gertatzen ari den hau guztia ondo aztertzeko denbora izatea.

‘Mitoaroa’-k sortutako ikusmin handi honen zergatiaren zantzurik baduzu?

–Izan duen inpaktua guk espero baino handiagoa izan da, bene-benetan diot. Bistan da, Iruñean bildu ziren 30.000 pertsonez harago heldu dela. Oso poztekoa da. Zergatik gertatu den? Show-ean apostu ikaragarri handia egin dugu, baina horren atzetik obra bera dago, gure sormen intentzioa eta mezu bat baino gehiago zeuden Mitoaroan... Are sakonago begiratu ezkero, azken urteetan eta Aaztiyen diskoarekin artikulatu dudan diskurtsoan, askotan aipatu dut, globalizazioak berak lagunduko gaituela gurea, berezia eta bakarra den horri balioa ematen. Uste dut Mitoaroak horri ere arrazoia eman diola. Hori da inpaktu eta arrakasta horren atzean dagoena, euskara berarekin batera.

Euskal gizartea mezu horien gose zela uste duzu?

–Ez dakit horren gose zen baina, behintzat, horrekin bat egin du. Edo agian bai. Agian hori da irakurketa; nik, esan bezala, ez dut irakurketa egiteko astirik izan. Uste dut jendeak ulertu duela transmisio ariketa bat ere egiten ari garela. Tradizioaren eta abangoardiaren arteko uztarketa horretan, jendeak hori ere baloratu du, Zetak-en konpromiso politikoa baloratu duen modu berean.

Iruñeko saioak oso biralak egin ziren. Telebistan ere audientzia izugarria lortu zuen larunbateko kontzertuak. Horrek ere fenomenoa moduren batean edo bestean elikatuko zuen, ezta?

–Bai, dudarik gabe. Iruñean 30.000 lagunengana iritsi ginen baina harago joan da. Telebistaren aurrean 275.000 zale bildu ziren eta sare sozialetan izandako inpaktua ere oso handia izan da. Zenbaki horiek ulertzea oso zaila da guretzat. Ez naiz gai behintzat jende hori guztia haien etxetan imajinatzeko. Han egon ez zirenengan ikusmina eta proiektu honekin bat egiteko grina sortu ditu.

Donostiako kontzertu bakoitzak zenbateko edukiera izango du?

–Ez dago behin betiko inplantazioa eginda, halere, badakigu agertokia ez dela Illunben betiko moduan jarriko, beste inplantazio bat baitauka. Horrek, aukera emango digu Illunben, kontzertu bakoitzeko, 14.000 lagun inguru sartzeko.

Nolakoak izango dira kontzertuok? Iruñekoekin zerikusirik izango dute?

–Ezberdina izango da. Ezin duzu imajinatu lantaldearen sormen-motibiazioa momentu hauetan. Astakeria da. Jasotako bultzada guztiak gugan sustatu du horrelako sormen-grin bat eta show berria izango da Illunbekoa, dudarik gabe.

Topera zaudete, orduan.

–Topera dago lantalde guztia.

Iruñean ‘Begietara begira’ jo zenuten eta bertan Vendettako lagunak elkartu zineten. Topaketa horrek barrenak mugitu al dizkizu?

–Mugitu dizkit, bai. Mitoaroan gauza batekin nago harro, horrelakoak auto-omenaldi txiki gisa planteatu ditudala ere, nire disfruteaz pentsatzen. Askotan gertatu izan zait horrelako ekitaldi garrantzitsuetan, exijentzia tekniko eta performatibo handia izan duten momentuentan, oso adi egon naizela dena bere lekuan egon zedin eta, askotan, disfrutatzea ahaztu zaidala. Noski, Iruñeko Mitoaroak badu exijentzia tekniko eta performatibo oso altua, baina hainbat momentuan disfrutatzeko aukera izan nuen. Nire familia harmaila batean kokatu genuen eta horiei begira eta haiei begirada bat edo beste botatzeko aukera izan nuen, gauza ederra da hori; Vendettako lagunekin kantatzeko aukera izan nuen; Erramun Martikorenarekin aritzeko aukera ere izan nuen; Maixux Zugarramurdirekin gauza oso performatibo bat egiteko aukera izan genuen... Momentu horiek guztiek Iruñeako Mitoaroari asko eskaini diotela sinesten dut baina niri, pertsonalki, izugarrizko gozamena eta harrotasuna eman didate.

Vendettako kideen elkartze hori ikusita, nostalgikoren batek edo bestek, agian taldea itzuliko denaren ametsik izango du...

–(Barre egin du) Ez dut nik horrelakorik inon irakurri. Ni Zetak-en buru belarri nabil. Esan bezala, taldea topera dabil eta Iruñekoa abesti bat kantatzeko berriro elkartu den kuadrilla bat besterik ez da izan.